Azoka plural eta gaztea

950 nobedade hartuko ditu Durangoko Azokaren 58. aldiak. 257 erakusmahai izango dira Landako gunean, eta 265 ekitaldi antolatuko dituzte. Abenduaren 6tik 10era egingo dute aurten.

Azoka osatzen duten gune guztietako ordezkariak, gaur goizean, Durangon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Azoka osatzen duten gune guztietako ordezkariak, gaur goizean, Durangon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Durango
2023ko azaroaren 22a
17:15
Entzun

«Azoka ederra dator, nobedade interesgarriekin eta ekitaldi sorta luze batekin». Pozik agertu da Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzailea Durangoko Azokaren egitarauaren aurkezpenean. Abenduaren 6tik 10era egingo dute 58. aldia, Fantasia DA! lelopean, eta «gaztea eta plurala» izango dela iragarri dute: «Askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango dira, eta inoiz baino jarduera gehiago egongo dira gazteek sortuak eta gazteentzako pentsatuak». Azoka osatzen duten gune guztietako ordezkariekin batera aurkeztu ditu Gerediaga elkarteak nondik norako guztiak. www.durangokoazoka.eus webgunean ere kontsultatu daiteke jada egitaraua, osorik. 

Zehaztu dutenez, 257 erakusmahai jarriko dituzte Landako gunean, eta 950 nobedade aurkeztuko dira denera: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 lan. Bereziki, komikiek eta ilustrazioek hartu duten indarra nabarmendu du Gaztelurrutiak: «Berrikuntza gisa, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko dugu pantailen bidez». Guztira, 265 kultur ekitaldi bilduko ditu programak.

Aurtengo aldia erabat presentziala izango da, eta, ondorioz, «itxi» egingo dute sareko ereduaren leihoa. Hala ere, «guztiz itxi barik» utziko dute: «Etorkizunean premiarik izanez gero, planteatuko dugu berriro ere aukera hori martxan jartzea». 10:30etik 20:00etara arte zabalduko ditu ateak Landako guneak egunero; igandean izan ezik: 18:00etan itxiko ditu ateak azokak azken egunean. Herritarrei garraio publikoan bertaratzeko deia egin die Gaztelurrutiak. Dena dela, Landako gunetik urrunen dauden aparkalekuetarako autobus zerbitzua ere jarriko du Gerediaga elkarteak. Orduerdiro egingo dute joan-etorria, doan.

Durangoko 58. Azokako spota. GEREDIAGA ELKARTEA.

Landako gunetik harago, baina, eskaintza zabala prestatu du Gerediaga elkarteak. Hona hemen, gunez guneko laburpena:

1

Talaia

Ordu erdiko aurkezpenak antolatzen ditu Gerediagak Talaia izeneko aterkipean. Zabalkunde lanetarako gune bat da, eta Landako guneko Areto Nagusian egingo dituzte emanaldi guztiak. 48 ekitaldi antolatu dituzte guztira, abenduaren 8an, 9an eta 10ean. Durangoko museoan ere egingo dituzte aurkezpen horietako batzuk. Gainera, Agustin Ibarrola artistari buruzko erakusketa bat jarriko dute ikusgai. Ibarrola hil osteko lehen erakusketa izango da.

2

Ahotsenea

Sortzaileen gunea da Ahotsenea, Miren Narbaiza musikari eta gunearen koordinatzaileak kontatu duenez, eta, aurreko aldietan bezala, adar bi izango ditu: literatura eta musika.

Plateruena kafe antzokian egingo dituzte musikariek zuzeneko aurkezpenak. 49 talde igoko dira agertokira beren lanak aurkeztera. Horien ia herenek, gainera, euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute. Hamazazpi taldek, hain zuzen ere. Honako hauek dira: Akaleia, Eider, Eire, Etxepe, Haira, Haize-arrosa, Ithaka, Kadira, Karma, Ke lepo, Lilo, Mamu, Muare, Nakar, TRB, Txopet eta Zatibi. Streaming bidez ere zabalduko dituzte saio horiek. Literatur solasaldiak, berriz, Bartolome Ertzilla musika eskolan egingo dituzte. 70 liburu aurkeztuko dituzte, denera.

3

Irudienea

Guztira, 30 emanalditik gora emango ditu Irudienea guneak, Durangoko Zugaza zinema aretoan. Besteak beste, filmak, dokumentalak, podcast emanaldiak, websailak, bideoklipak eta film laburrak. Horien artean, baina, emanaldi berezi batzuk nabarmendu nahi izan ditu Irati Agorria guneko koordinatzaileak: Izaro musikariaren bideoklip estreinaldia, Gure Zirkuaren dokumentala, Bidasoa dokumentalaren solasaldia eta Habana Glass film laburra. Urtero bezala, haurrentzako proiekzioak egingo dituzte eguerdiro.

4

Kabia

Eremu digitalean sortzen diren egitasmoak ezagutzeko eta horiekin esperimentatzeko plaza da Kabia. Abenduaren 6an eta 7an egingo dute, Areto Nagusian. Besteak beste, adimen artifiziala, software librea, digitalizazioa eta euskararen erabilera sustatzeko tresnak izango dituzte hizpide.

5

Saguganbara

Haurrentzako zein familientzako proiektuak hartzen ditu Saguganbarak. Bost egunez, askotariko proiektuak aurkeztuko dituzte, eta, eguerdietan, irakurketa librerako txokoa prestatuko dute bisitarientzat. Aurtengo Sormen Bekaren irabazlea ere gune horretan jakinaraziko dute, abenduaren 9an.

6

Szenatokia

San Agustin antzokia da Szenatokia gunearen egoitza. Antzerkia, dantza, bakarrizketak edota bestelako pieza laburrak ikusteko aukera izango da. Hamar taldek parte hartuko dute programan, eta horietako bakoitzak bi emanaldi egingo ditu egunean. Bertan taularatuko dute lehen aldiz iazko Sormen Bekaren emaitza, Eucalyptus. Abenduaren 8an izango da hori, eta Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia arituko dira oholtza gainean.

7

Belaunaldi berriak

Abenduaren 7an izango da ikasle goiza aurten, eta haientzako tailer sorta bat antolatu du Gerediaga elkarteak. Horrez gainera, abenduaren 8an Gazte Eztanda egingo dute, bigarrenez. Izan ere, belaunaldi berriak azokara erakartzea garrantzitsua da, Gaztelurrutiaren iritziz: «Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin».

8

DA! Pro

Abenduaren 6an abiatuko da Durangoko Azokaren 58. aldia. Aurrez, baina, DA! Pro topaketa egingo dute azaroaren 28an eta 29an. Familia ikuskizunen proposamenak plazaratuko dituzte lehenengo egunean: goiz osoz, beren proiektuak aurkeztuko dizkiete sortzaileek sektoreko teknikari eta profesionalei. Bizenta Mogel liburutegian egingo dute. Bigarren egunean, berriz, musika izango da ardatz nagusia. 09:00etatik 14:00etara, hamar minutuko aurkezpenak egin ahalko dituzte musikariek, zuzenean, sektoreko profesionalen aurrean. Plateruena kultur aterpean izango dira emanaldi horiek guztiak.

9

Zu non, han da!

Azoka amaitu osteko biharamunean abiatuko dute Zu non, han DA! programa. Euskal Herriko 88 liburu denda hartuko ditu azokaren oihartzunak. Nobedadeak jarriko dituzte erakusleihoetan, eta horietatik 27tan kultur saioak ere egingo dituzte.

10

Aurrekontua

Guztira, 715.000 euroko aurrekontua du azokak aurten. Erakunde publikoen laguntzak, babesle pribatuenak eta azokan erakusmahaia jartzen duten partaideen ekarpena kontuan hartuta ateratzen da kopuru hori: «Erakundeek %60a eman dute, babesle pribatuek %13a eta sarrera propioak %27ra iristen dira». Ekarpena egiten duten guztiei eman dizkiete eskerrak Gerediaga elkarteko ordezkariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.