Zuzendaritza batzorde batek hartuko du bere gain SGAE elkartearen eguneroko kudeaketa, eta barne ikerketa bat zabalduko du, Espainiako egile eskubideen elkarteko dirua beste enpresa batzuetara modu ilegalean bideratu den argitzeko. Batzordea uztailaren 12an osatuko da, eta haren buruan SGAEtik kanpoko pertsona bat egongo da, «independentea eta ospe handikoa», joan den ekainaren 30eko hauteskundeetan hautaturiko zuzendaritza berriko zenbait kidek atzo Madrilen eskainitako prentsaurreko luze eta jendetsu batean azaldu zutenez. Batzordea osatu bitartean Eduardo Bautista Teddy-k jarraituko du elkarteko presidentea izaten, baina ondoren batzordearen agindura jarriko da, eta ezingo ditu bere funtzioak bete.
Joan den ostiralean, Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, bederatzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, horien artean Teddy Bautista. Epaileak bermerik ordaindu behar izan gabe baina karguekin libre utzi zuen igandean, Ricardo Azcoaga SGAEko zuzendari ekonomikoarekin eta Enrique Loras zuzendari nagusiarekin batera. Larritasun bereziko jabetze bidegabea eta iruzurrezko gobernua leporatzen dizkie Pablo Ruz epaileak hirurei. Herenegun, ordea, kartzelara bidali zuen, 300.000 euroko bermepean, Jose Luis Rodriguez Neri, SDAEko arduradun —SGAEko adar digitala da SDAE— eta ustezko iruzurraren burua. Epailearen arabera, Nerik SGAEtik dirua jasotzeko enpresa sare «parasitario» bat sortu zuen—Microgenesis litzateke sare horretako enpresa nagusia—, eta Bautistaren «onespena eta bultzada» izan zuen.
Ruz epaileak kaleratutako autoa aztertu ondoren, komunikabideen aurrean azaldu ziren atzo, SGAEko zuzendaritza berriaren izenean, Victor Manuel, Ernesto Caballero, Sabino Mendez, Juan Ignacio Alonso eta Caco Senante. Sei puntuz osatutako komunikatuan jakinarazi zutenez, batzordeak abiatutako ikerketaren ondorioekin osatutako txostena Auzitegi Nazionalean entregatuko dute, eta SGAE bera auzian aurkeztuko da eta kalte-ordainak eskatuko ditu. Txostena osatu bitartean, zuzendaritza berriko kideen izendapena bertan behera geratu da, baita Teddy Bautista presidentearena ere.
Rodriguez Neri SDAEko zuzendari kargutik kentzea erabaki dute, «ikerketa ahalik eta askatasun, zorroztasun eta diziplina handienaz egin dadin», baina justifikatu egin zuten Bautistak presidente karguan segitzea, epaileak bakoitzari «tratu diferentea» eman diola argudiatuz.
Zuzendaritzak hautatutako lau egilek eta editore batek osatuko dute batzordea. Zenbait komunikabideren arabera, Victor Manuel, Caco Senante eta Imanol Uribe izango dira horietako batzuk. Batzordeko burua SGAEtik kanpoko pertsona bat izango da, «independentea eta ospetsua, etabatzordearen helburuak lortzen ahalbidetuko duena».
Autokritikarik ez
SGAEko ordezkariek «elkartasuna» azaldu zieten epaileak «neurri prebentiborik hartu gabe» aske utzitako atxilotuei eta haien familiei. «Zuzendaritza honek haien errugabetasunean eta zintzotasunean sinesten du, eta haien jardunaren gaineko edozein zalantza argitze aldera Justiziarekiko kolaborazioa areagotzeko aginpideak eman ditu», azaldu zuten komunikatuan. Galderen txanda iritsi zenean, SGAEko kideek ez zuten autokritikarik. Aitzitik, elkartearen aurkako «esku beltz» bat dagoela esan zuen Victor Manuelek, eta Auzitegi Nazionalak egindako ikerketaren inguruan «ke ugari» dagoela gaineratu zuen.
2007an lehen ustelkeria salaketak epaitegi eta komunikabideetara heldu zirenean SGAEk zergatik ez zituen aintzat hartu galdetuta, Caco Senantek esan zuen informazio haiek «400 milioi euroko lapurretaz» hitz egiten zutela,eta horrek «sinesgarritasuna kentzen zien».
Batzorde batek zuzenduko du SGAE, eta barne ikerketa bat irekiko du
Teddy Bautistak elkarteko presidentea izaten jarraituko du talde berria osatu bitartean, eta gero haren menpe geratuko daElkartetik kanpoko pertsona «independente eta ospetsu» batek zuzenduko du batzordea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu