Kunthaus Zürichek eta Guggenheim Bilbao Museoak elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta urriaren 6a arte egongo da ikusgai museoko hirugarren solairuko aretoetan. Bertan, artelan garaikideen eta XVII. mendeko obren arteko «elkarrizketa» sortzen du. Artearen historiari begirada berritzailea eman nahi izan diola adierazi du Bice Curiger komisarioak. «Helburua ez da maisulanen jaialdi bat eskaintzea, baizik eta duela hainbat mendetako artea guregana hurbiltzea eta ulergarri izatea. Orainaldiko lanek antzinako artearen interpretazio berriak aurkitzen lagun diezaguke», azaldu du.
XVII. mendeko sortzaileak, Francisco de Zurbaran, Simon Vouet, Alessandro Magnasco; eta egungoak, Maurizio Cattelan, Glenn Brown, Rebecca Warren... Ehun artelan baino gehiago daude erakusketan, hainbat kapitulutan banatuta. Muntaia zinematografikoaren teknika erabiliz, gaika sailkatu dituzte obrak; landa giroa, eszena bukolikoak, erlijioa, eta gehiegikeriak, besteak beste. Barrokoan oso ohikoak ziren gaiak.