Hamaika musika emanaldiren oholtza izango da San Telmo museoa Donostiako 85. Musika Hamabostaldian; zehazki, ganberako musikaren eta antzinako musikaren zikloen egitaraua osatzen duten kontzertuak izango dira bertan. Gaur, Bachelona Consort instrumentu taldearen, Salvat Beca Bach abeslari bakarlarien eta Bruno Delgado artista bisualaren proposamena ikusi eta entzun ahal izango da, 21:00etan, museoko elizan. Bihar, berriz, Iagoba Fanlo eta Mario Prisuelo izango dira protagonistak museoko klaustroan, 20:30ean.
Antzinako Musikako Zikloari dagokio gaurko kontzertua, eta «ezohiko» gisa definitu du Maelys Robinnek, Salvat Beca Bach bakarlarien taldeko sopranoak: «Bruno Delgadoren hausnarketa bisualak Bachen kantaten interpretazioekin interakzioan arituko dira une oro, eta horrek berezia egiten du ikuskizuna». Halaber, azaldu du instrumentu joleen eta abeslarien artean «lotura» eta «kolorea» topatzea izango dela gaurko erronka, instrumentu bakoitzak ahots bati lagunduko baitio. «Laguntasun horretan sortzen den intimitatea izugarri gustatzen zait; azken finean, soinu indibiduala ez ezik, kolektiboaren bila ere ari zara», azaldu du sopranoak. Bestalde, Delgadoren lana ikusarazteko, bi pantaila handi jarri dituzte museoko elizan. Bi zatitan banatu du proposamena artista bisualak: alde batetik, unean bertan itzaletatik sortutako irudi lau bat izango da, eta, horretarako, bederatzi musikariak baliatuko dituela azaldu du; bestetik, artxibo propioak erabiliko ditu, musikaren interpretazioarekin «kontrapuntua» sortzeko.
Bihar, berriz, Ganbera Musikako Zikloaren bigarren kontzertua Iagoba Fanlo biolontxelistak eta Mario Prisuelos pianistak emango dute: Herrikoia eta maisuzkoa izenburupean, museoko klaustroan ariko dira, 20:30ean. Bikoteak Jesus Guridi eta Jose Maria Franku euskal konpositoreen obrak interpretatuko ditu, baita Joaquin Turina, Bohuslav Martinu eta Dmitri Xostakovitx musikagileen partiturak ere.
Franku musikari irundarraren ibilbidea nabarmendu du Fanlok: «Goi mailako musikaria, interpretea eta konpositorea izan zen. Eta ziur oso ongi egiten zuela bere lana, 1940an Berlingo Orkestra Filarmonikoa zuzendu baitzuen. Maila goreneko musikari horrek oraindik ez du eskuratu merezi duen aitortza. Gure helburuetako bat izango da hark zuen musika eta interpretazio kalitatea ahalik eta hobekien oholtzaratzea». Hitz gutxitan, «aparteko» programa prestatu dutela iritzi dio biolontxelistak.
Musika ziklo oparoak
Antzinako Musikako Zikloan Italiako eta Espainiako antzinako musikak presentzia «nabarmena» izango duela adierazi du Patrick Alfayak, Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendariak; horren erakusle izan zen joan den larunbatean Al Ayre Español taldeak eskainitako kontzertua. Gaurko emanaldiaren ostean, ostiralean, Egeria taldeak Egeria & Marco Polo. Itinerarium ad Mirabilia Mundi soinu-fikzioa aurkeztuko du. The Ministers of Pastime taldeak, berriz, Aste Nagusiko etenaldiaren ondoren egingo du debuta jaialdian, abuztuaren 21ean; Terminïs. Erbesteko musika eta migrazioa Europan 1600 urte inguruan programa taularatuko du soka taldeak, zeinetan, Picfoth, Rossi, Duarte, Kellim, Brade, Dowland eta Kalishen obren bidez, garai hartan Europara migratu zuten musikarien ekarpena aztertuko duten. Hilaren 26an, berriz, Le Concert de l’Hostel Dieu taldeko musikariek Emakumezkoen barrokoa. Italiatik Frantziara, emakumezkoen jeinuaren loraldia programa interpretatuko dute. Azkenik, Sara Aguedak eta Pepe Viuelak emango diote amaiera zikloari; Gonzalo de Berceo olerkariaren lanak errezitatuko dituzte, hilaren 28an.
Ganbera Musikako Zikloari erreparatuta, berriz, «bakarlari handiak, talde ospetsuak eta talentu gazteak» biltzen dituela nabarmendu ditu Alfayak. Era berean, zikloa San Telmo museoko klaustroan egingo dela txalotu du, hiriko eszenatoki «karismatikoenetako» batean, haren hitzetan: «Aire zabalean duen akustika zainduarekin, espazio hori formatu txikiko kontzertuak aurkezteko agertoki ezin hobea bihurtu da 2017tik».
Luis Fernando pianista izan zen lehena bertan jotzen, atzo. Iagoba Fanlo eta Mario Prisuelos bikotearen emanaldiaren biharko emanaldiaren ondotik, etzi Stravinskik 1914an idatzitako Hari laukoterako hiru pieza obra eskainiko du Elias Laukoteak. Abuztuaren 22an, Dianto Reed Quintet haize-ensemble gazteak bere estreinaldia izango du. Eta zikloaren azken kontzertuan, hilaren 24an, nazioarteko hiru bakarlari bilduko dira oholtza gainean: Isabel Villanueva biolinista, Patrick Messina klarinete jotzailea eta Philippe Bianconi pianista. Emanaldia Mozarten obrekin hasiko da, eta Schumannen lanen moldaketekin amaituko.
Basterretxearen obra dohaintzan
Nestor Basterretxearen Mendebaldeko haizea eta Maria Paz Jimenezen izenbururik gabeko pieza bat dohaintzan eman dizkio Musika Hamabostaldiak San Telmo museoari. Bi obra horiek uda honetan San Telmo museoan dagoen Elkarrizketa bat: Txillida eta arteak 1950-1970 erakusketan ikus daitezke, Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena dela eta.
Lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten bi erakundeek 2021ean, eta, orduz geroztik, jaialdiak hainbat obra eman dizkio museoari: horien artean da Xabier Ekizaren Zubiak zauriak dira, zauriak orbainak, orbainak izenak bideo eta soinu lanen instalazioa.