47. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka

Azoka bakar bat osatuz

Flamenkoa eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizun baten aurrerapenarekin inauguratuko dute 47. Durangoko AzokaAzokak zazpi gune izango ditu, eta hainbat arlotako 300dik gora ekitaldi egingo dituzte

Durangoko Azokako guneak kudeatuko dituzten eragileek Bilbon egin zuten agerraldia, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
2003an Landako eraikina estreinatu zutenean, azokak goia jo zuela pentsatu zuten Gerediaga elkartekoek, Nerea Mujika lehendakariak onartu duenez. Berehala konturatu ziren ezetz. Euskal kulturaren sorkuntzaren oparotasunak gaina hartzen ziela lau pareta haiei. Urteen joan-etorrian guneak abian jarriz joan dira, iaz zazpi areto antolatzeraino. Eta krisiak azokaren aurrekontua higatu duen arren, egiturazkoak diren apustuei eusteko eta ahal den neurrian indartzeko ahalegina egin dutela adierazi du Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendariak. Hainbat elkarterekin elkarlanean landu dute egitaraua. 300dik gora ekitaldi izango dira, orotara, gune horietan. Abenduaren 6tik 9ra egingo dute azoka.

Ijito kultura izango da 47. Durangoko Azokako kultura gonbidatua, eta haren erakustaldi batekin irekiko dute azoka. Abenduaren 6an egingo dute inaugurazio ekitaldia, 12:00etan, eta euskal kultura eta flamenkoa uztartuz hainbat sortzaileren artean onduriko ikuskizunaren aurrerapen bat emango dute. Besteak beste, Las Fanis eta Bien me sabe taldeek eta Arkaitz Estiballes eta Amets Arzallus bertsolariek parte hartuko dute. Ikuskizun osoa Plateruenan emango dute abenduaren 7an, 22:30ean.

Aurreiritzi eta uste okerren bidez kriminalizaturiko ijito herria eta hark landutako kultura ikusgarri egiteko xedez, hainbat ekinbide antolatu dituzte auzolanean Gerediagak eta Kale Dor Kayiko elkarteak. Hala, Emakume ijitoaren aldarria hitzaldia izango da abenduaren 7an. Halaber, erromintxelaren nondik norakoak aztertuko dituzte beste hitzaldi batean, abenduaren 9an. Ez dute zehaztu nortzuk izango diren hizlariak.

Oroitzak izenburupean, bi urtemuga gogoraraziko dituzte 47. Durangoko Azokan: Nafarroako konkistaren 500. urteurrena eta 36ko gerrako bonbardaketen 75. urteurrena. Hiru horien inguruko hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dituzte areto nagusian. Esaterako, Patxi Zabaletak Nafarroa: 500 hitzeko gutuna hitzaldia emango du abenduaren 7an. Eta Xabier Irujo Ametzagak eta Jon Irazabalek bonbardaketen testuinguru historikoan sakonduko dute, abenduaren 9an emango duten hitzaldian.

Orobat, euskarazko kulturgintzak hedabideetan duen oihartzunaz hausnartuko dute Goizalde Landabasok, Karmelo Landak eta Urtzi Urrutikoetxeak. Abenduaren 8an egingo dute mahai ingurua, eta Alberto Barandiaran izango da moderatzailea.

Ahotseneak ere egitarau joria izango du. 88 aurkezpen izango dira, orotara. 10:30ean irekiko dute, eta 22:00 arte, ordu erdiro izango dira literatura zein musika emanaldiak, abenduaren 6tik 9ra. Sortzaile konsagratuak zein hasi berriak igaroko dira karpapetik. «Bernardo Atxaga,Ramon Saizarbitoria nahiz debuta aurkeztera datorren talde gaztea», adierazi du Gotzon Barandiaran Ahotseneako arduradunak.

Irudieneak jauzi kualitatiboa emango du. Topaguneak eta Gerediagak kudeatuko dute, eta euskarazko film laburrez gain, bideoklipak ikusteko parada eskainiko dute. Abenduaren 7an, hiru dimentsioko hiru lan estreinatuko dituzte: Aiert Goenagaren Morritson eta Gartzia filma eta Goseren eta Keu Agirretxearen bideoklipak. Bide bat egina duten filmak ere erakutsiko dituzte, hala nola Bertsolari, Gazta zati bat, Barrura begiratzeko leihoak... Zuzendariekin solastatzeko aukera izango da. Landako barruan kokatuko dute Irudienea, autobusa txiki geratu baitzen iaz.

Sei2012 sari banaketa

Szenatokian, berriz, hiru eguneko antzerki maratoia izango da aurten. Euskal Herriko 12 taldek erakutsiko dituzte beren lanen laginak, goizez zein arratsaldez. San Agustin kulturgunean atonduko dute gunea, eta Ehazek kudeatuko du.

K@bia gunea hiru egunez irekiko dute, abenduaren 6tik 8ra. Gorka Julio, Maite Goñi, Joxe Rojas eta Imanol Epeldek kudeatuko dute. Besteak beste, ipuin kontalari inprobisatuak, hainbat aplikazioren aurkezpenak eta hitzaldiak izango dira. Euskarazko Wikipedia osatzeko, hainbat testu sareratuko dituzte. Halaber, Rojasek sustaturiko Sei2012 sari banaketa egingo dute, abenduaren 7an.

Berbarok zuzentzen duen haur literatura aretoak Saguganbara izena izango du aurrerantzean. Transmisioan egingo dute indarra aurten.

Horretaz gain, Plateruena kafe antzokia azokaren parte izango da ofizialki, aurrenekoz. Hala, azokari loturiko egitaraua abenduaren 1ean hasiko da,Willis Drummond eta Joseba Irazokiren kontzertuekin. Abenduaren 6an, Bizardunak-ek eta Vendettak joko dute; eta abenduaren 8an, Betagarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.