Bakarra eduki beharrean, asko

'Europa Konstelazioa' erakusketa kolektiboa ireki dute San Telmo museoan, «kontinente zatikatuaren isla»

Asier Mendizabal artista ordiziarraren Auñamendi (2005) da San Telmon dagoen obretako bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europak esanahi bat eta bakarra eduki beharrean, asko dauzka, Peio Agirre Europa Konstelazioa erakusketaren komisarioaren iritziz. «Esanahi diferentea dauka Serbian, Polonian, Bielorrusian, Ingalaterran, Belgikan edo Euskal Herrian». Horrexek erakusten du kontinentea «zatikatuta» dagoela. Donostiako San Telmo museoan irekitako erakusketa kolektiboak berak hori adierazi nahi du. Europako hainbat herrialdetako hamahiru artistak osatu edo erabilitako hainbat ikus-entzunezko, argazki, poster, bideo eta instalazio baliatu dituzte horretarako. Tartean daude Asier Mendizabal, Iñaki Garmendia eta Xabier Salaberria euskal herritarrak. Datorren martxoaren 21 arte egongo da ikusgai, museoko Laborategia aretoan.

Goethe Instituten Bikaintasunerako Ekimenak proiektuak, Europako Batasunak eta beste 11 erakundek hauspotutako Europa (to the power of) egitasmoaren parte da erakusketa, eta Goethe Institutek berak eta Donostia 2016k ekoitzi dute. Iazko uztailean abiarazi zuten proiektua, eta aurtengo apirilean itxiko dute erakusketa ibiltaria. Oslon (Novergia), Lodzen (Polonia), Londresen (Ingalaterra), Bruselan (Belgika), Minsken (Bielorrusia), Istanbulen (Turkia) eta Novi Saden (Serbia) erakutsi dute dagoeneko. Dena den, erakusketa bakoitzak bere komisarioa dauka, eta horrek aukeratzen ditu bakoitzean zein artistak jarriko dituzten beren lanak ikusgai. Azkenekoa Txinan egingo dute.

Barbara Steiner da Europa (to the power of) egitasmoaren zuzendaria, eta orain arte ikusitakoa kontuan hartuta, iruditzen zaio elkarrekin harremanetan dauden «Europako asko» daudela. «Batak bestearekiko nazka sentitzen du batzuetan, edo gatazkak dituzte haien artean. Izan ere, bere aniztasunari, gatazkei, gerrei, kontraesanei eta genozidioei esker, Europak baldintza bikainak ditu adostasunik gabeko gizarte bat sortzeko».

Martxoan, bideo proiekzioak

Erakusketaren harira antolatutako ekintza paraleloen artean, hainbat bideo proiektatuko dituzte, eta horien egileekin topaketak egingo dituzte, museoko ekitaldi aretoan, martxoaren 7an (Ane Hjort Guttu), 13an (Sven Augustijnen) eta 20an (Aleksander Komarov).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.