Begoña Vicarioren filmak irabazi du 40. Zine Bilerako Urrezko Antzara

Amateurren arloan, Amancay Gaztañagaren eta Erika Olaizolaren 'Zulo' lana saritu dute Lekeition

Lekeitioko 40. Zine Bilerako parte hartzaileak, atzo, sari banaketa ekitaldiaren amaieran. XABIER VILLALBA / TRAOLA PRODUKZIOAK.
Ainhoa Sarasola.
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Joan den asteburutik, euskarazko 38 film ikusi ahal izan dira Lekeition (Bizkaia), Euskal Zine Bileraren 40. aldian. Horietatik, 31k parte hartu dute lehian, zortzik profesionalen kategorian, eta beste 23k amateurrenean. Eta jaialdiko epaimahaiak atzo iluntzean jakinarazi zituen aurtengo irabazleen izenak, sariak banatzeko ekitaldian. Sari nagusia, film onenarena, Begoña Vicariok irabazi zuen profesionalen kategorian, Jane, Tarzan ez zen horren guay lanari esker. Urrezko Antzara eta 1.900 euro eskuratu zituen Vicariok horrenbestez. Amateurren kategorian, berriz, Amancay Gaztañagaren eta Erika Olaizolaren Zulo izan zen filmerik onena, epaimahaiaren iritzian. Urrezko Antzara eta 1.300 euro eskuratu zituzten irabazleek filmari esker.

Bi kategorietako film onenak ez ezik, zuzendaritza eta gidoi onenaren sariak ere banatu zituzten, bi arloetan horiek ere. Zuzendaritza onenaren saria Irati Gorostidiri eta Arantza Santestebani eman zien epaimahaiak profesionalen kategorian, Euritan filmagatik; amateurren arloan, berriz, Oier Fuentesentzat izan zen aitortza, Aska Tasun Hari lanari esker. Zilarrezko Antzara eta 1.600 euro eskuratu zituzten Santestebanek eta Gorostidik, eta Zilarrezko Antzara eta 1.000 euro Fuentesek. Gidoi onenari dagokionez, berriz, Bertol Arrieta saritu zuten profesionaletan, Zorrak zor lanagatik, eta, amateurretan, Gernika-Lumoko Sarek ondutako Aterabidetik dokumentala. 1.600 eta 1.000 euro, hurrenez hurren, eta Zilarrezko Antzara bana eraman zituzten sarituek.

Aitor Gametxok, Arantza Lauzirikak, Natxo Rodriguezek, Iratxe Urkiagak eta Kote Camachok osatu dute aurten epaimahaia.

Benito Ansolari omenaldia

Lau hamarkadako ibilbidea bete du aurten Euskal Zine Bilerak. Euskara eta zinemazaletasuna uztartu eta sustatzeko asmoz jaio zen topaketa, eta Benito Ansola zinemagile eta zinemazalea izan zen sortzaileetako bat. Hala, 40. urteurrenean, omenaldia jaso zuen Ansolak atzo iluntzeko ekitaldian. Joan den asteburuko irekiera ekitaldian, berriz, Juanba Berasategi izan zuten gogoan. Iragan apirilean zendu zen zinemagilea, eta urte luzetan Zine Bileraren «lagun handia» izandakoa omendu zuen jaialdiak. Bai Ansolaren bai Berasategiren hainbat lan erakutsi dituzte asteon.

Lehia barruko lanen proiekzioak ez ezik, bestelako emanaldiak ere izan dira Lekeition egunotan, tartean, Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendarien Handia filmarena, herenegun. Baina bestelako ekitaldirik ere izan da. Atzo goizean, adibidez, mahai ingurua egin zuten (H)emen Her(e) elkartearekin elkarlanean, ikus-entzunezko esparruan emakumeek duten presentzia hizpide hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.