Azkena Rock jaialdiak aurrera darrai. Jaiak bigarren eguna du gaur, eta atzo bezala, kontzertu mordoa izango dira gaur ere Mendizabalako hiru agertokietan.
Ozzy Osbourne & Friends dira gaurko eguneko kartelburu. Bigarren urtez jarraian errepikatuko du aurten Black Sabatheko buruak, eta lagunekin kantuan arituko da Mendizabalan. Besteak beste, Geezer Butler Black Sabatheko sortzailea eta Zack Wilde gitarrista izango ditu lagun taula gainean.
Estatuko beste kontzertuak bertan behera utzi badituzte ere, Ozzy eta haren lagunak Gasteizen izango dira Black Sabathen errepertorioa jotzen. Emanaldiak Black Sabathek jaialdian eman beharreko kontzertua ordezkatuko du. Izan ere, taldea 33 urteren ostean berriro biltzekoa bazen ere, Tommy Iommi gitarristaren gaixotasuna dela eta —linfoma bat dauka— bertan behera utzi behar izan dituzte disko berriaren grabazioa eta bira.
Ozzy Osbourne & Friends-ekin batera, The Mars Volta, Black Label Society, Rich Robinson Band eta Danko Jones ere izango dira gaur.