Zinema. Estreinaldiak

Balletaren alderdirik ilunena

Darren Aronofsky zuzendariak itxurazko edertasunaren azpian ezkutatzen den gaizkia azaleratu du 'Black Swan' filmeanNatalie Portmanek erronka handia izan du aurpegi biko dantzari baten rola gorpuzten

Natalie Portman aktoreak Urrezko Globoa irabazi du, eta Oscar sarietarako hautagai da Black Swan filmarengatik. - / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Edertasunarekin, harmoniarekin eta liraintasunarekin lotu ohi da balleta. Misterio puntu bat duen mundua ere bada, eta askotan elitismoarekin ezkondu izan ohi da. Dena den, inor gutxik espero ahal zuen balleta maltzurkeriarekin eta izuarekin lotzen ahalko zela. Are gutxiago, Zisneen lakua lan ezagunaz ari bagara. Horixe da Darren Aronofskyk Black Swan-en egin duena.

Zuzendari estatubatuarrak drama psikologiko gordina egin du, thrillerra ia-ia. Hau, berez, ez da sobera arraroa, azken urteotako generorik kutunetakoa bihurtu baita; berezitasuna istorioa gertatzen den ingurunean dago. Ballet munduaren muinera eraman du desoreka Aronofskyk, kanpotik begiratuta sumatzen den oreka hauskor hori hankaz gora jarri nahian. Trumoi psikologikoa ballet aretoan. Neurri batean, Michael Hanekek La pianiste-rekin egin zuen gauza bera egin nahi izan du zinemagileak: itxurazko edertasunaren azpian ezkutatzen den gaizkia azaleratu.

Alde horretatik, Aronofskyk berak onartu du Black Swan-ek zerikusi handia duela bere azkenaurreko filmarekin, The Wrestler bikainarekin. Itxura batean, borrokaldien eta balletaren munduek ez dute zerikusirik, baina aurreiritziak alde batera utzita, lotune ugari agertuko dira. Biak ala biak mundu hertsi samarrak dira, kanpora erakusten dutenetik bizi direnak, eta bien kasuan, artea bezain inportanteak dira horren inguruan dauden apaingarri guztiak. Halaber, borroka librea eta balleta koreografian oinarrituta bizi dira.

Zisne zuri-beltza

Horregatik guztiagatik, Natalie Portmanek film honetan jokatzen duen rola, neurri handi batean, Mickey Rourkeren borrokalari etsiaren luzapen gisa ikusten ahal da. Baina Black Swan-eko Ninak baditu beste ispilu batzuk begiratzeko. Izan ere, bi alde kontrajarriak dituen pertsonaia eraiki du Aronofskyk, argia eta iluna, ona eta zitala. Ez du kasualitatez Zisneen lakua aukeratu filmaren oinarri gisa, horretan ere dantzariak berak bi rol oso kontrajarriak jokatzen baititu: zisne zuria eta zisne beltza.

Nina bunhead bat da, ehuneko ehunean dantzari emana bizi den pertsona, hortik kanpo ez du deus. New Yorkeko dantza konpainian aritzen da, eta amarekin bizi da. Konpainia Zisneen lakua lana prestatzen hasiko da, eta zuzendari artistikoak lehen dantzaria aldatzea erabakiko du. Nina hura ordezkatzeko hautagaia da, eta dantzariak zoratzen hartuko du gisako aukera.

Baina ez da hautagai bakarra. Zuzendariak zalantza handia du, beste dantzari bat ere, Lily, aproposa iruditzen baitzaio. Kontua da Ninak oso ongi jokatzen ahal duela zisne zuriaren rola eta Lilyk, berriz, zisne beltzarena. Baina bakar batek egin behar du biena. Horren aurrean, bi dantzarien arteko lehia areagotuko da. Bien bitartean, Ninak bere ohiko inozentziari muzin egin eta alderdirik ilunena indartzen saiatuko da.

Pelikula erronka handia izan da Natalie Portmanentzat. Aktoreak ballet dantzari baten moduan mugitzen ikasi behar izan du; horretarako, hamar hilabete egon da balleteko ikastaro trinko bat egiten. Ez hori bakarrik, istorio berean bere alderik gozoena eta krudelena erakutsi behar ditu Nina pertsonaiak, eta hori ez da kontu erraza.

Baina onik atera da. Mickey Rourkerekin gertatu zen bezala, Aronofskyk jakin du harengandik onena ateratzen. Esfortzu horren ondorioz, hainbat sari garrantzitsu jaso ditu Portmanek; horien artean Urrezko Globoa.

Filmak ere oso harrera ona izan du iaz Veneziako jaialdian estreinatu zutenetik. Oscar sarietarako bost hautagaitza ditu, horien artean pelikula, zuzendari eta emakumezko aktorerik onenarenak.

Sariaz harago, Black Swan-ek berretsi du Darren Aronofsky dela bere belaunaldiko zuzendaririk interesgarrienetakoa. Hasiera ezin indartsuagoa izan ondoren —kultuzko bihurtu diren Pi eta Requiem for a Dream pelikulekin—, The Fountain-ekin alarma gorria piztu zen, anbizioa eta sormena lotzea kontu zaila baita. Zorionez, orain dela hiru urteko The Wrestler-ekin bide oneraitzuli, eta Black Swan-ekin heldutasunera ailegatu den zinemagilea dela erakutsi du.

'BLACK SWAN'

Zuzendaria: DarrenAronofsky.

Aktoreak: Natalie Portman, Mila Kunis, Vincent Cassel.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2010.

Iraupena: 103 minutu.

Estreinaldiak: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Aurreko astean estreinatu zuten Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.