Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 20an jokatuko dute aurten, baina ez Bilbon, Euskalduna Jauregian, azkenekoan bezala -bi urtean behin izaten da txapelketa-, baizik eta Barakaldon, BECen. Izan ere, antolatzaileek adierazi dute Euskalduna txikia geratu dela finala egiteko. Hala ere, helburua BEC betetzea ez dela esan dute, "finala bertatik bertara jarraitu nahi izango duten bertsozale guztiek lekua edukitzea baizik".
Bi fase izaten ditu Bizkaiko Txapelketak, eta maiatzaren 4an hasiko da aurrenekoa, Gauegiz-Arteagan. Hain zuzen, inoiz baino bertsolari gehiagok hartuko du parte aurten lehen fasean: 62k; duela urte bi baino zortzi gehiagok. Eskualdeetako txapelketak egiten dituzte fase horretan, eta bertso eskolek parte-hartze zuzena edukiko dute. Arratiako, Bilbo aldeko, Busturialdeko, Durangaldeko, Lea-Artibaiko, Ipar-Uribeko eta Enkarterriko bertsolariak ariko dira maiatzaren 31 bitartean.
Eskualdeetako txapelketetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira bigarren fasera eta, gainerakoak, lehen atalean lortutako puntuen arabera, 30 laguneko zerrenda osatu arte.
Bigarren fasean, aurreko txapelketetan finalera iritsitakoak sartuko dira. Azken horiek ez dute zertan parte hartu eskualdeetako kanporaketetan. Dena dela, zein bertsolarik jardungo duten ez dakite oraindik antolatzaileek. Kanporaketak urrian eta azaroan egingo dituzte, eta finalaurreko saioak azaroko azken bi asteburuetan eta abenduko lehen bietan izango dira.
Kultura