Begientzako musika

Merkatu egin da bideoklipak egiteko teknologia azken urteetan, eta horrek demokratizatu egin du lehen gutxi batzuena zen luxua. Kalitate onekoa da eskaintza, baina, paradoxaz, musika industriaren beherakadan heldu da generoaren gorakada.

Eñaut Elorrieta abeslaria, bere azken diskoko Geografia abestiarentzat Lander Garrok egindako bideoklipeko irudi batean. BERRIA.
Inigo Astiz
2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Musikaren industria da krisian dagoena; ez sorkuntza. Behin eta berriz errepikatzen dute lelo hori sortzaileek. Eta bideoklipek bihurtzen dute errealitate hori ikusgarri. Teknologiak merkatu egin dira azken urteetan, eta demokratizatu egin du horrek lehen gutxi batzuentzako baino ez zen hedapen bide bat. Azken urteetan nabarmen egin du gora beren kantuak ezagutarazteko bideoak grabatzen dituzten taldeen kopuruak. Baina ez da kantitate kontua soilik. Handia da lan askoren kalitatea, eta askotarikoa da eskaintza. Animazioaz baliatu da Gari, adibidez, Dena eta ezer ez dago bideoan, film labur bat izateko mugan dabil Mantisaren Hondarrak, eta hiru dimentsiotan ikus daiteke Goseren Ezetz kantua. Eta are zabalagoa da eskaintza. Baina paradoxaz, industriaren beherakadarekin batera heldu da bideoklipen gorakada. Eta zer erakutsia badagoen arren, non eta nola erakutsi da giltza, adituen ustez.

«Gaur egun bideoklipik ez duen taldea ez da existitzen». Baieztapen biribil horrekin azaltzen du Inaxio Esnaolak generoak gaur egun duen garrantzia. Musika kazetaria da bera, baita Hamaika telebistak euskarazko bideoklipei eskainitako Bizi musika saioko arduraduna ere. Bertatik bertara ezagutzen du generoaren hazkundea, eta, hark dioenez, euskal taldeek «primeran» ulertu dute irudiaren garrantzia. Bisualtasuna eta singlearen filosofiaren gorakada ditu alde generoak. Baina badira zuloak ere, eta hedapen bideena nabarmentzen du. Musikarekin gertatzen dena gertatzen da bideoklipekin ere; lanak onak izan arren, bozgorailuak falta dira. Pantailak. «Aldaketa bat egon da telebista analogikotik telebista digitalerako jauzian. Musikan espezializatutako telebistetan oraindik ere ematen dituzte halako lanak, baina hortik kanpo ez dira ia beste inon ematen. Sarera bideratu da gehiena. Nire ustez, eman da bidaia bat, sofako aulkitik ordenagailuko mahaira». Eta handi dira urak Interneten. Oso handi. Gehienetan baita handiegi ere, nork bere bideoa ikusgarri egin ahal izateko. Baina badira salbuespenak.

Zea Maysen kasua, esaterako. Haiena izan da azkenaldiko bideoklipik entzutetsuena. Milaka eta milaka bisita izan ditu Negua joan da ta bideoak sarean, eta oihartzun handia izan du hedabide eta sare sozialetan. Sinplea da berez ideia, baina Aiora Renteria (Bilbo, 1976) taldeko abeslariaren hitzetan, sinpletasun hori izan da bideoaren indargune nagusietariko bat. Haren ustez, hiru baitira, bideoklip on baten klabeak: «originala, sinplea eta zuzena izatea». Hiru gehi bat: «ogiginala, sinplea eta zuzena izatea, gehi kanta on bat eta lantalde handia». Eta baldintza horiek guztiak betetzen ditu haien lanak. Horregatik, arrakasta. Ainhoa Moiua keinu hizkuntzako itzultzailea baino agertu ez arren, ederra delako emaitza. Deigarria, baita ur handitan nabarmentzeko ere.

Gailurra oraindik jo gabe

Gailurra oraindik jo gabe dagoela dio Renteriak, halere. Oraindik ere badagoela gora egiteko aukerarik, eta azaltzen du zergatik: «Orain arte ez da izan aukerarik bideoklip dexenteak egin eta ikusteko. Ekonomikoki ondo babestutako talde gutxi batzuk ziren halakoak egin zitzaketen bakarrak. Orain, aldiz, oso baliabide onak daude. Merkeak eta kalitate handikoak, eta sare sozialei esker eskurago ditu ikusleak. Horregatik ari dira gero eta bideoklip arraskatatsuagoak sortzen, poliki-poliki». Berak, behintzat, lehen baino askoz bideoklip gehiago ikusten ditu orain. Dioenez, irabazten atera da bera sofatik ordenagailuko aulkira egindako jauzia horretan.

Ez da hori Enrique Urdanozek (Iruñea, 1952) duen ikuspegia. Izen historikoa da harena generoan. Sofaren belaunaldian hasi zen Manolo Gilekin bateran bideoklipak sortzen, 80eko hamarkadan, eta galdua du egin dituen lanen kontua. «Badakit 200 bideo baino gehiago egin ditugula, baina ezingo nuke esan zenbat diren zehazki. 250 inguru, bai». Gilek eginak zituen Kortaturentzako lan batzuk aurrez, eta Tijuana in Blue-rentzat egindakoa izan zen Urdanozek harekin egin zuen lehen lana. Sherpa dónde estás? abestiarena. Eta ia Euskal Rock Erradikal osoa filmatu dute ordutik: Negu Gorriak, Barricada, Parabellum, Zarama, Hertzainak... Baina Compay Segundo kubatarra eta Andres Calamaro argentinarrarentzat ere aritu dira, eta Grammy latinoetako bideorik onena jasotzeko hautagaien artean ere izan ziren 2001ean, La Oreja de Van Gogh-entzat egindako lanagatik. Paradoxaz, ordea, bideokliparen oparoaldian idor xamar dabiltzala aitortzen du Urdanozek. 2009an Barricadari egin ziotela beren azken lana: 13 petalos kantarentzat.

Apokaliptiko xamarra da Urdanozen ikuspuntua. Eta bada detaile esanguratsua: iraganean mintzo da bideoklipez. «Disko baten edo kanta baten promozioa egiteko tresna bat zen bideoklipa. Taldeari aurpegia jartzea zen helburua, jendeak ezagut zezan, eta irteera gehiago izan zezan». Aritzearen aritzez genero moduko bat bilakatu zela dio, halere. Lehenaldian, berriz, dioenez, industria erortzean, bideoklipa ere gain behera etorri baita. «Diskoetxeek single eta diskorik ez dute saltzen jadanik, eta ez dute dirurik jartzen promoziorako. Eta hori gain behera etortzean, gainontzeko guztia ere gain behera etorri zen». Baina, gainera, ez da diskogintza soilik Urdanozek krisian ikusten duena. Sorkuntza ere krisian dagoela dio. Berriz ere, apokaliptiko. «Egun, asko erraztu da bideoak egitea, baina batzuetan hori gertatzen da: zerbait egitea zenbat eta errazago izan, orduan eta garrantzi txikiagoa hartzen du sorkuntzak».

Pilatutako esperientzia

Ez dator bat ikuspegi horrekin Esnaola. Ezagutzen ditu azken urteetako bideoklipik gehien-gehienak, eta euskarazko produkzioaren kalitatea ona dela dio. «Gaur egun jende oso trebatua dago, gauzak oso ongi egiten dituena. Taldeek hori badakite. Badaude, noski, lan apal xamarrak, baina, oro har, esango nuke kalitatea ona dela». Baina, halere, harena ere ez da bereziki argazki itxaropentsua. Berriz ere, hedapenean ikusten du zuloa. Ona da euskal sortzaileen maila, bai, baina hedapenerako bideen falta sumatzen du. Eta orokorra da diagnosia. Euskal musikariaren eta entzulearen arteko zubia eten xamar ote dagoen du kezka, eta irrati formulak aipatzen ditu horren adibide gisa. Euskadi Gaztea, zehazki. «Gaur egun irrati formuletan euskarazko musikak duen lekua eta alemanierazko musikak duena paretsua da». Eta entzuten ez dena, nekez bilaka liteke ikusgarri.

Esperientzia pilatuz doa, ordea, eta biribila da aurtengo efemeridea. Orain 30 urte grabatu zuten euskarazko lehen bideoklipa. Jon Eskisabel kazetariaren arabera, Itoizen To Alice izan zen lehena. Algortako Iruti Tailerrak egindakoa, 1983an. Hori dio kazetariak taldeari eskainitako Hari xingle bat liburuan. Baina bada aurreko saialdirik ere. Zarama taldeak Santurtziko portuan (Bizkaia) grabatutakoa, esaterako. Izan, Ikuska izeneko dokumental sailerako egindako pieza baten parte da berez bideoa, eta, horregatik, zalantza. 1982an grabatu zuen Imanol Uribe zinemagileak, eta kamera aurrean muturra okertzen ageri da irudietan Roberto Moso abeslaria. Elkarrekin jotzen taldea, atzean, moilan. Ezkerraldea abestia entzuten da. Eta lehenago ere badira Mikel Laboaren edo Benito Lertxundiren emanaldien grabazioak. Hori bideoklip bat ote den da duda, ordea, eta horregatik dio Eskisabelek Itoizena izan zela lehena. Bai bideoklip gisa pentsatutako lehena, behintzat.

Askatasun espazioa

2001ean egin zuen lehen bideoa Asier Altuna zinemagileak. 12. Korrikarako. Telmo Esnal zinemagilea izan zuen ondoan, eta Femin Muguruzaren Korrika. mundu bat euskarara bildu (Big Beñat) kantaren bideoklipa da egin zutena. «Surrealismora jotzea erabaki genuen», azaldu du Altunak. Eta arrakasta izan zuen haien apustuak. Aurrez halakorik pentsatu ez bazuten ere, azkenean, bere kasa ere jarri zuten salgai bideoa antolatzaileek.

Zinema aretoaren eta agertokiko oholtzaren artean. Promozioaren eta sorkuntzaren artean. Askatasuna da, Altunaren ustez, bideoklipek berezkoen duten ezaugarria. Horrek egiten ditu erakargarri, eta entrenamendu esparru moduko bat ere badira zinemagileentzat. «Esperimentatzeko mundu bat dira. Oso espazio librea. Ez zaude gidoiari lotatuta, eta jolasteko aukera izaten duzu. Aukera aproposa da teknologia berrien aplikazioak frogatzeko: kamera geldoak, alderantzizko erreprodukzioak...». Eta dena hiru edo lau minututan. Sorkuntza kapsula moduko bat.

Horregatik egin du gora urteotan. Teknologia merkatu delako, baita sortzaile izateko aukera ematen duelako ere. Ikusgarri bilaka dezakeelako berez entzuteko dena. Eta garrantzitsua da ikusgarritasun hori, Esnaolaren hitzetan. Dioenez, bideoklipek eutsi egiten diote, bestela hondatu xamar igartzen duen entzule eta sortzaileen arteko zubiari. Lagungarri izan daitezke, behintzat. «Gaur egun bideoklipak bete dezake lehen irratiak betetzen zuen bozgorailu funtzioa». Eta garrantzitsua da hori. Begietatik ere sartzen delako musika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.