Gaspar Jaurena. Baietz taldeko musikaria

«Barne egitura eta estetika kode oso bereziak ditu Euskal Herriko musikak»

Sustraiei keinu eginez, Argentinako Baietz musika taldeak lan aitzindari bat egin du, Euskal Herriko musika tradizionala biltzen duen lehenbiziko diskoa kaleratu baitu herrialde hartan.

BAIETZ.
Ane Urrutikoetxea.
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Arbasoen sustraiak bizibide bihurtu dituzte Baietz taldeko musikariek. Argentinan jaio eta bizi dira, baina Euskal Herriko musika tradizionalak liluraturik, euskara ikasi, eta itsasoz bestaldeko abestiak eta instrumentuak lantzeari ekin zioten. Taldearen ekimenak arrakasta nabarmena izan du, eta euskal musika tradizionaleko lehen diskoa argitaratu dute Argentinan. Gaspar Jaurena Baietz taldeko musikariak (Cordoba, Argentina, 1987) diasporako sei lagunen ametsak eta helburuak azaldu ditu.

Nola hasi zen Baietz taldearen ibilbidea?

Baietz duela hiru urte sortu zen, Euskal Herriko instrumentuak eta euskara ikasten hasi ginenean. Orduan ez genuen ensamble bat egiteko asmorik, baina sorterriko instrumentuak jotzen hasi ginenean etorri zitzaigun soinu motekin lan egiteko ideia burura. Guztira, sei musikarik osatzen dugu taldea. Musikaren adar ezberdinak ezagutzen ditugun irakasleak gara denak: Fernando Zabalza, Agustin Alonso, Franco Seghesso, Marco Seghesso, Noe Fernandez eta ni neu.

Zergatik hasi zineten Euskal Herriko musika tradizionala lantzen?

Arrazoi ugari izan ziren, baina nagusiki soinu eta erritmo horiekin lan egiteak erakarri gintuen. Bilatzen genuen soinu motaren oso antzekoa zen euskal musika tradizionala. Gainera, musika mota hori gurea ere sentitzen dugun mundu beretik dator. Euskal Herriko tradizioak etengabe harritzen gaitu bere edertasunarekin; izan ere, baliabide iturri indartsua da tradizioa. Gure ustez, Euskal Herriko soinuak musikari guztiek ezagutu beharko lituzkete; barne egitura eta estetika kodeak oso bereziak dira. Musika mota honek asko dauka esateko.

Denek al dituzue euskal sustraiak?

Taldekideen erdiek dauzkate sustraiak Euskal Herrian, eta horrek izugarri lagundu digu. Entzule gehienentzat sorpresa handia da Argentinako sei lagunek musika mota hau egiten dutela ikustea; Argentinan, osoki euskarazkoa den errepertorio bat jotzeko gai garela ikusteak harritzen ditu gehien. Horrek oso harro sentiarazten gaitu.

Instrumentuak ere egiten dituzue. Sustraiak mantentzeko egiten duzue horrenbeste lan?

Euskal kultura denon artean zaindu eta eraiki behar dugun oinordekotza da. Musikari dagokionez, aurreko maisuez ikastea da gure helburua. Duela 50 urteko Argentinan, euskal musika lantzen zutenak asko ziren, baina arrazoi askorengatik, gutxi gara gaur egun. Ez zitzaigun bidezkoa iruditzen ohiturak galtzea.

Lehen aldia da Argentinan Euskal Herriko musika tradizionala biltzen duen disko bat argitaratu dena. Zer aurki daiteke bertan?

Lehenik eta behin, gure proiektuaren alde apustu egin zuten argentinar askoren laguntza. Etamusikari dagokionez, Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko nahasketa bat biltzen du diskoak: kreolea, sorterrikoa eta afroamerikarra. Itsasoz bestaldeko musika tradizionalaren ikuspegi amerikarra landu dugu. Nagusiki, disko honek diasporak Euskal Herriarekin duen harremana eta ardura islatzen du.

Argentinako entzuleei zerk ematen die atentzioa? Eta euskaldun bati?

Argentinar bati, gure musika kulturan izan diren soinuak gogora ekarriko dizkio; izan ere, euskal kulturak indar handia izan baitu gure herrialdean. Eta euskaldun batek, berriz, bere herriko tradizioa gure belaunaldian oraindik ere bizirik dagoela ikusiko du, sorterritik milaka kilometrotara egon arren.

Etorkizunean ildo beretik jarraitzeko asmoa al duzue?

Argentinan kontzertuak egiten jarraitzeaz gain, bigarren diskoa argitaratzeko asmoa dugu. Besteak beste, hona etorritako bertsolariek egindako ekarpenak bilduko ditu lan berriak. Horrekin batera, diaspora askotatik lan egin duten musikarien ekarpenak ere bilduko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.