KRITIKA. Musika

Basamortu dantzagarria

Flying Mojito Bros taldearen diskoaren azala.
2025eko maiatzaren 11
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

FLYING MOJITO BROS

'Just Passing Through'

Diskoetxea: Ubiquity Records.

The Flying Burrito Brothers banda Los Angeles hirian eratu zen, 1969an, eta haien artean Gram Parsons eta Chris Hillman musikariak nabarmendu ziren. Taldeak ezagutza eta abilezia erakutsi zuen countrya eta rocka uztartzeko orduan, batez ere erreferentziazko The Gilded Palace of Sin diskoan jasotako kantuetan. Hala, taldearen ondarea funtsezkoa bilakatu zen gerora sortuko zen Americana edo country alternatiboa estiloa garatzeko. Eta, horrela, Burrito anaiei jarraikiz, hamaika banda sortu ziren 1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, tartean, Jason and the Scorchers, The Jayhawks, Wilco eta Drive By-Truckers. Harrezkeroztik, AEBetako sustraietan errotutako rock taldeen oihartzuna planeta osora zabaldu da.

Ben Chetwood eta Jack Sellen DJ britainiarrak zabalkunde horren adierazleak dira. Tradizio estatubatuarreko soinuek sorgindutako bi zale dira, eta beren ibilbidea country-rockeko klasiko andanaren nahasketa dantzagarriak egiten abiatu zuten. Hasiera batean nahaste horrek arrotza ematen bazuen ere, formulak ondo funtzionatu zuen. Horiek horrela, disko jartzaileek Parsonsek eta Hillmanek gidatutako banda mitikoa omenduko zuen egitasmoa eratu zuten: Flying Mojito Bros —britainiarrek berregindako klasikoen nahasketak 2022an plazaratutako Greatest Hits (1970–1983) bilduman jasotzen dira, non, besteak beste, The Doors, Neil Young, ZZ Top, CSNY, Santana eta Warren Zevon musikarien bertsio dantzagarriak bildu zituzten—.

Bada, Mojito anaiek aurrerapausoa egin dute oraingoan, haiek konposatutako kantuekin osatutako lana argitaratu baitute, Ubiquity Records diskoetxearen laguntzaz. Horretarako, hainbat musikariren laguntza izan dute, hala nola Shawn Lee (Young Gun Silver Fox), Joe Harvey-Whyte (The Hanging Stars) eta Joe Stoddartena (ABBA Voyage).

Grabazioan hamaika doinu biltzen dira, zeinak desertuko disco erritmoetan eta gaizkileentzako house giroetan oinarritzen diren: «Pentsa ezazue maitasunaren lehen uda bigarrenarekin aurkitzen: Crosby, Stills and Nash, Manchesterreko The Haçiendan; The Doors, Londresko Shoom klubean; The Chemical Brothers, Woodstocken».

Bikotearen webgunean jasotako deskribapen fin horren ondotik, hel diezaiogun grabazioaren muinari; hots, kantuei. Diskoa Area 54 doinuarekin abiatzen da, zeinak, suposatzen dut, New Yorkeko Studio 54 dantzaleku ezaguna aipatzen duen. Kilkerren eta bestelako intsektuen hotsen artetik hazten da abestia, eta grabaziorako sarrera aparta osatzen du, funka eta elektronika ezti uztartzen baititu, 1970eko urteetako Rolling Stonesekin lotzeraino: Sympathy For The Devil kantuaren zertzeladak nabaritzen dira, gehienbat perkusioengatik. Primal Screamen Screamadelica apurtzaile eta klasikoan izan zitekeen; Bobby Gillespieren taldea, hain zuzen, egitasmo honetarako erreferentzia egokia izan daiteke, Mojito zaleen proiektua rocketik baino klubeko kulturatik abiatu izanagatik ere.

Halaber, britainiarrak country eta rock alde gordinagoa erakusteko ere gai dira, besteak beste Slow Train To Fuego eta Thunder Exchange doinuetan entzuten diren espazioko western kutsuko gitarrak tarteko.

Laburbilduz, Flying Mojito Brosek asmatu egin dute ustez erabat kontrakoak diren bi estilo lotzen. Hala, muturreko bi lurralde soniko horien arteko alegiazko mugan entzuleak originaltasun ukituak antzemango ditu, eta hezurdura astintzeko aukera ere izango du, oro har ikuspegi elektronikoa gailentzen baita. Entzun eta gozatu beharrekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.