Gaur abiatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta Beñat Ugartetxea nagusitu da Galdakaon egindako kanporaketan. Mallabiarrak 372.5 puntu jaso ditu, eta, era horretan, finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Beraren atzetik sailkatu dira Ibon Ajuriagojeaskoa (366.5), Julen Erezuma (356), Garikoitz Sarriugarte (354), Iñaki Iturriotz (337.5) eta Aitor Bizkarra (316.5). Torrezabal aretoan izan da kanporaketa, eta 1.100 bertsozale inguru batu dira. Hurrengo igandean jokatuko da bigarren kanporaketa, Gautegiz Arteagan.
Abenduaren 20ra bitartean izango da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Josi goiburupean. Bederatzi saioren ostean, Bilboko Bizkaia Arenan jokatuko da finala. Orotara, Bizkaiko 37 bertsolarik parte hartuko dute.