Bada euskal punk literaturarik?

Narrazioko punk abesti bana oinarri hartuta sortu dute 'Idoloak akatu genituenekoa' ipuin bilduma Gotzon Hermosilla, Igor Mercado eta Iñigo Basaguren-Duarte idazleek

Gotzon Hermosilla eta Igor Mercado idazleak, Iñigo Basaguren-Duarterekin batera idatzi duten liburua eskuetan dutela. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Musika talde batek abesti baten punk bertsioak sortzen dituen modura. Hala sortu dute Idoloak akatu genituenekoa ipuin bilduma Igor Mercado, Iñigo Basaguren-Duarte eta Gotzon Hermosilla idazleek. Iban Zalduaren Biodiskografiak ipuin bildumaren punk bertsioa da eurena. Bere kanta kuttunak oinarri hartuta idatzi zituen liburu hartako narrazioak Zalduak, eta gustatu, gustatu zitzaien ariketa Hermosilla, Mercado eta Basaguren-Duarteri, baina berehala ikusi zioten hutsunea: punk kantak falta zituen. Horregatik kaleratu dute orain euren abestietan oinarritutako euren ipuin bilduma propioa, eta, noski, punka da nagusi kanta eta giro hautaketan: Ramones, The Clash, Sex Pistols, Black Flag, GG Allin, Poison Idea, Agnostic Front...

«Punk literatura euskaraz. Bazen garaia, ezta?». Galdera horrekin laburbildu dute egileek liburuaren izpiritua kontrazalean. Hermosillak dioenez, ordea, egon badaude punk erreferentziak euskal letretan, eta titulu sorta aipatu du frogatzat: Juan Luis Zabalaren Galdu arte, Xabier Montoiaren Non dago Stalin? eta Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko, besteak beste. Eta, Hermosillak dioenez, proposamen bat gehiago da euren liburua zerrenda horretan. «Gure kasuan, punkaren eragina bi kontutan nabaritzen da», azaldu du idazle eta BERRIA egunkariko erredaktoreak. «Testu guztiak daude oinarrituta punk-rock abestietan, baina, horrez gainera, liburua egiteko moduan ere ikusten da punk-rockaren eragina». Esaterako, euren kabuz kaleratu dute liburua, eta hiru lagunen artean osatu dute bilduma. «Literaturan ez da hori oso ohikoa izaten, normalean bakarkako lantzat hartzen delako, baina guk kolektiboago egin nahi izan dugu. Punkean oso ohikoa izaten da diskoa hiru talderen artean kaleratzea, esaterako, eta hori egin dugu guk ere. Ikusten da hor ere gauzak beste era batera egiteko nahia».

Bazterreko giroak dira nagusi kontakizunetan: prostitutak, eroak, gameluak... Hermosilla: «Gu mugitzen garen giroetan horrelakoak normalak dira, eta gustuko dugun literaturan eta musikan horrelako erreferenteak ohikoak dira. Horregatik jaso ditugu narrazioetan».

Kontrakultura hedonista

Halere, hedonismoa aipatu du motor nagusitzat idazleak. «Guk geuk ondo pasatzeko egin dugu liburua». Badaki, ordea, hori baino gehiago ere egon daitekeela. «Kontziente gara kultura osasuntsu guztiek, teorian, eduki behar dutela kontrakultura moduko bat. Jende asko eszeptikoa da euskal kulturan horrelakorik egin ote daitekeen, zeren eta, berez, euskal kultura eta literatura nahiko underground-ak dira. Guk pentsatzen dugu osasuntsua dela euskal literaturarentzat ere bestelako edukiak, bestelako estetikak eta beste asmo batzuekin plazaratutako lanak edukitzea. Baina hedonismo hutsez egin dugu, nahiz eta beste horretaz ere kontziente izan».

Bakoitzak nahi izan dituen kantak eta taldeak hautatu ditu ipuinetarako, eta emaitza «oso desorekatua» sortu du horrek, Hermosillak aitortu duenez. «Oso gutxi dira emakumezkoak dituzten taldeak, Euskal Herriko taldeak ere oso gutxi dira, ingelesez abesten dute gehienek... Zerrenda osoa ikusi dugunean ohartu gara horretaz». Kanta hautaketaz aparte, halere, Euskal Rock Erradikalaren olatuan oharkabean pasatu zen Ahaztu Antzean taldearen historia ere berreskuratu dute testuetariko batean.

Izu Giroa eta Zarata punk fanzineetan arituak dira hiru egileak, eta mundu horretatik edan dute liburua sortzeko, Basaguren-Duartek azaldu duenez. «Modu naturalean sortu da proiektua: giro berdintsuetan gabiltza hirurok, hiruroi gustatzen zaigu irakurtzea, hiruroi gustatzen zaigu idaztea, eta kontzertu beretan egiten dugu topo; beraz, oso erraza izan da honetarako ere elkartzea. Punk kanta bat abiapuntu hartzea izan da geure buruei jarri diegun baldintza bakarra».

Zigilu propioarekin

Orain dela hilabete batzuk sortu zuen Basaguren-Duartek Barnezomorro zigilua, bere lanak bere kasa kaleratu ahal izateko, eta zigilu hori baliatu dute orain ere Idoloak akatu genituenekoa argitaratzeko. «Ez dut neure burua argitaletxe konbentzional batean ikusten», azaldu du. «Nik beti egin nahi izan ditut gauzak nire kabuz, nire erara, eta inori konturik eman beharrik gabe». Barre egiten du proiektuari argitaletxe deituz gero; izan ere, jarraipenerako berme ziurrik ez du. «Ez dakit urtean bost liburu aterako ditugun edo hau izango den azkena, ez dut klabe horietan funtzionatzen, bulkadek gidatzen naute, eta honen atzean dagoen memelo bakarra ni naizenez...».

Barnezomorro.com webgunean eska liteke liburua, eta hainbat dendatan izango da salgai: Iruñeko Katakraken, Donostiako Garoan eta Kaxildan, Gasteizko Zuloan eta Bilboko DDT gunean eta Anti liburu dendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.