Balerdiren 'feeling'-a

Hamabost urtez estudioko lanik kaleratu gabe egon ostean atera du Balerdi Balerdi taldeak 'Hegoko lautadaren ertzetik' diskoaEstilo ezberdinak lantzen dituzten arren, denek omen dute taldearen estilo propioa

Carlos Ortiz, Toño Muro eta Sergio Ibarrola Zara Balerdi Balerdi taldeko kideak, beren laugarren diskoaren aurkezpenean, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Popak ere baditu bere arriskuak. Heavy metala eta Euskal Rock Erradikalaren garaiko Iruñean rara avis bat izan zen Toño Murok gidatutako Balerdi Balerdi taldea. Sergio Ibarrola Zara bateria jotzaileak azaldu du beren historia. Ozpin arrastorik gabe, umoretsu: «Beti izan gara oso kritika onak jaso eta oso salmenta txarrak izan dituen talde bat. Lehen diskoarekin, Rockdelux aldizkarian, gure diskoa estatuko hamar onenetariko bat izan zela ere entzun behar izan genuen». Orain hamabost urte atera zuten estudioko hirugarrena, Hobe behin gorri ezen ez beti hori, eta isilune luze baten ostean, laugarrena kaleratu dute orain: Hegoko lautadaren ertzetik. Haiek ekoiztu dute hamar kantuz osatutako bilduma hori, eta kontzertuetan jarriko dute salgai, baina Gor diskoetxeak ere banatuko ditu ale batzuk dendetara.

Berrindartze prozesu baten historia da haiena. 1990eko hamarkadan sortu zuten taldea Toño Muro (ahotsa eta gitarra), Marino Goñi (baxua) eta Zarak, eta Blanka Izkue (teklatuak) eta Patxi Goñi (gitarra) ere batu zitzaizkien gero. Hiru disko grabatu zituzten, eta denek jaso zituzten kritika onak. Kultuzko talde bilakatu ziren, baina inoiz ez zuten lortu jarraitzaile kopuru handirik mugitzerik. Orain hamaika urte agertokiei agur esan aurreko azken kontzertuetariko bat gogoratzen du, adibidez, Zarak. Barre egiten dute beste kideek. «Hamabi pertsonaren aurrean jo genuen! Ez zen erabat gure errua izan, udaleko arduradunak ez baitzuen iragarkirik ere jarri. Baina haren ondoren, berehala utzi genion kontzertuak emateari».

Ez zen erabateko agurra izan, ordea, eta hortik dator berrindartze prozesuaren aipamena. Taldea desegin ondoren ere, hainbat emanaldi eskaini zituzten elkarrekin Iruñe inguruko aretoetan, eta berotuz joan ziren pixkanaka-pixkanaka, harik eta 2009an berriz elkartzea erabaki zuten arte. Balerdi Erdi izenarekin hasi ziren orduan Muro, Goñi eta Zara, abesti zaharrak eta bertsioak jotzen, eta berri batzuk ere hasi ziren sortzen. Azkenean, baxu jotzailea aldatu, eta Carlos Ortizekin grabatu dituzte laugarren diskoko hamar kantuak.

Atzetik datorren bultzada

Murok konposatutakoak dira guztiak. Denetarik dagoela dio. Orain urte asko sortutakoa da bildumako abesti bat; maketa batetik berreskuratutakoak dira beste hiru, eta azken urte erdian sortutakoak beste sei. «Balerdi Erdiren garaitik honakoak dira abesti berri horiek. Martxan hasteko, ordea, atzetik hartu dugu bultzada. Lehen garaietatik». Kanta berriak sortzen dabiltzala ere iragarri du, gainera. Hots, disko hau ez dela atzera begira egon ahal izateko zerbait, aurrera begiratu ahal izateko sortutakoa baizik.

Rocka, folka eta power popa izan dituzte ardatz nagusiak hamar kantuak osatzerakoan, baina ska kantu bat ere egin dute. Ezkaba mendiaren historiari eskainitako Ezkabapean izenekoabestia, zehazki. «Tituluak eraman ninduen musika estilo horretara. Ezkabapean hitzak eraman ninduen ska egitera». Libre aritu direla diote, baina guztiek dutela taldearen kutsu propioa. «Balerdiren feeling jauzilaria». Hitz horiekin definitu du Zarak beren ukitua. Eta egia da diskoaren lehen abestitik igartzen dela iruindarren sinadura. Ez da, beraz, erabat etiketa zoroa bateria jotzaileak asmatutakoa. «Akorde maior asko ere erabiltzen ditugu», egin du zehaztapen musikala Ortizek. Eta baietz dio Murok, bera ere bromazale. «Kanta gehienetan dago Si minor bat, eta ikusi beharko dut kapaz ote naizen hemendik aurrera nota hori gabe ere kantak egiteko».

Estudioan eroso egon direla diote hiruek. Lagun artean izan dira, azken finean, eta diskoaren konstante bat izan da hori. Xabi Navarro Jota-ren estudioan egin dituzte grabazioak, Amoroton (Bizkaia). Tarteka egin dituzte lanak, uztailean hasi, eta irailean bukatu, eta pozik daude emaitzarekin. Hasieran duda-mudan ibili arren, horregatik erabaki dute, azkenean, diskoa kaleratzea. «Kantu hauek linboan ez gelditzea zen helburua, eta soinu txukuna atera diegunez, aurrera egitea erabaki dugu».

Rockik gabeko Iruñea

Gertutik ezagutu dute Euskal Herriko musikaren garapena, eta garai zaharrez hasi dira hizketan. Garai estuagoez. Kontzertu batean publikoko pertsona bat listuka aritu zitzaiela gogoratu du Zarak, eta jendearen belarria asko zabaldu dela dio. Ortiz da baikorrena: «Lehen, jendea itxiagoa zen, baina orain bada denetarik hemen ere. Hizkuntzaz, estiloz, musikaz...». Muro kritikoago mintzo da. Iragana presenteago duelako, agian. «Benetan gustuko ditugun taldeak entzuteko, beti Iruñetik kanpo atera behar izan dugu. Azken urteetan zerbait antolatu dute, baina beti kanpora atera behar izan dugu normalean». Eta hain zuzen ere, ironiatsu, «erromesaldi» horiei eskaini diete diskoko azken pieza: Iruñean rokanrolik ez. Heavy metal parodia bat, funtsean.

Ironia eta kritika dira nagusi rock kutsuko Guduka izeneko abestian ere.«Agramont ta Beaumont, / Napoleon eta Wellington, / Godzilla eta King-Kong, / Saddam Hussein eta Clinton». Eta balada atsegin bat da, berriz, Bertan goxo izenekoa.

Kolaborazioak ere izan dituzte diskoa prestatzeko. Lagun talde bat hor ere. Pello Lizarralde idazleak egin dizkie Linboan eta Hegoak (In Dylan imitatione) abestien hitzak. Eta bigarren horretatik hartu dute diskoari izenburua ematen dion esaldia. Bestalde, Tapia eta Leturia Band, Fito y los Fitipaldis eta Gatibu taldeetan aritutako Batiz gitarra jotzaileak grabatu ditu Guduka eta Bertan goxo kantetako soloak; Blanka Izkuek ere grabatu ditu teklatu batzuk, eta Exprai marrazkilariak egin die diseinu lana.

Diotenez, kanta zaharrak eta berriak nahasian joko dituzte hemendik aurrera hitzartuak dituzten kontzertuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.