Katuajeak

Baskotasunaz

Lorea Agirre.
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Baskotasuna da Jaurlaritzaren Kulturaren Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroaren aitzakian aztertzea merezi duen kontu bat. Hasteko, lehenhurbilketarako. Badira puntu gehiago hala ere. Aurreko Jaurlaritzak apailatu zuen Kulturaren Euskal Plana omen du oinarri berriak, baina ukitu propioarekin ei dator. Ukitua nagusiki kultura, euskal eta basko hitzek jaso dute. Alegia,espainolezko eta euskarazko kulturaren bueltan dago katramila, aspaldi luzean bezala. Bestelakoan, aldaketa gutxi.

Horrek berresten du gure susmoa kultur politika bat edo beste aplikatzea ez dela gauzarik garrantzitsuena gurean, baizik eta hizkuntzei ematen zaien tokia eta tratamendua dela gakoa. Zehatzago esanda: euskal hiztun komunitateari, euskarari eta euskal kulturari aitortzen ote zaion berezkotasuna eta estatus beregaina, eta horrenbestez bere premietatik abiatutako kultur planik egiten ote den. Hori da kontua, hori da etorkizuna erraztuko edo zailduko diguna. Gainontzeko eztabaida guztia, hala ere, ez da ezdeusa: galtzen ari garen borroka ideologiko baten adierazgarri baita.

Katramila esan dugu. Lehenengo katramila Kulturaren Euskal Planak sortu zuen. Bazituen bere bertuteak, ezin uka, baita euskarari eta euskal kulturari zegozkionak ere. Baina fokua ez zegoen behar zuen tokian. Euskal eta basko hitzak parekatu arteko onik ez zuen izan, baina gauza batzuk ez dira ezkontzen. Dokumentuaren euskal bertsioa bereziki bortxatua zegoen parean ez datorrena parera ekarri beharraren beharraz. Euskaraz esan 'euskal kultura' edo gazteleraz esan 'cultura vasca' ez baita gauza bera. Eta hortxe hasten da gero eta korapilatsuago den katramila gizentzen.

Herritartasun Kontratuak sakonetik moztu nahi izan du korapiloa. Aurreko planean sumatu zitekeen baskoak euskaldun ez izateak arranguraren bat-edo sortzen ziola inori, halako kezka ezin aitortuzko bat. Oraingo planak burukomin gutxi du horrekin. Euskaldunak badira, eta baskoak ere bai, eta beraz, kulturak daude, pluralean. Bi hizkuntzetan, gazteleraz eta euskaraz. Baina, hemen ere, testua traizio egiten. Halako batean'Euskal Herriko kultura' aipatzen da globalizazioaz ari dela, eta ondotik 'kultura txiki' ageri da, eta ematen du 'Euskal Herrian' egiten den kultura horretaz ari dela: alegia, gune geografiko horretan egiten den kulturaz , txikia dena jende gutxi garelako, egin euskaraz edo egin espainolez. Besterik da 'Euskal Herriko' horrekin zer esan nahi duen.

Biak hala biak daude katramila berean sartuta. Eta galderak (gehiago) ekidin ezinak dira: zertara dator halako nahasmena euskal eta basko hitzekin? Zergatik halako tema euskal eta basko parekatzeko? Zergatik euskal horri hizkuntza erauzi? eta baskoari, aldiz, berea utzi? Nolatan iritsi gara basko izateko euskara jakin beharrik ez izatera? Nolatan iritsi da baskoa euskal-herritartasunaren gune sinboliko zentrala bereganatzera?Nolatan gaude euskaldunok gero eta egoera periferikoagoan? Zergatik hizkuntzak definitu eta zedarritu ezin duen kultura hori gehienetan espainolez (edo frantsesez)mintzo da?

Izan ere, baskoa erdaratik begiratuta baino ez da existitzen. Txepetxek ondo zioen bezala, baskoa, euskaratik begiratuta, desnatibizatutako euskaldun bat da: alegia euskara galdu duena. Oso erraz da beraz, baskoa euskaldun bihurtzen. Ez da odol frogarik behar, ez abizenik, ez paperik, ez pasaporterik. Ba al dago formula integratzaileagorik?

Etxeparek, 1545ean, «heuscara bascoak orok preciatzen/ heuscara ez iaquin arren» zioen. Euskaldun eta basko bereizketa hori horrela zen ordura arte, ordudanik luzatu zen frankismoaren bukaerara arte. Demokraziarekin hasi zen 'euskal' hitzaren besteratzea, eta baskotasunaren eraikuntza berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.