Iñaki Añua. Gasteizko Jazzaldiko presidentea

«Bat-batekoa da musikariaren eta publikoaren arteko korrontea»

40 urte egingo ditu aurten Gasteizko Jazzaldiak, hirugarrenetik aurrera Añuaren gidaritzapean; «blues, jazz, gospel eta kito; ez gara desbideratu», aipatu du jaialdiaren indargune modura.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Musikari eskainitako tenplu txiki baten antza du Gasteizko Jazzaldiko bulegoak. Edonora begiratuta, badago argazkiren eta afixen bat. Denek dute atzean istorioren bat. Mahai nagusian eseri da jaialdiko presidentea, Iñaki Añua (Gasteiz, 1943), atzean Dizzy Gillespieren argazki handi bat duela. Euskal txapel bat jantzita ageri da tronpeta jotzailea. 1989. urteko emanaldiek utzitako une gogoangarri bat izan zen. 40. aldia abiatuko du gaur jaialdiak, eta halako hamaika pilatu ditu.

Jaialdiaren arima eta historia da Añua. Ez zen hasieratik egon, ordea. Jazzaldiaren hirugarren urterako deitu zuten. «Aurrezki kutxako bi pertsona etorri zitzaizkidan, Fernando Sogo eta Natxo Vesga. Nik zalantzak nituen, baina hitz magikoak bota zituzten: edo zuk egiten duzu, edo desagertu egingo da jaialdia». Erabaki hura hartuta, gaurdaino eutsi dio.

Bitarteko xumeekin hasi zen jaialdia. Behin-behineko bulego bat izan zuen Añuak, haren etxebizitzaren azpian zegoen beste etxe batean. «Telebistako saioak gustuko ez nituenean, hara jaisten nintzen, eta goizaldeko hirurak arte egon. Ez zen oso sanoa», gogoratu du.

Garai hartan antolakuntzako kide guztiak, Añua barne, kobratu gabe aritzen ziren, boluntario. Bosgarren urtean iritsi zen lehen izarra: Oscar Peterson. Quebectarra hartzeko OPI areto bat inprobisatu behar izan zuten. «Sarreren salmentei buruz galdetu zidan. Aparteko interesik ez nuelako agertzen harritu zitzaidan. Orduan azaldu nion guk ez genuela kobratzen, eta txundituta geratu zen. Esan zidan lehen aldiz ariko zela jazza maite zuen eta doan egiteko prest zegoen jendearekin. Egunaren amaieran, zoragarria izan zela esan zidan, eta ez zuela ahaztuko». Harremanari eutsi zioten gero musikariak eta antolatzaileak, eta aurkitzen ziren bakoitzean Gasteizera egindako lehen txango hura izango zuen hizpide Petersonek. «Gaur egun, kobratzen dugu jazzaldiko batzarrak jartzen digun soldata. Ez gara aberastuko, baina ez gara kexatuko», azaldu du Añuak.

Belaunaldi berrientzat naturala da Gasteizen eta jazzaren arteko lotura. Ohitu dira urtero musikari ezagunak hirian izatera. Baina izan ziren beste garai batzuk, ilunagoak. «1950eko hamarkadan, nire anaia nagusiak, Javierrek, eta Luis Abaituak jazz musikari buruzko programa bat egiten zuten Radio Vitorian. Hiri honetan jazz musikari buruz hitz egin zen lehen aldia izan zen, nik dakidala». Txikitan ez zuen gehiegi erakartzen, baina, anaiari esker, 12 urte zituela kosk egin zion zaletasunaren harrak Iñaki Añuari.

Lau hamarkada hauetan publiko berria erakartzea lortu dutela uste du. Argi ditu gakoak. «Ez gara desbideratu, beste jaialdi batzuk bezala. Blues, jazz, gospel eta kito», dio. Blues asko programatzen duen jaialdia da Gasteizkoa—aurten, Taj Mahal egongo da—, eta ikusle gazteengana hurbiltzeko modu gisa ikusten du jaialdiaren sustatzaileak. «Jazzaren sustrai sakonak hor daude. Rock-and-rolla musikari zuriek egindako rhythm and blues da». Gospel eskaintza ohikoa ere ideia horri lotu dio. «Mendizorrotzara joateko, ondo pasatzeko, beldurra kentzen badute ikusleek, zaletu eta itzuliko dira».

Jazz musika ezberdintzen duen mamia zuzeneko emanaldietan dagoela azpimarratu du. Hor dago bere magia. «Une horretan bertan sortzen ari den artista bat entzuten ari zara. Musikariaren eta publikoaren arteko korrontea bat-batekoa da. Sentitzen da. Neuk sentitzen dut».

Redmanen txaloaldia

Duela urte batzuetako adibidea eman du iritzi hori argudiatzeko. «Joshua Redman egon zen, saxofoi jotzailea. Ez da musika erraza harena. Bada, emanaldiaren erdi aldera zegoela, People like me izeneko abestia jo zuen. Kiroldegi osoa, publiko guztia altxatu zen amaitzean, eta txaloka hasi zen, zutik. Urte hasieran ikusi nuen, New Yorken. Hunkitu zela azaldu zidan. Sekulakoa izan zela ikusleak hiru minutuz txaloka ikustea». Kontzertu hura grabatua du Añuak, eta, egun batean, kronometratzea bururatu zitzaion: lau minutu eta erdi pasatxo izan ziren guztira. Gasteizen jazza maitatzen eta prezatzen dakien publiko baten seinale ere bada, Añuaren aburuz.

Jazzaldiaren historia luzean mugigaitza den beste elementu bat kokalekua da. Hasieratik, Mendizorrotzako kiroldegian egin dira emanaldi nagusiak. Ez da ohikoa, horrelako espazioek amesgaizto akustikoak izateko ospea baitute; ondo irabazitakoa, gainera. Bi gako aipatu ditu jaialdiko presidenteak. Batetik, produkzio arduraduna: Fernando Diaz, gaur egun Alejandro Sanz musikariaren soinu teknikaria ere badena. «Egon daitekeen onena da, inolako zalantzarik gabe. Mendizorrotza bere etxea balitz bezala ezagutzen du».

Bigarren gakoa diseinua bera da. Zerra baten itxura du teilatuak, eta, horri esker, soinu uhinak hausten ditu. Musikazale batek, Enrique Marimon arkitektoak, eraiki zuela azaldu du Añuak, 1969an. Hamaika aldiz aipatu da jaialdia lekuz mugitzeko aukera, eta inoiz ez da gertatu. «Eraiki zuen arkitekto horrek esan zidan Mendizorrotzako kiroldegitik alde egiten genuen egunean jaialdia amaituko zela. Halako akustika aparta duen espazioa eraikitzeko gai izan denari sinetsi beharko diot, ezinbestean».

Legends, zailena

Elkarrizketa paretako argazkietara doa berriro. Behin baino gehiagotan ageri da Wynton Marsalis tronpeta jotzailea. Irudi batean, Marsalis, Clint Eastwood, Añua eta haren alaba daude. Montereyko jaialdian hartutakoa da, munduan dagoen jazzaldirik zaharrenean. «Ea Gasteiz Burgostik hurbil ote zegoen galdetu zuen Eastwoodek. Egona zela hor. Iparraldera esan nion, ordubetera. Ondoan, esan zidan. Amerikanoentzat ez da distantziarik».

Marsalis eta beste hamaika izar aritu dira Mendizorrotzan. Aretha Franklin ekarri ez izanaren arantza du sartua Añuak. Baina lorpenak ere hor daude. Zailena Legends izan zela dio, Marcus Miller eta Eric Clapton buru zituen supertaldea. Kontzertu gutxi batzuetarako bildu ziren. «Ezinegon handia sortu zidan; hamaika argudio irudimentsu bilatu behar izan nituen konbentzitzeko. Azkenean, Marcus Millerren managerrak deitu zidan Los Angelestik. Baietz, bira egun bat luzatu eta azken kontzertua Gasteizen joko zutela. Sekulako lasaitua izan zen niretzat».

Pasadizo ugari izan ditu, baina uzkur da memoria batzuk idazteko. «Gauza txarrak ere kontatu beharko nituzke», desenkusatu da. Izarkeri bat aipatu du, ordea. «Keith Jarrett Gasteiz hoteleko igogailutik atera zen, garrasi batean, kentzeko behingoagatik giro musika zatar hura, kutsatuko zela...».

Jazzaldiaren egunetan, gutxirako denbora du Añuak. Haren orena jaialdia igarota iristen da, grabazioak hartu eta Hondarribian duen etxean lasai gozatzen dituenean. Aurten argi du nondik hasiko duen entzunaldia. «Cecile Mclorin. 26 urterekin jazz abeslari onenaren saria lortu du. Beste musika batzuetan errazagoa izan liteke, baina ez jazzarekin. Hor beteranoek pisu handia dute».

Sarah Vaughanera salto egin du Añuak. «Inoiz izan den jazz abeslaririk onena», ziurtatu du. Gasteizen egon zenean sinatu zion afixa etxeko paretan eskegia du. «Nire bizitzako egun guztietan begiratzen dut», egin du irribarre. Gasteizko Jazzaldia ia 40 urtez gidatu izanaren abantailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.