Musika barrokoarekin maiteminduta igaro zuen bizitza Gustav Leonhardt organo eta klabezin jotzaile herbeheretarrak ('s-Graveland-Amsterdam, 1928-2012). Johann Sebastian Bach musikariaren miresle leial eta zintzoena izan zen, eta haren musika milaka aldiz jo zuen, minbiziak agertokietatik aldendu zuen arte. Astelehenean hil zen, 84 urterekin.
Leonhardtek XVII. mendeko musikarien arima berberarekin landu zuen musika. Metodoari zorrotz jarraitu zion, eta Mozarten musika zen haren azken muga; XVIII. mendeaz bestaldekoa ez zitzaion inoiz interesatu. Musika barrokoari bultzada handia eman zion, Bachen kantata guztiak grabatu baitzituen, baina ez edozein modutan; kontu handiz, XVII. mendeko instrumentuak egin eta garai hartan erabiltzen zituzten baliabideak imitatuz egin zituen grabaketak. Frans Brueggen flauta jotzaileak, Anner Bylsma biolontxelo jotzaileak eta Nikolaus Harnoncourt zuzendariak lagundu zioten urteetako lana egiten. Musikari holandarrak antzinako musika instrumentuak berreskuratzen eta orduko ohitura aztertzen sekulako ekarpena egin zuen. Horrekin batera, munduko klabe jotzaile onenetakoa izatera iritsi zen, eta orkestra zuzendaria ere izan zen, nahiz eta gutxitan aritu.
Herbehereetan eta Europa erdialdean ezaguna egin zen klabezina jotzeko Leonhardten gaitasun paregabea, eta Amsterdamgo Waalse Kerkeko organista nagusia izan zen urte askoan. Bachena ere egin zuen, Chronik der Anna Magdalena Bach (1968) Jean Marie Straub eta Daniele Huilleten filmean. Dena den, famatik eta agertoki handietatik ihes egin zuen Leonhardtek, eta nahiago zuen herri txikietako elizetakoorgano historikoak topatu eta haiekin denboran atzera egin.•
Hilberria. Gustav Leonhardt
Bachen miresle eta musikari leiala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu