Katuajeak

Azukrea eta beldurra

Lorea Agirre.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Indarkeriaren definizio bakar eta bateratua egiteko asmoarekin aspaldi etsi zuen Nazio Batuen Erakundeak. Nola ba bestela, ekintza berbera batek edo besteak eginindarkeria hutsa edo askatasunaren aldeko ekintza izan baldin badaiteke. Hobe ur handitan ez sartu, eta lohietan ez ito. Indarkeria zer den eta terrorista nor den erabaki dadila unean uneko agintari politiko, militar edo ekonomikoen aliritzira. Zurea ez den beste herrialde batera armada bidali, lurraldea okupatu, baliabideez jabetu, zibilak ere hil, eta terroristetan terroristena tiroz akabatu eta haren gorpua itsasoan urperatzea agintzen duen agintari demokratikoak terrorismoa praktikatzen duela esatea ez ei da zuzena. Hain omen da okerra, armada, okupatu, jabetu, zibilak, terroristetan terroristena, akabatu, agintari, demokratiko eta terrorismoa hitzek komatxoak behar dituztela, baten edo bestearen definizioa osatzeko. Segun eta. Hori da dena. Non zauden, zer duzun jokoan eta ze indar duzun. Ez egotekotan ez dago ez erru konpartiturik, ez mea- culpa-rik, ezta partziala eta baina-z jositakoa autokritikarik ere. Gaiztoa eta erruduna beti da bat, eta zintzoa eta biktima beti bestea. Ez dago erraz griserako tarterik egiten.

Peter Handke idazle austriarra, Balkanetako gerra garaian Serbiaren aldeko jarrera agertu zuenetik, urte luzeetan isilik egon da. Berriki agertu da berriro paperetan, besteak beste, honako hau esateko: «Gaur egungo demokraziek euren mugetatik kanpo diktadurak bailiran jokatzeko eskubidea aitortzen diote euren buruei. Gaurko demokraziak, benetan, diktadura berriak dira, diktadura humanitarioak eta ekonomikoak: dagoen eta gauzarik hipokritena. Hipokresia bete-betean bizi gara, Lehen indarkeria hutsa zegoen indarrean. Orain, azukrez gozatutako indarkeria baten pean gaude, baina aurrekoa bezain bortitza da».

Diktadura ekonomikoa aipatu du. Eta jakin badakigu, eta Nazio Batuen Erakundeko kide denakere bat etor litezke, diktaduretan (zein diren diktadura eta zein ez, komatxo kontua bada ere) beldurra dela tresnarik eraginkorrena herritarrak altxa edota kontrako ekintzarik egin ez dezaten. Indar fisikoz eta armatuz barreiatzen da beldurra, hori zilegi egingo duen legeria zigortzailea bat lagun duela, lehenik eta behin. Indarkeria hutsa. Demokrazietan herritarren protestak saihesteko modua beste bat al den galdetu beharko genuke.

Bada pelikula bikain bat beldurraren gainean,berriki (Halloween gauean, alegia, Santu Guztien egunean, oraintsu arte) telebistan jarri dutena:M.Nigth Shyamalan zuzendariaren The Village. Gaurko Estatu Batuetan, basoz inguratuta, agerre batean isolatuta eta orain berrehun urteko bizikerarekin bizi den komunitate baten istorioa kontatzen du. Herritarrek gauero entzuten dituzte basoan dabiltzan piztien ulu eta zalapartak. Piztia haragijaleak direnez okela botatzen diete eraso ez ditzaten, baina, piztiak tarteka herrira sartzen dira direnak eta ez direnak izutzera, eta inoiz, baita norbait hiltzera ere, ume eriren bat, edo zakurren batzuk. Beldurrez bizi den giza talde bat da, ez-jakintasunean itota. Gutxiago daki jakin gauez etxeetako ateak eta leihoak kolpatzen dituzten piztiak komunitateko agintari mamuz mozorrotuak direla.

Zuzendariak Estatu Batuen gaurko gizartearen metafora bat egin nahi izan zuela azaldu izan du. Beldurraren demokrazia, edo hobeto beldurraren diktadura, edo nahiago bada demokraziaren beldurra edo diktaduraren beldurra. Jarri ditzala komatxoak norberak uste duen tokian. Beldurrak agintzen du gaur egun demokrazietan ere. Beldurraren erabilerak kontrolatzen du jendearen bizimodua. Zerri edo hegazti birus pandemia baten mehatxu mozorropean, azken urteetan ikusi dugunez. Birus horrek hanka edo ahorik baduen inork esaten ez digula, ez nondik datorren, ez zertara eta noiz arte. Izan ere, beldurrak ez-jakina izan behar du, ulertu ezin dugun zerbaiten itxura hartu behar du bere lana ondo beteko badu.

Gaur gaurko piztiak edo mamuak merkatua du izena. Dena da merkatuaren erruz, diruaren merkatuaren kulpaz. Merkatuaren krisia. Hark kenduko dizkigu lana eta ondasunak, txanpona lapurtu, lortu dugun ongizate apurra ebatsi eta zorretan utziko gaitu. Baina inork ez omen daki merkatuak nola funtzionatzen duen, inork ez daki nola mugitzen den, ezta azkenaldian hedabideetan behin eta berriro ageri diren ekonomia nobel adituek ere. Ekonomia esoterismo hutsa bihurtu dela esaten digute. Birusak bezala, basoko piztiak bezala, zerbait ulergaitza, irrazionala dela, eta horregatik hobe izango dugula ez kexatu, ez sobera mugitu, ez murrizketak errefusatu, ez zorrak ordaindu gabe utzi, ez gure eskubideen defentsan kaleak sutan jarri. Egon gaitezen isilik, eta mutu, eta gor. Beldurtuta. Daukagun gutxiari helduta. Bestela okerrago izango da, beti izango da okerrago.

Merkatuaren mamuaren azpian nor dabil, baina. Zein agintari dabil mozorroa jantzita herritarrak beldurtzen, terrorea zabaltzen jendearen artean. Hori ez bada indarkeria, indarkeria ekonomikoa.Indarkeria fisikoa baino gozoago nahi bada, baina hura bezain bortitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.