Musika aditzen da une batean, eta gitarra, bateria eta baxu doinuek sormen ekoizpen baten bueltako solasari egiten diote tokia ondoren. Ahotsenea da: sortzaile eta hartzaileengan pentsatuz egunero bederatzi ordu eta erdiko programazio etenik gabekoa daukan Durangoko Azokako gunea. Ordu erdiko kontzertuak eta iraupen bereko solasaldiak elkarri lotuta; horra eskaintza. Gotzon Barandiaran du koordinatzaile, eta 2008tik, eratu zutenetik, bat-bateko hazkundea —«0tik 200era igaro gara»—eta sekulako harrera eduki duela iruditzen zaio: «Euskal kulturzaleari zerbait emanez gero oso gustura hartzen duela, eta sortzaileei plaza bat eskainiz gero oso pozik betetzen dutela ikusi dugu urteotan».
Ahotseneko emanaldietarako eremua ia beteta zegoen 12:00etarako; 200 bat lagun. Maite Arroitajauregi Mursego zen Hiru disko heterodoxo eta ausarteko kantu batzuk jotzekoa. Aurrez aurre zituen gazteak, nerabeak, gurasoak eta haurrak, beteranoak eta zaharrak. Emanaldiaren ondoren gustura zegoen sortu zen giroarekin. «Ahotsenea oso ondo dago, eta eskertzekoa da horrelako plataforma bat eduki ahal izatea». Landakoren alboan dago, eta pentsatzen du gune horri esker egon daitezkeela balizko entzuleak, saioa ikusi eta gero diskoa erostera joango direnak. Halere, sentitzen du ez dela kontzertu bat bertan ematen dena: «Egiten duzuna erakusteko toki bat da gehiago; baina beharrezkoa zen horrelako zerbait».
Azokak berak ere behar du zerbait derrigorrean: jendea. Hego Euskal Herrian atzo jaieguna izaki, 10:00etan ateak ireki, eta berehala hasi ziren betetzen Landako guneko Goienkalea, Artekalea eta Barrenkalea. Baina azokaren bilgune nagusitik kanpo ere hedatu zen uholdea, eta, oro har, Durango osoa blaitu zuen goizetik gauera. Ur korronte indartsu hori kulturzaleek, bataren edo bestearen jarraitzaile hutsek, Gabonetako opari erosleek, kontsumitzaile porrokatuek, tankera guztietako despistatuek eta kurioso amorratuek osatzen dute. Eta horien artean, nahas-mahasean, badira haien sortzaile kutunenekin bi hitz egin arte, liburu, disko edo koadernoan idoloaren sinadura izkiriatuta ikusi arte bakerik edukitzen ez dutenak. Gogo horiek betetzea ere bada egileen zereginetako bat, eta ahalegindu ziren horretan.
Kirmen Uribe, Mikel Valverde eta Mikel Urdangarin hirukoa lanpetuta zebilen Elkarren erakusmahaian Jainko txiki eta jostalari hura disko-liburua sustatzen eta sinatzen. Bernardo Atxagak ere jarraitzaile saldoa zeukan parean. Nevadako egunak-en (Pamiela) egileak irribarrez eta pazientziaz hartu zituen eskaerak, eta Ahotsenean bere liburuari buruz hitz egiteko antolatutako solasaldian ere parte hartu zuen eguerdian. Txiki geratu zen lekua. Behin bukatuta, Landakoko atseden gunera bildu zen, eta sofa baten erosotasunean (eta bakardadean) hartu zuen atseden.
Jose Angel Iribar Athleticeko mito bizidunak ere nekatu zuen eskuineko eskumuturra, eskuratu zizkioten San Mames beti eta betiko (Ttarttalo) liburuaren aleak zirriborratzen. Ez du idatzi, ez du musikarik egin, baina Iribar da. Fokuetatik urrun antzean zebilen, berriz, Anari, Bidehutsen erakusmahaian Jomes Hamiltonekin —haren ohiko kolaboratzailea, BAPen gitarrista ohia, eta La Jodederako kidea— irribarretsu hitz egiten.
Barandiaranek ere badauzka aurpegian irribarrea marrazteko arrazoiak, funtzionatzen baitu Ahotseneak. «Orain urte batzuk, erakusmahaietan lanean genbiltzan batzuek ikusi genuen produktua bera zela nagusitzen ari zena sorkuntzaren beraren gainetik». Deliberatu zuten bigarrenak hartu beharra zeukala protagonismoa azokan, eta horregatik bururatu zitzaien Gerediaga elkartearekin kontsultatzea, eta Durangoko eskaintzaren baitan txertatzea. Lehen urtean goiz erdiko programazioa atondu zuten; bigarrenean bi egunekoa, eta 2010etik aurrera, berriz, azokak irauten zuen bitartekoa.
Edonork parte hartu dezake bertan. «Abisatzen dugu noiz irekitzen den izena emateko epea, eta Internetez egiten dugu; hartara, erregistratuta edukitzen dugu nork eta noiz egiten duen eskaera». Horren arabera osatzen dute egitaraua. «Aukera bera ematen diegu sortzaile guztiei». Aurten 76 kontzertu eta emanaldi eskainiko ditu guztira Ahotseneak. Halere, jende dezente geratu da kanpoan. «Ordu erdiko emanaldiak dira. Pentsa ordu eta laurden pasatxoko kontzertuak egingo bagenitu: are jende gehiago geratuko litzateke parte hartu gabe». Urtetik urtera geroz eta mimo handiagoareekin atontzen dute karpa gunea. Aurten, esaterako, kafe-antzoki itxura du solasen eremuak. Barandiaranek aitortu duenez, Edorta Jimenezena izan da ideia, eta antzerki talde bati alokatu diote eszenografia.
Han izan zen Aritz Mutiozabal kazetari eta idazlea atzo, Gorren dantzalekua (Maiatz) poema liburuaz mintzatzen. «Ni bezalako idazle ezezagunentzako promozionatzeko plaza bikaina da hau». Ez daki feedback-ik sortzen duen edo ez, «baina jendeak erakusten du gutxieneko interes bat, behintzat». Hasiberri bat, eta Ahotseneko beterano bat: Keu Agirretxea hiru aldiz aritu da han. Behe presioaren erdigunean-eko abesti batzuk jo zituen atzo, eta uste du gisa horretako toki batek balio duela azoka are dinamikoagoa bihurtzeko. «Jendea zerrendatik kanpo geratzen da. Zerbaitegatik izango da...».
Kanpoan geratu ez zena Peru Magdalenaren Tximista zaldia izan zen. Harekin sartu zen Ahotsenera Egia esan-ez (Elkar) hitz egitera, zerbait eskaintzera. Eta bete zen kafe antzoki ponpoxoa. Izan ere, eskaintzen bada, erantzuten du jendeak. Durangon urtero ikusten da. Atzo ere bai.
Durangoko 48. Azoka
Batzuek eskaini, denek bete
Ahotseneak sortzaile eta hartzaileen arteko harremana lantzeko proposatutako formulak azoka dinamizatzeko balio izan duHego Euskal Herrian jaieguna zela igarri da, eta jende uholdeak blaitu du Durango

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu