Bake kantuak Lazkaon

'The Armed Man' meza eskainiko dute Kantaka eta Aita Donostia abesbatzek gaur, Areria kultur gunean

Karl Jenkins konpositotraren The Armed Man eskainiko dute Lazkaon.
Ane Urrutikoetxea.
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Makrokontzertuarekin hasiko dira Lazkaoko San Prudentzio jaiak; izan ere, Karl Jenkins (Gales, 1944) konpositorearen The Armed Man meza eskainiko dute Kantaka eta Aita Donostia abesbatzek gaur 21:00etan, Areria kultur gunean. Guztira, ehun pertsona izango dira taula gainean, eta irudiak eta musika bilduko ditu emanaldiak, Jenkinsen meza antimilitarista gerretako irudiekin tartekatuko dituztelako.

Bakearen aldeko kantua da Jenkinsen obra, eta gaurko egun berean estreinatu zen duela 14 urte, Londresko Albert Hallen. Lazkaon obra eskainiko den lehen aldia da, eta hainbat berezitasun ditu. Meza katolikoen egitura izan arren, erlijio eta hizkuntza ugari nahasten ditu 13 zatitan banatutako lanean. Hala, mezen ohiko kyrie, sactus, agnus dei eta benedictus pasarteekin batera, beste motatako kantuak biltzen ditu obrak; esate baterako, XIV. Mendeko Frantziako L'homme armé kantu herrikoia, muezin batek abestutako errezo islamikoa, Itun Zaharreko Salmo liburu bateko Salba nazazu gizon basatiengandik! kantu gregorianoa, eta baita Mahabharata Indiako kantu mitologikoetako pasarte bat ere. Horrekin batera, hainbat poetaren abestiak ere biltzen ditu obrak: Ruydard Kiplingen Borroka aurreko ereserkia, Sakichi Togek Hiroshimako bonbardaketaren ondoren idatzitako Sugar bortitzak, John Dryden eta Jonathan Swiften Erasora! olerkia eta Thomas Malory eta Lord Tennysonen Bakea hobea da kanta. Hizkuntzen artean, berriz, ingelesarekin batera latina, frantsesa eta arabiera nahasten ditu obrak.

Kosovoko 1999ko gerratearen biktimen omenez sortu zuen Jenkinsek obra, eta 2000. urtean estreinatu zuen, mende berrian bakearen aldeko aldarrikapena egiteko helburuarekin. Hain zuzen ere, bakearen inguruko hausnarketa bultzatzea da Kantaka abesbatzaren zuzendari Debora Herreraren helburua. «Urtero obra bereziren bat aukeratzen dugu, musika egitearekin batera, ikusleen gogoa astindu nahi dugulako». Oraingoan Aita Donostia abesbatzarekin elkartu dira, obrak eskatzen duen soinu masa indartsua lortzeko. «Obra oso plurala da, erlijio eta kultura asko besarkatzen ditu. Gainera, testuak eta musikak ezin hobeto bat egiten dute, ikaragarri grafikoa da. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu kalitatezko musikari taldea biltzea».

Klasikoa eta garaikidea

XX. mendean sortutako obra izan arren, XIV-XV. mendeko doinuak bildu ditu Jenkinsek obran, musika garaikidea beste garai batzuetako estiloekin nahastuz. Hizkuntza ugari eta mota askotako musikak bildu arren, Herreraren esanetan, bi abesbatzek ez dute arazorik izan elkarrekin lan egiteko, eta emaitzarekin pozik daude. Hala, L' homme armé kantuarekin batera abesbatzek pauso hotsak egingo dituzte, armada bat irudikatuz. «Obraren pasarte bakoitzak modu batean edo bestean gerraren sufrimendua eta jendearen esperantza irudikatzen ditu, eta, beraz, zati bakoitzak bere nortasuna dauka; hala, 11. pasartea ikaragarria eta beldurgarria da, baina ondoren benedictus zoragarria dator, eta bakea eta esperantzaren aldeko abestiarekin amaitzen da obra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.