Moda

Balentziagaren marrazki eta oharrak bildu dituzte erakusketa batean

Eusko Jaurlaritzak iaz erosi zion funtsa Lorenzo Riva diseinatzaile italiarrari, eta Euskadiko Artxibo Historikoaren barruan dago. 8.000 erreferentzia baino gehiago ditu.

Gaur goizean aurkeztu dut erakusketa, Getarian. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 29a
14:19
Entzun

Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoak Balentziaga Etxearen marrazkiak 1943-1964-Riva funtsa. Euskadiko Artxibo Historikoa erakusketa zabaldu du gaur, Eusko Jaurlaritzak Lorenzo Riva diseinatzaileari erositako funtsen barruan bildutako marrazkiak, zirriborroak eta oharrak jasotzen dituena. Erakusketa maiatzaren 21era arte egongo da ikusgai, eta, ondoren, agiriak Balentziaga museoan bertan geldituko dira, han aztertu eta ikertu ditzaten. Hori dela eta, erakusketaren bidez, bildumaren garrantzi historikoa zabaldu, haren jatorriaren balioa azpimarratu eta haren «edertasunaren» berri zabaldu nahi dute, museoko arduradunek azaldu dutenez.

Erakusketak ikusgai jartzen du Balentziaga etxean XX. mendearen erdialdeko hamarkadetan egindako lanaren prozesua, 120 marrazki eta dokumenturen bidez. «Diseinua kontzeptualizatzen denetik aurkezten den arteko prozesua azalduko da [erakusketan], eta zati handi bat egikaritzeari buruzkoa da». Zenbait eskuk eta askotariko teknikak erabiliz egindako zirriborroez gain, hainbat dokumentu pribatu eta Cristobal Balentziagak eskuz idatzitako ohar ugari ere bildu dituzte. «Dokumentuok agerian uzten dute jostunak etengabeko inplikazioa izan zuela prozesu osoan, eta multzoari interes gehigarria ematen diote», erakusketaren arduradunek azaldu dutenez.

Funtsaren ia bostena aurretiazko zirriborroek osatzen dute. Oharrik gabeko marrazkiok esplorazio ideiak irudikatzen dituzte, eta ez dira nahitaez bildumako modelo bihurtzen. Horietan, nabarmentzekoa da, museoaren arabera, 1951ko udako bilduman aurkeztutako modelo erdi estutu bat, zeina mugarri izan zen modaren historian.

Erakusketaren zatirik garrantzitsuena 1956. eta 1962 bitartean egindako tailerreko zirriborroei dagokie. Marrazkion bidez, Balentziaga etxeak denboraldi bakoitzean aurkezten dituen modeloei buruzko informazio zehatza ematen da. «Zirriborroetan, erregistro zenbaki bat, gauzatzeaz arduratzen den premiè€re d’atelier delakoaren izena eta aurkeztuko duen manikiaren izena jasotzen da». Zirriborro asko materialei eta hornitzaileei buruzko oharrekin eta ehun laginekin osatzen dira.

Balentziagak berak eskuz idatzitako oharretan, zenbait modeloren eraketari buruzko aldaketak eta argibideak ere ikus daitezke. Horietan, Balentziaga etxearen ekoizpen prozesuaren beste alderdi bat islatzen da. Bilduma aurkeztu arte, modelo bakoitzak aldaketa puntualak izan zitzakeen, hala gauzatzeari dagokionez nola multzoko beste jantzi batzuekiko harremanari dagokionez.

Zirriborro komertzialak ez dira hain ohikoak Riva funtsean; 1950eko hamarkadakoak dira, eta bildumen aurkezpenetarako egiten ziren. Desfile horiek, Parisko etxean ez ezik, Europako eta Amerikako beste
hiri batzuetan ere egiten ziren. Kategoria honetan sartzen dira, halaber, erosketa prozesuan hainbat bezerori bidalitako zirriborroak, bai eta publizitate eta sustapen xedea izan zezaketen zirriborro landuagoak ere.

Artxibo publikoa

Halako tamaina eta garrantzia duen artxibo ezagun bakarra da hau. Munduko beste ezein museok ez du gordetzen jostunari buruzko halako beste dokumentu funts espezifikorik, eta gaur egungo Balentziaga etxeak soilik du funts handiago bat, baina ez dago sarbide publikorik haren artxiboetara jotzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, «Balentziagaren mota horretako lehen bilduma da, eta arlo publikoaren esku dago; beraz, ondarearen ikuspegitik oso aberasgarria da euskal kultur ondarea eratzeko».

Balentziaga museoko zuzendari Miren Vivesen ustez, zirriborroen bilduma horrek «bultzada handia ematen die museoko dokumentu funtsei. Erosketa horren bidez, museoarekin lotutako dokumentu ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartu dira».

Funtsari esker, ikerketa ildo garrantzitsuak zabalduko dira, eta, ondorioz, Cristobal Balentziagaren sormen prozesuari buruzko ezagutza sortuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.