BEIRUT
'A Study of Losses'
Diskoetxea: Pompei Recording Co & Beirut.
Enkargu baten ondorio da Zach Condonen lan berria. Suediako Giraff zirkuak eskatu zion beren ikuskizun berrirako soinu-banda, eta hauxe da emaitza: ohikoan baino pieza instrumental gehiago dituen Beiruten disko berri eta luzea (hemezortzi pieza/kantu eta ia ordubeteko iraupena), taldearen ibilbidean zazpigarrena egiten duena. Musikalki ohikoak dituen bideetatik jo du musikari estatubatuarrak: giro oniriko motelak, epika apur bat, tronpetak eta hari musika tresnak. Horrela, eta haren ahots eta kantaera apur bat operistikoarekin, magia lortu du berriro ere Condonek. Begiak itxi, eta amets egiten laguntzen duen musika sorta da hau.