Donostiako 60. Zinemaldia

Bainuontziko azken tribua

Benh Zeitlinen 'Beasts of the Southern Wild' filmak uholdeei aurre egiten dien neska baten istorioa kontatzen du

Benh Zeitlin zinemagilea, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Munduaren akabera, edo akaberetako bat behinik behin, Charles Douceten dago, Benh Zeitlinen Beasts of the Southern Wild filmeko fikziozko irlan. Teilapez, egur puskaz eta gisa guztietako hondakinez eraikitako etxebizitzetan bizi da hango jendea, etxabereez eta arrainez elikatzen dira, eta bizimodu lasaia dute, harik eta tartean behin ekaitz beldurgarri batek guztia urperatzen duen arte. Horregatik esaten dute bainuontzikoak direla.

Bertan bizi da Hushpuppy, sei urteko neskatila, Wink aitarekin batera. Hark erakutsiko dio nola iraun bizirik inguru gogorrean, nola aurre egin naturari babesgabe sentitzean. Halako batean, ordea, aita gaixotu egingo da, eta ekaitzak hartuko du irla orobat. Eurite basatiekin bat, Hushpuppyren irudimena loratzen da: izotz puska erraldoiak apurtzen irudikatzen ditu, historiaurreko uro izoztuak barruan dituztela. «Biziraupenaren parabola dira piztia horiek», dio Benh Zeitlin zuzendariak, «gu guztiok hemen gaude, garai batean izan genituelako arbaso batzuk naturaren aurka borrokatu eta bizirik iraun zutenak». Gobernuko erreskate taldeek bainuontziko biztanleak tokiz mugitu nahiko dituzte, baina hainbat gorabeheraren ostean, ostera ere etxera itzultzea lortuko dute. Orduan, Hushpuppyk, aita azkenetan duelarik eta uroen lagun egin delarik, aspaldi galdutako amaren bila abiatzea erabakitzen du.

Zeitlinek nahasketa bitxia erabili du filmean: artefaktu handirik gabe filmatutako irudi errealistak eta amateur tankerako kamera mugimendu dardartiak nahasi ditu fantasiazko pasarteetako efektu bereziekin. Dena dela, haren irudiko, fantasiak ez du ohiko funtzioa betetzen: «Dena perspektiba kontua da. Fantasia ez da soilik katuek hitz egitea edota hegan egitea. Filmeko fantasia da, ume ororen moduan, protagonistak ere uste duela bere gurasoak betiko biziko direla». Lege hori puskatu egiten da, ordea, eta ingurua hiltzen hasten zaio. Orduan, umetako usteen desenkantua gertatu ahala, mundua errealagoa egiten da, eta filmeko fantasia dosiak behera egiten du aldi berean.

Pertsonaiek etengabeko kontaktua dute naturarekin, eta pentsa daiteke horrek hartzen duela beren mundu sinbolikoan erlijioaren tokia. Izan ere, Zeitlinek dioenez, bainuontziko herriak ez du erlijiorik. «Oinarrizko ideia zera da, bainuontzian ez dela gizartea banatzen duen ezer. Ez da generorik, ez eta klaserik ere, diruak ez du balio eta adinak ez du axola. Batasuna lortzea da gakoa». Dena dela, filmeko unibertsoak badu mitologia propio bat sortzetik zerbait, urek gainezka egiten duteneko egoera apokaliptiko bat. «Mito berriak behar ditugu», dio Zeitlinek, «zaharrak modaz kanpo edota itxuragabetuta daude jada. Lege berriak sortu behar direlako ideia benetan gustatzen zait». Paradoxikoa badirudi ere, mitologiaren auzia Louisianatik—filma errodatu zuten herrialdetik—kanpo soilik aipatzen diotela nabarmendu du Zeitlinek. Haren ustez, filmean kontatzen dena «oso erreala» da bertakoentzat, neurriz gainekoa apur bat, eta fantasia gutxikoa. «Uste dut gai unibertsalak jorratzen direla. Ez dira egoera politiko jakin bati buruzkoak, emozioen ingurukoak baizik. Munduan bizirik raun nahi duten kultura txikiak izan ditut jomugan».

Kode moral berezia

Jatorriz, Lucy Alibarren antzerki obra batean oinarritutako filma da, Zeitlin ohartu baitzen berak bilatzen zituen elementu asko biltzen zituela obra hark. «Bereziki atsegin dut Lucyk harremanak egituratzeko duen abilezia. Haren lumatik ateratzen direnak oso dira bereziak, basakeriaren eta gozotasunaren arteko nahasketa antzeko zerbait, nik oso ongi ulertzen dudana».

Filma sortzeko ideia Alibarren obra ikusi aurrekoa bada ere, aita galtzen duen alabaren istorioak berak buruan zuena irudikatzen zuela ohartu zen Zeitlin, eta kontzeptu hori sartu zuen filmean. Gisa berean, Hushpuppyk aitarekin duen kode moral bereziak Alibarren eta haren aitaren arteko hartu- emanean du funtsa. «Gizon eroa du aita, mozkorra, zoragarria. Lucyrentzat beti izango da bere aita, eta beti begiratuko dio errespetuz. Filmean, ez genuen Winken irudia garbitzerik nahi, gizon gogorra izan zedin behar genuen, alabak oztopoa gainditu ahal izateko».

New Yorken sortua izanagatik, hango filmak baino askoz ere «organikoagoak» egiten ditu Zeitlinek, eta modu hori «zinema erregional berri baten hastapena» izan dadin nahi du. Esan duenez, bereziki eragin diote Emir Kusturicaren filmek, Disneyko hainbat animazio filmek eta Roald Dhalen literaturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.