Kultura

Barandiaranen egunerokoaren lehen zatia argitaratu dute, 1917-1936 artekoa

Joxe Miguel Barandiaran (Ataun, 1889-1992) antropologo eta ikertzaile handiaren egunerokoa argitara emango du izen bereko fundazioak. 28 urterekin hasi zen Barandiaran egunerokoa idazten, eta hil arte eutsi zion ohitura horri. Ondorioz, lan oparoa da, liburuki batean argitaratzeko mardulegia. Lehen atala aurkeztu dute gaur: 1917an egunerokoarekin hasi eta 1936an erbesteratu behar izan zuen arte idatzitakoa.

2006ko martxoaren 30a
17:23
Entzun
Bi liburukitan aurkeztu du Barandiaran Fundazioak lehen atal hori: batean, egunerokoa bera jasotzen da, Barandiaranek idatzi bezala, faksimiletan. Beste liburukia eskuizkribu horren transkripzioak osatzen du.

Azken batean, 1917tik 1936 arte Barandiaranek egindako lanak eta izandako bizipenak jasotzen dira bi liburuki horietan; areago, tarte horretan gertatu ziren hainbat gertakariaren aurrean —Espainiako II. Errepublikaren aurkako Francoren altxamendua eta erbesteratu beharra— izan zuen ikuspuntua.

Egunerokoaren zatirik handiena gazteleraz dago idatzita, sasoi hartan hura baitzen Barandiaranen ohitura. 1936ra hurbildu ahala, ordea, areagotu egiten dira euskaraz idatzitako pasarteak.

Arestian aipatu bezala, hil arte eutsi zion Barandiaranek egunerokoa idazteko ohiturari. Beraz, zati handi bat oraindik argitaratzeke geratzen da. Fundazioak badu hori guztia plazaratzeko asmoa, beste bi ataletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.