Zinema estreinaldiak

Bakoitzak bere egia duenean

Ikasgelan gertatutako lapurreta batzuk argitu nahian, geroz eta handiagoa egingo den zurrunbilo baten erdian amaituko du protagonistak 'Das Lehrerzimmer' filmean, Ilker Çatak zinemagilearen azken lanean.

'Das Lehrerzimmer' filma
'Das Lehrerzimmer' filma.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko urtarrilaren 31
05:20
Entzun

Carla Nowak berria da institutuan. Lehen lana du irakasle gisa. Institutua Alemanian dago, eta protagonistak matematika eta gorputz hezkuntza irakatsi behar dizkie 12 eta 14 urte arteko haurrei. Eskolan lapurreta batzuk gertatu dira, eta Carla ez dago ados lankideek egoera kudeatzeko duten erarekin: gazteak galdekatzen ari dira erruduna zein den jakiteko, eta motxilak miatzen dizkiete frogak aurkitzeko. Bere ikasleetako bat bidegabeki erruduntzat jotzen dutenean, Carlak bere bilaketa propioa egingo du, eta eskolako idazkaria harrapatuko du lapurretan. Ikerketa handiago bat hasiko da orduan ikastetxean, eta Carla geroz eta bakartuago geldituko da: bai ikasleek bai irakasleek aldatu egingo dute harekiko jarrera.

Ilker Çatak alemaniarraren laugarren film luzea da Das Lehrerzimmer. Iaz aurkeztu zen filma, Berlinale jaialdian, eta saririk jaso ez bazuen ere, zinema alemaniarraren sarietan (Lola) film, zuzendari, muntatze, gidoi eta aktore onenaren garaikurrak irabazi zituen.

Çatak eta Johannes Duncker beren esperientzia pertsonalean oinarritu ziren Das Lehrerzimmer filmaren gidoia idazteko garaian. Çataken gurasoak ohartu ziren etxea garbitzen zien emakumea lapurretan ari zela. Beste aukera bat eman zioten, baina lapurretan harrapatu zuten berriro ere. Zinemagile alemaniarrarentzat interesgarria izan zen ikustea egoera horrek zer dinamika eragin zituen gurasoengan: aitak ez zion beste aukerarik eman nahi emakumeari, baina amak bai. Kontu horrekin Dunckerrengana joan zenean, oroitu ziren eskolan antzeko gertakari bat bizi izan zutela. Lapurretei, aurreiritziei eta salaketa faltsuei buruzko film bat egitea erabaki zuten orduan, eta eskola eremuan girotu nahi izan zuten. Izan ere, zinemagilearen hitzetan, eskola eredu bikaina da gizarte osoa ordezkatzeko: boterea duen estatuburu bat dago, ikasleak herritarren parekoak dira, eta eskolako egunkariak prentsaren funtzioa betetzen du. Eskolak bidea eman die Çatak eta Dunckerri eremu txiki batetik abiatuz zerbait handiagoa kontatzeko.

Das Lehrerzimmer-ek irakasle idealista baten istorioa kontatzen du: zuzen aritu nahi du, eta ez du asmo onak besterik. Txikiak diruditen erabaki batzuek eragin izugarria izan dezakete eskolako dinamiketan, ordea, eta Carlak, egiaren bila dabilen hasiberri horrek, aurreiritzi eta akusazio zurrunbilo baten erdian amaituko du.

4:3 formatuan grabatua dago lana, eta ez da eskolatik aterako: bizitza lau pareta horien artean doa aurrera. Zinemagile alemaniarrak denek identifikatzeko moduko ingurune bat erretratatu du, gertuko eremu bat; eta argazkiaren eta kolorearen erabilera neurtuak eta soinu banda iradokitzaileak leku itogarri bilakatzen dute eskola. Mikrokosmos horretan, zaila izango du Carlak zurrunbilotik irtetea.

'Das Lehrerzimmer'

Zuzendaria: Ilker Çatak. Gidoilariak: Johannes Duncker eta Ilker Çatak. Aktoreak: Leonie Benesch, Eva Lobau, Leonard Stettnisch. Argazkia: Judith Kaufmann. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 96 min. Herrialdea: Alemania. Estreinaldia: Otsailaren 2an estreinatuko da Hegoaldean eta martxoaren 6an Iparraldean.

 

Beste estreinaldi batzuk

(ID_17063842905825) (/EZEZAGUNA)
Sur l'Adamant dokumentaleko irudi bat.

'Sur l’Adamant'

Adamant zentro ezberdina da, bakarra. Parisen bihotzean dagoen Sena ibaiaren gainean flotatzen ari den eraikuntza bat da, buruko gaitzen bat duten helduak hartzen dituena, eta, hartan, arreta eskaintzen diete gaixoei, denboran eta espazioan ainguratu daitezen, eta poliki-poliki osatu. Zentroa zuzentzen duen taldea eginahalean ari da psikiatriaren deshumanizazioari aurre egiteko.

Zuzendaria eta gidoilaria: Nicolas Philibert. Argazkia: Nicolas Philibert. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2023. Iraupena: 109 min. Herrialdea: Frantzia

'Concrete Utopia'

Lurrikara handi baten ondoren, Seul txikituta gelditu da. Hirian dena erori da, eraikin bat izan ezik. Hwang Gung apartamentuek zutik iraun dute. Bizirik atera direnek horren berri jakitean, han elkartzen hasiko dira. Eraikineko jatorrizko bizilagunak mehatxatuta sentituko dira, eta elkartzea erabakiko dute. Young-taken gidaritzapean, kanpoko pertsonak sartzea debekatuko dute, eta araudi berri bat egingo da egoiliarrentzat. Baina bizilagunen iraupenerako etengabeko mehatxuen erdian, ustekabeko gatazkak sortzen hasiko dira haien artean.

Zuzendaria: Um Tae-hwa. Gidoilariak: Um Tae-hwa, Kim Dong-gyun. Aktoreak: Lee Byung-hun, Park Bo-young, Park Seo-joon. Argazkia: Cho Hyung-rae. Generoa: zientzia fikzioa. Urtea: 2023. Iraupena: 130 min. Herrialdea: Hego Korea.

'La ferme des Bertrand'

Etxalde bateko bizitza 50 urtez. Savoia Garaia, 1972: Bertrand baserria lehen aldiz filmatu zenean, ehun bat abere zituen, eta hiru anai-arrebak zuzentzen zuten. Auzokide gisa, Gilles Perret zuzendariak 1997an bere lehen filma eskaini zien, hiru nekazariak Patrick ilobari eta Helene emazteari baserria eskualdatzeko prozesuan zeuden bitartean. Gaur, 25 urte geroago, zuzendariak kamera hartu du berriro, Helenek baserria utziko duenean. Pertsonen hitzen eta keinuen bidez, dokumentalak bizitza bidaiak erakusten ditu, non lanak eta transmisioak leku nagusia duten. Nekazaritza munduari buruzko historia intimo, sozial eta ekonomiko bat.

Zuzendaria: Gilles Perret. Musika: Vincent Boniface. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2023. Iraupena: 82 min. Herrialdea: Frantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.