Euskal letren balizko ibilbideak irudikatzeko galdera-multzoa egin zigun Iban Zalduak azken Hirudia-n. Balizko ibilbidearen ariketa egina zuen Zalduak Euskaldun guztion aberria (2008) liburuan. Beste idazle batzuek ere euskal letren historiaren gainean balizka arituz sortu dituzte mundu literarioak. Esaterako, bi nobela hauetan: Jon Alonsoren Katebegi galdua (1995) edo Itxaro Bordaren Jalgi hadi plazara (2007). Bi thriller hauek euskal letren ibilbidean mugarri izan den balizko lekukotasun baten (des)agerpena dute oinarri.
Jakina denez, gertakari batek historia literarioan oihartzuna izan dezan, beharrezkoa da gertakari horren dimentsio sozial eta sinbolikoa garatuko duen komunitatea egotea. Adibide bi. Lazarragaren artzain nobela argitaratu izanak aldatuko luke euskal letren historia, baldin eta nobela hori historiaren katebegitzat identifikatuko lukeen diskurtso historiko-literariorik egon izan balitz. Edota Axular abadesa izateak euskal letren historian aldaketarik ekar zezakeen, baldin eta komunitate literario edo sozial batek Axularren 'abadesa' nortasunaren balio sinbolikoa aldarrikatu izan balu, eta balio sinboliko hori ikur bihurtu izan balu.
Bide horretatik, aipaturiko nobela horietan eskuizkribu (des)agertuen inguruko auziak ez du testuaren balio literarioak eragiten, baizik eta balio sinbolikoak. Are gehiago, karga sinboliko horren neurrigabeko erabilera politiko eta ekonomikoa da nobela hauetan salatzen dena, besteak beste. Literatur eskuizkribuak edo margolanak bereganatzeko azkenaldian egon diren ika-mikek ere horixe islatzen dute. Ika-mika horiek ez dute zerikusirik eskuratu nahi diren artelanen objektu izaerarekin,ez eta haien balio artistikoarekin. Haien balio sinbolikoa da desiratzen. Balio sinbolikoa da aldarrikatzen Picassoren Gernika Gernikaratzeko eskatzean; edota Eusko Jaurlaritzak Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua erakusleihoan jartzean.
Balio sinbolikoen hedatzea literaturaren funtzio sozialetariko bat da. Kontua da, azkenaldian balio sinboliko horiek gehiegitan bihurtu direla balio ekonomiko, edota alderdikerietarako ikur. Zalduak adierazi bezala, ziur asko, horrek eragiten du bertigoa. Gertaerak gertaera, historiak historia… ez litzateke ezertxo ere aldatuko gertaera literarioen balio sinbolikoa beste interes batzuetara makurtzea bada joera nagusi. Instituzio politiko eta ekonomikoek balio sinboliko horiek irensteko eta asimilatzeko horrenbesteko gaitasuna duten bitartean, ez da orainaldia eraldatuko duen balizko iraganik.
Literatura. Hirudia
Balizka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu