Begiak kamerei so

Komunikabideen eta boterearen arteko harremanak aztertzen duen saio andana bat dakar 24. FIPA jaialdiak MiarritzeraHilaren 24tik 30a arte izanen da aurten jaialdia, eta egun bat gehiago izanen du

South Africa in Pictures dokumentalak Hegoafrikako argazkilarien lan aberatsa ezagutzera ematen du. BBC SCOTLAND.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Miarritzeko Nazioarteko Ikus-entzunezko saioen 24. FIPA jaialdia Teresa Cavina ordezkari nagusiaren selekzioarekin dator. Italiarraren bigarren uzta da aurtengoa. Jaialdia bera, usaian bezala, Miarritzen iraganen da, eta urtarrilaren 24an hasiko da, Boardwalk Empire saila —Martin Scorsese zinemagileak ekoitzi du sail hori, HBO katerako, eta lehiaketatik kanpo dago. AEBetan alkohola debekatua zuten garaietako Atlantic Cityko azpijokoak fikzio bilakatu ditu—. Jaialdiaren azken eguna urtarrilaren 30ean izanen da. Aitzineko urteetan baino egun bat gehiago izanen du aurtengo jaialdiak. Iaz bezala leku berezia izanen dute web dokumentalek.

115 saio

Orotara 115 saio ikus daitezke jaialdiaren karietara, eta horien egileak 34 herritatik etorriak dira. Horien artean, 68 dira urrezko FIPAk irabazteko lehian, bost ataletan banatuak —fikzioak, sailak, dokumentalak, erreportajeak eta ikuskizun eta musika gaitzat daukaten saioak—. Jaialdiaren irizpideak beti segitzen du telebista ideal baten bilaketa izaten. «Engaiamendua» ere aipatu du Olivier Mille lehendakariak. Autore batzuen begiraden bilaketarena, idazkera eta talentu berrien bilaketarena, eta sortzaileen beren engaiamenduaren oihartzun ere izateko asmoa. Orain, 24tik goiti zinema geletan ikusiko den selekzioak erakutsiko du engaiamendu hori paperetik pantailetara pasa den.

Kazetariak aztergai

115 saioen bidez bakoitzak bere gustukoa aurkituko duelakoan dago Cavinak. Hark berak bere selekzioaren selekzio gisako bat eman zuen jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan. Eta nagusitzen den atal bat komunikabideena izan da. Komunikabideak, boterea, eta bi horien arteko harremana ala harremanik eza, adiskidantza ala zentsura, eta tarte horretan kamera eskuetan hartu eta egoeraren berri ematen ahalegintzen diren autoreak, aurtengo FIPAn leku berezi bat izanen dutenak. Erreportajeen atalean lehian dagoen 3.1415 lanak, Gao Panek eginak, Txinako CCTV telebista kateko izen bereko emankizuna du aipagai. Botereak telebistanola zaintzen duen azaltzen du lanak, hiru kazetariren borrokari jarraituz. Michel Royeren Presse et Pouvoir, un divorce impossible lanak (Prentsa eta boterea, ezinezko bereizketa) kazetari eta politikarien arteko harreman anbiguoari interesatu zaio. Berlusconi ere ez dute ahantzi. Besteak beste, Sorelle d'Italia-k (Italiako ahizpak), Lorenzo Buccella eta Vito Robbianiren lanak, hitza ematen die Italia osoko 101 emazteri.

Afrika

Gehienetan Afrikako film bakar bat ere ez baita ageri, aurten pare bat dagoela nabarmendu du Cavinak, Kamerun eta Nigerko lanak, baina lehiaketatik kanpo dira. Dieudo Hamadi, Kiripi Katembo Siku eta Divita Wa Lusalaren Kongo lau ekitalditan erreportajeak Kongoren bizia marrazten du, kontu absurdoenetatik izugarrienetara. Eta Patrick Epapek Life (Bizia) lanean Kamerungo lau dantzariren ametsari erreparatu dio.

'Bertsolari'-ren dasta

Lehiaketa eta lehiaketatik kanpoko hitzordu andana bat antolatua dute. Horien artean, tokiko ekoizpenei eskaini espazioa. Hedapen arduradun eta produktoreekin biltzeko aukera eman nahi die jaialdiak lan batzuei. Horien artean, Asier Altunaren Bertsolari dago. Martxoan bururatzekoa dute lana. Miarritzen izanen da, beraz; baina, itxura guztien arabera, ez da publikoarentzako emanaldi berezirik izanen.

Sailetako mutil ederrak

Fikzioen atalean, Cavinak ez du ezer nabarmendu; sailetan, berriz, Gilles Bannieren Les beaux mecs (mutil ederrak) azpimarratu du, zeina gangsterren munduan murgiltzen den, eta Brian Percival eta Ben Bolten Downton Abbey.

Potretak

Potreta andana bat dakar aurtengo uztak. Hor dago, Charles Castellak Mauritaniako Abderrahmane Sissako zinemagile eta produktoreaz egin dokumentala. Diego Garcia-Moreno Beatriz Gonzalez margolari kolonbiarraz interesatu da. Irri egin eta zergatik negarrez hasten den jakin nahi izan du dokumental egileak.

Gerla eta gizarte arazo

Urtero bezala, aurten ere gizarte arazoek, ingurumenarenak adibidez, eta baita gerlek ere beren lekua izanen dute jaialdian. Hor dago Daniel Edgeren This World: The Wounded Platoon erreportajea, Iraken egon diren Coloradoko 17 soldaduren traumaz interesatu dena, adibidez.

Fipa, Arte kateari

Artek, Frantzia eta Alemaniako telebista kateak, iaz 20 urte bete zituen, eta FIPArekin hasieratik harreman hurbila du. Kateak sorkuntza sustatzeko egin lan luzea eskertu du Mille lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.