Baraja hautsi dute 29 idazlek

Euskadi literatura sarietan parte hartzeari uko egin eta manifestua zabaldu dute beren kritikak plazaratzeko

JUAN LUIS ZABALA DONOSTIA
2007ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Jon Alonso idazleak Argia aldizkariaren urtekarian argitaratutako Kritika Sariak artikuluan egindako proposamenak oihartzuna eta erantzuna izan du. «Planto egin, baraja zaharra puskatu eta berria eskatu» egin zuen aldarri Alonsok artikulu haren azken paragrafoan. 29 idazlek manifestu bat adostu eta plazaratu dute: Utikan Euskadi Sariak; eta manifestu horren sinatzaile guztiek uko egiten diote Euskadi literatura sarietan parte hartzeari, hala lehiakide nola epaimahaikide gisa.

Atzo eguerdian egin zuten Utikan Euskadi Sariak manifestuaren aurkezpena agiriaren sinatzaileek, Donostiako Bulebarrean. Manifestua sinatu duten 29 idazleen arteko 11 izan ziren aurkezpenean. Jon Alonso, Koldo Izagirre, Jose Luis Alvarez Txillardegi eta Edorta Jimenez horien artean.



ATXIKIMENDU GEHIAGOTARA ZABALIK. Kazetarien aurrean manifestua irakurri ondoren, testua Interneten ezarria dagoela eta nahi duten idazle eta itzultzaile guztiek sinatu eta atxikimendua adierazteko aukera dutelaadierazi zuen, manifestua sinatu duten idazle eta itzultzaileen eledun gisa, Edorta Jimenezek. «Atxikimenduak jasotzeko atea zabalik dago, ulertuko duzuenez ez baikara oraingoz idazle eta itzultzaile guztiengana iritsi. Beraz, 29 laguneko zerrenda hau orain artekoena da, eta ezin dugu esan zenbatenganaino iritsi garen, eta ezta zer erantzun duten ere, hori diskrezionala baita».

1997az geroztik, Euskadi literatura sarien aro berria abian jarri zenetik, aurreko urteko liburu onenak saritzen ditu urtero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskadi literatura sarien bitartez: euskal literaturako libururik onena, euskarara itzulitako literaturako libururik onena, euskal haur eta gazte literaturako libururik onena eta gaztelaniazko libururik onena.

Urtean argitaratutako liburu guztiek hartzen dute parte, automatikoki, lehiaketan, inork aurkeztu beharrik gabe. Arlo bakoitzeko epaimahaiak bosna finalista hautatzen ditu, eta hautaketa egin ondoren hautatutako bost liburuen egileei ohartarazten zaie finalistak izateko aukeratuak izan direla. Abisu horren ondoren, bost eguneko epea dute beren obra finalisten artetik erretiratzeko. Egileak kontrako ezer adierazi ezean, epaimahaikideek hautatutako obra guztiak finalista izendatzen dira, eta horien artean hautatzen da gero irabazlea.

Utikan Euskadi Sariak manifestuaren sinatzaileek ez dute nahi beren lanak Euskadi literatura sarietan nagusitu diren «parametroetan» neurtuak izan daitezen, eta, horregatik, hastapenetik erretiratzea erabaki dute.



OraIn arTeKo sarIDunaK

Urtea Euskal Itzulpengintza Haur eta gazte Gaztelaniazkoliteraturaliteratura literatura

1997 Aingeru Epaltza Jose Morales Belda Bernardo Atxaga Pedro Ugarte

1998 Felipe Juaristi Jon Muñoz Patxi Zubizarreta Jose F. de la Sota

1999 Anjel Lertxundi Juan Garzia Juan Kruz Igerabide Bernardo Atxaga

2000 Lourdes Oñederra Irene Aldasoro Felipe Juaristi P. Diaz-Mas

2001 Ramon SaizarbitoriaJosu Zabaleta Karlos Linazasoro F. Aranburu

2002 Itxaro Borda Iñaki Mendiguren Miren Agur Meabe Miguel Gonzalez

2003 Pello Lizarralde Koro Navarro Fernando Morillo A. Altarriba

2004 Jokin Muñoz Antton Garikano Txiliku Eduardo Gil Bera

2005 Harkaitz Cano Karlos Zabala Xabier Olaso Ramiro Pinilla

2006 Iban Zaldua Xabier Olarra Patxi Zubizarreta J.de Dios Lopez

Informazio gehiago: www.kultura.ejgv.euskadi.net:80/ r46-8715/eu/contenidos/informacion/euskadi_sariak/eu_sariak/presentacion.html





manIFesTua

Utikan Euskadi Sariak

Honako hau da Euskadi literatura sarietan parte hartzeari uko egin dioten idazle eta itzultzaileek sinatu eta zabaldutako agiria. Sinatu nahi duten idazle eta itzultzaileek www.utikan.com webgunean dute horretarako aukera.



Behean sinatzen dugunok uko egiten diogu Euskadi Sari hauetan parte hartzeari, hala lehiatzaile gisa nola epaimahaiko gisa.

Gure arrazoiak hauek dira:



Baieztatu ahal izan dugu, urterik urte, gero eta ageriago, sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea.

Sarion helburua, funtsean, egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen.

Horretarako, antolamendu instituzionaletan behin eta berriz ageri den literatur aditu multzoaz eta zenbait erakunde gremialen dependentziaz baliatzen dira Euskadi Sariak.

Zenbait teknikari, kritikari eta epai-mahaikok osatzen duten literatur sistema kudeatzen duen multzo horrek, irregulartasunak egin eta ontzat ematerainoko jokabidea erakutsi du, pertsonari dagokion diskrezionalitatetik harantzago joanez.

Ondorioz, Euskadi Sariek literaturaren kontzeptu murritz bat hedatzen dute iritzi publikoan eta irakurlegoan.

Jardun intelektual libre eta kritiko, kultura anitz, garatu eta agintearekiko autonomo baten alde gaudenez eta Euskadi Sarien erabakiek, daukaten oihartzun mediatikoarengatik, zeharka bada ere gure lanaren kalitatearen gaineko balioespena zein gutxiespena ezartzen dutenez, argi utzi nahi diegu gure irakurleei ez dugula horrelako parametroetan neurtuak izan nahi.

Euskadi Sarien oinarriek idazle guztien borondaterik gabeko parte hartzea dakartenez, agiri hau ezagutzera ematea erabaki dugu, guk ez dugula joko hori jokatuko aldarrikatzearren. Alegia, ez dugula nahi gure lanak Euskadi Sari hauetan erabil ditzaten.



Orain arteko sinatzaileak:

Markos Zapiain, Urtzi Urkizu, Txillardegi, Joseba Tobar-Arbulu, Pako Sudupe, Asier Serrano, Eider Rodriguez, Paddy Rekalde, Mikel Peruarena, Jose Luis Otamendi, Joxan Oiz, Xabier Mendiguren Elizegi, Juanra Madariaga, Josu Landa, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Oier Guillan, Lander Garro, Xabier Gantzarain, Julen Gabiria, Lucien Etxezaharreta, Igor Estankona, Joxan Elosegi, Lutxo Egia, Xabi Borda, Gari Berasaluze, Gotzon Barandiaran, Iñigo Aranbarri, Jon Alonso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.