Basurde inguratu bat nolako, andre halako

Miren Amurizak 'Basa' eleberria argitaratu du, adineko emakume baserritar bat protagonista duena. Igartza saria irabazi ostean ondu du lana, eta zaintzaren gaineko ikuspegi ezberdinen talka agertu du

itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Ezaguna du plaza publikoa, eta plazak ezagutzen du bera; bertsolari jardunagatik, batik bat, baina baita hainbat komunikabidetan egindako kolaborazioengatik zein haur eta gazte literaturako lanengatik ere. Eta, halere, ezberdina zuen atzokoa Miren Amurizak (Berriz, Bizkaia, 1990). 2017ko udazkenean irabazi zuen Igartza saria —Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean ematen dute—, eta haren laguntzarekin idatzitako eleberria aurkeztu zuen: Basa. Sariketara aurkeztutako proiektuak Paperezko txoriak zuen izena, eta izen aldaketak berak hasierako asmotik hona egindako bidea erakusten duelakoan da. «Oso leku diferente bi dira hasi nintzenean ni nengoena eta orain nagoena; eta oso leku diferente bi dira hasi nintzenean helmugatzat markatu nuena eta azkenean iritsi naizena».

Beti idatzi du, beti izan du gustuko, baina «nekeza eta sufritua» ere egin zaio azken urteko sormen lana. Puzzleak egitearekin erkatu du idaztea: «Behin puzzleak egiten ikasitakoan, jada badakizu nola atera kaxatik, piezak mahaian jarri... Egunero-egunero idazten nuenez, uste nuen banekiela idazten, eta nobela baterako, puzzle handiago bat egin behar nuela. Puzzleekin normalean aurrena markoa egiten da, eta gero barrukoa bete. Proiektua aurkeztu nuenean, marko oso zabal bat jarri nuen, eta barruan pertsonaia eta gai asko sartu. Nire bizitzako puzzlea, hantxe esan nahi nuen den-dena! Baina ez nuen eduki kontuan detaile bat: puzzlea zenbat eta handiagoa, piezak txikiagoak izaten dira, hari finagoarekin jostekoak. Orduan, hasierako markoa handi geratu zitzaidan, eta soilketa lan bat egin behar izan dut; marko txikiagoa sortu, benetan jo adierazi nahi nuenera». Alde horretatik, liburua idaztea «apaltasun lezio handi bat» izan dela dio, baita ikasketa prozesu eta esperimentazio gune ere.

Hiru hitzetan, «trinkoa, hautemangarria eta zuzena» bezala definitu zuen liburua. «Nobela labur bat, bizia, ahal beste soildua». Erritmoa biziagotuz eraiki du kontakizuna; aurrera egin ahala, gorantz doa tentsioa, abiadura, protagonistaren itomena. Liburuaren «soinu munduak» ere islatzen du giroak egiten duen bidea: ospitale gela bateko hustasunean abiatzen da, non izara gaineko marruskadura ere entzuteko modua den; eta, kontrastean,baserri bateko sukaldea ageri da amaieran, non irratia piztua den, telebista, ur txorrota, fluoreszentearen dardara, zaunkak...

Menderakaitza, lokatza

Liburu hasieran hiztegi sarrera bat ageri da, basa hitzaren bi adierekin: izenondo modura, domestikatu gabea, menderakaitza, salbaia, biolentoa; eta izen modura, lohia, lokatza. Irakurlea kokatzeko baliatu du, batik bat, idazleak. «Kontaketa basa batean lur hartzen ari dela abisatzen du;tentsio maila nahiko altua da-eta liburua hasten denerako».

Bi adierek dute lotura protagonistarekin: Sabinarekin. Adineko andre bat da, alarguna, baserritarra. Askotan agertuko da lokaztua, basak hartua. «Baina harentzat basa hori ez da zikina izango; bai bere seme-alabentzat». Bigarren adierak lotura estuagoa du, halere, Sabinarekin; basatiaren zentzuak, menderakaitzarenak. Eta hor azpimarra berezia egin zuen Amurizak: «Sabinaz ari naizenean ez naiz basa andre batez ari, baizik andre basa batez». Lehenengoak izan dezaken dimentsio mitologikotik urrun, lurtarra delako, zentzurik literalenean. «Andre basa bat da enbor bat soka batekin lotu, soka gerritik lotu eta zelai batean alde batetik bestera eramateko gai dena; zauri bat egitean txakurrari ematen diona miazkatzeko, eta hori da Sabina». Baserri auzo batean hazia izanik, ume garaian ezagututako andreei ikusitakoak, haiekin bizitakoak eta barruratutako irudiak baliatu ditu hura eta haren ingurua sortzeko. «Gure auzoko etxeetan ohikoa zen ikustea, sarreran, bildotsak larrututa, begiak irten-irten eginda, eskegita, odola egunkari orrietara isurtzen; edo zenbatetan ikusi dudan gure amona bi txakurren arteko borrokan sartzen, birritan pentsatu gabe».

«Animaliatik» eraiki nahi izan du pertsonaia. Batekin alderatzekotan, basurde batekin alderatu du: hezi ezin dena, gauez ikusmen ona duena, giza jendearekiko kontaktua saihesten duena, eraso egiten diotela sentitzen duenean oldartzen dena... «Mehatxatua sentitzen da, ikusten duelako bere eragin esparrua txikituz-txikituz doala. Basurde inguratuaren irudia eta Sabinarena momentu honetan oso bat datoz».

Baina halakoa bada, ez da «naturalki» hala sortua delako. «Neurri batean bai, baina neurri handiagoan ez». Hori galdetzea izan da eleberriaren xede handienetako bat Amurizarentzat: «Nola hel daitekeen 80 urteko andre bat hain basa izatera».

Zaintzaren gatazka eremua

Sabina izango da eleberri hasieran ospitalean azalduko dena. Ebakuntza bat egingo diote, eta, orduan, zaintzailea izateari utzi—baserrian bizi den Henry koinatua zaintzen du—, eta zaindua bihurtuko da. Lehenengoa «boteretik, agentziatik» biziko du, Henry zaindu baino gehiago «gobernatu» egiten duelakoan; bigarrenean, baina, seme-alabek bera zaindu ez, «kontrolatu» egiten dutela sentituko du. «Hor dago guk nola ulertzen dugun zaintza gaur egun, eta nola bizi duen beste belaunaldi batek». Bere hiru seme-alabek ere modu diferenteetan egingo diote aurre amaren ardurari. «Zaintza gatazkagune bezala», hori Basa-ren ardatza. Eta horren bueltan, zahartzea, bakardadea, menpekotasuna, deslegitimazioa eta beste asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.