'Barrura begiratzeko leihoak' filma irailean estreinatuko da

'Zinez' txartelarekin lana finantzatzen lagundu dutenentzako estreinatu aurreko emanaldia egingo dute

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Barrura begiratzeko leihoak bost presoren inguruko film dokumentala irailean estreinatuko dute. Aurretik, baina, filma finantzatzeko 20 euroren truke Zinez txartela erosi —1.000 txartel saltzea espero dute— dutenentzako estreinatu aurreko emanaldia egingo dute, Viktoria Eugenia antzokian. «Gure asmoa Donostiako Zinemaldian estreinatzea da, baina hala gertatzen ez baldin bada, zinema aretoetan egingo dugu», adierazi du Josu Martinez filmaren koordinatzaileak eta Zinez ekoiztetxearen arduradunak.

Bost dokumental laburrez osatutako dokumentala da Barrura begiratzeko leihoak; 90 bat minutuko iraupena duena. Bost zinemagilek, Martinezek berak, Mireia Gabilondok, Eneko Olasagastik, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik egindakoa. Bakoitzak preso baten istorioa kontatu du.

PP eta PSEri erantzuna

Donostiako Udalak 9.000 euroko diru laguntza eman dio filmari, eta udaleko oposizioak, PPk eta PSEk, hori salatu du. Martinezek azaldu du «bilera bana» eskatu dietela Donostiako PPri eta PSEri. «Guk garbi daukagu ez garela politikariak eta ez dugula joku horretan sartu nahi. Kultur jendea gara, zinemarekin herri honi ekarpen bat egin nahi diona».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.