Teddy Bautista SGAEko presidentea eta erakundeko zuzendaritzako beste bi kide gaur eramango dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera, Pablo Ruz epailearen aurrera deklaratzera. Guardia Zibilak herenegun atxilotu zituen hirurak, beste sei pertsonarekin batera, ustezko ustelkeria kasu bat dela medio. Litekeena da beste sei atxilotuek auzitegian bihar deklaratzea.
Madrilen SGAEk duen egoitza nagusia miatu zuen herenegun Guardia Zibilak, baita beste hamazazpi enpresa eta etxebizitza ere. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Bosgarren Instrukzio auzitegiak abiatu du ikerketa. Iruzur egin izana egozten die SGAEko hainbat arduraduni, tartean Bautista presidenteari. Ustez erakundearentzat lan egiten zuten hainbat enpresatara desbideratzen zuten erakundeari zegokion diruaren zati bat. Iruzurraz gain, bidegabeko jabetzea eta delitu sozietalak leporatzen dizkie. SGAEren bankuko kontuak blokeatzeko agindua ere eman du epaileak.
Bautistarekin batera, Enrique Loras SGAEko zuzendari nagusia eta Ricardo Azcoaga finantza zuzendaria eramango dituzte auzitegira gaur. Epailearen aurrera bihar eramango dituztenen artean dago Jose Neri, SGAEren menpe dagoen SDAE Espainiako Egileen Elkarte Digitalaren zuzendaria. Ikerlariek auziaren erdigunean kokatzen dute Neri. Microgenesis enpresako zuzendari ohia da, eta, ustez, enpresa horretara dozenaka mila euro bideratu zituen, SGAEk sekula jaso ez zituen zerbitzu batzuen truke. Beste bost atxilotuek enpresa horrekin harremana dutela diote ikerlariek.
Bildutako dirua legez kanpo banatzea leporatuta, SGAE salatu zuten hainbat elkartek 2007an, eta horren harira hasi zuen ikerketa auzitegiak.
Espainiako kulturaren munduko hainbat kidek ikerketa «azken muturreraino» eraman dadila eskatu zuten atzo. Izquierda Unida alderdiak, berriz, egile eskubideak kudeatzen dituzten elkarte publikoek «benetan demokratikoak eta gardenak» izan behar dutela aldarrikatu zuen.
Bautistak eta SGAEko beste bi buruzagik gaur deklaratuko dute auzitegian
Ustelkeria leporatuta Guardia Zibilak atxilo hartutako beste sei kideak bihar eramango dituzte epailearen aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu