Idatzi, ekoitzi eta zuzendu. Hori egiten zuen Samuel Fuller zinema zuzendari estatubatuarrak bere filmetan. Hasieratik bukaerarako lana. Gaur da haren jaiotzaren ehungarren urteurrena. Massachusettsen jaio zen, eta 1997an hil, Los Angelesen (AEB). Zinema beltzaren sustatzaileetako bat izan zen. Komunista, liberala, arrazista, antiarrazista eta erradikala. Denetarik entzun behar izan zuen. Polemika iturri izan zen hil zen momentura arte. Hark «eskuineko anarkista» zela esan zuen, hitz egiterakoan berezko zuen ironiaz.
Hainbat diziplinatan aritu zen. Besteak beste, idazketan, gidoigintzan, zuzendaritzan eta ekoizpenean lan egin zuen. Ezbeharren kazetari gisa hasi zen lanean hamazazpi urte zituenean New York Graphic aldizkarian; erailketen berri ematea zuen zeregin nagusi. Gerora adierazi zuenez, berri haiek lantzea esperientzia aberasgarria izan zitzaion pelikuletako eszenak grabatzeko. Orduan hasi zen polizia eleberri eta ipuinak idazten, eta beste zuzendari batzuen gidoiak egiten. Gerora, Bigarren Mundu Gerran soldadu joan zen Afrikara eta Europara. Guda amaituta, esan zuen gerra dela «gizateriari egindako irainik handiena», eta «oso bakezaletzat» jo zuen bere burua. Dena den, gudei lotutako obra mordoa egin zuen bere bizitza osoan.
Polemikaren zuzendaria
Egile polemikoa izan zen Fuller,eta horrek arazoak sortu zizkion agintearekin. Ustelkeria politikoari buruz hitz egin zuen maiz bere sorkuntza lanetan, eta gizarte arazoak lantzea zuen gustukoen. Landutako gaien zerrendak erakusten du bere kezka politikoa:arrazismoa, gizarte egiturak, kazetaritzaren ustelkeria, mendebaldeko faltsukeria...
Eskaintza bati esker izan zen zuzendari, kasik ausaz heldutako proposamen baten ondorioz. Robert Lippert film ekoizleak hiru pelikula egin nahi zituen, Fullerrek idatzitako gidoiekin. Baina Fullerrek ezetz esan zion; berak idatzitako gidoiak berak zuzenduko zituela. Era horretan hasi zen urteekin entzute handiko zuzendaria izan zenaren ibilbide profesionala.1949an I Shot Jesse James (Nik egin nion tiro Jesee Jamesi) lehenengo filma egin zuen; Jesse James bidelapurrari buruzko westerna. Ondoren beste hainbat western grabatuko zituen, baina Fuller ez zen genero bakarrean trabatu. 54 urtetan estilo askotako filmak ekoitzi zituen.
1951n egin zuen bere hirugarren lana The Steel Helmet (Metalezko kaskoa), eta horrekin jo zuen goia. Arrakasta gaiak eman zion. Zinemaren historian kasik landu ez den gaia landu zuen: Koreako gerra. The Steel Helmet-en diru gutxirekin gerraren miseria guztiak kontatu zituen zuzendariak, aurrekontu ezak garaiko gabeziak hobeki islatuko balitu bezala. Fuller historiako gerra zinemagilerik onena dela esan izan dute kritikariek, eta ezin da ezbaian jarri armadan pasatako urteek guda filmatzeko dohain berezia eman ziotela. Dena den, polemika beti egon da presente haren lanetan. AEBetan esan zuten komunistek finantzatzen zutela Koreako gerrari buruzko pelikula, eta beste kritikari batzuek, berriz, komunismoaren kontrako «eskuinaren fantasia» irudikatzen zuela salatu zuten. Hautsak harrotuta ere, diru kopuru handia lortu zuen hirugarren lanarekin, eta horrek eman zion zinemagintzan jarraitzeko aukera. Lan horren ondorioz kontratatu zuen 20th Century Fox konpainiak.
Ardi beltza, Hollywooden
Zuzendaria ez zen, baina, zinema komertzialaren neurrietara moldatu. Ekoizpen etxe propioa sortu zuen, Hollywoodeko eskakizunek nazkatuta. Zuzendari independente gisa lan egitea erabaki zuen.
B saileko pelikulak egin izana egotzi diote kritikariek. Nolanahi ere, Fullerrek nahi zuena lortu zuen: nahi zituen gaiak egokien zeritzon eran lantzea. Hala, zinemagintzaren monopolioa zuten enpresetatik aldendu zen. Azkar grabatzen zuen —pelikula batzuk hamar egunen buruan egin zituen— eta produkzio merkeak egiten zituen.
Azkar eta merke bai, baina kalitate handiz. B sailean sartu zuten zinemagilearen lana, baina B saileko «maisulanak» egiten zituen, adituen aburuz. 1982an grabatu zuen White Dog (Zakur zuria). Egindako filmen artean zeresan handiena eman zuen pelikula izan zen. Zakur zuri arrazista baten istorioa kontatzen du; beltzak akabatzen dituen zakur baten gizarteratze saioa. Pelikulak ez zuen harrera ona izan AEBetan; arrazista izatea egotzi zioten. Fullerrek erantzun zuen ez zutela ulertu pelikula, eta mezua arrazismoaren kontrakoa zela azaldu zuen. Horregatik, Frantziara alde egin zuen, eta han jarraitu zuen bere karrera, aurrekontu gutxiko hainbat pelikula eginez eta zenbait filmetan aktore izanez. 1990ean bukatu zuen La madonne et le dragon (Birjina eta dragoia) azken filma, baina ia hil arte aritu zen lanean. Zinema beltzaren maisuetariko bat izan zen Fuller, generoaren aitzindarietako bat.
B saileko filmen maisua
Orain dela ehun urte jaio zen Samuel Fuller, zinema beltzaren zuzendari aitzindarietako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu