Musika

Belakoren protesta oihua

Bere ibilbideko hirugarren diskoa kaleratu du Belakok: ‘Render me numb, trivial violence’. Euskarazko kanta bat ere badute, tartean. Bihar abiatuko dute aurkezpen bira Bilboko Euskalduna jauregian.

Belako taldeko lau musikariak, beren hirugarren diskotikhartutako irudi batekin. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2018ko otsailaren 23a
14:01
Entzun

“Protesta oihu bat da”. Hala definitu dute Belako taldeko kideek beren ibilbideko hirugarren diskoa. Protesta oihu bat, besteak beste, genero indarkeriaren, iheslariak eta etorkinak blokeatzearen, politikarien ustelkeriaren aurka. Ez da disko erabat kontzeptuala, baina hasieratik bukaerara entzun dadin pentsatu dute taldekideek, eta trantsiziozko elementu eta doinuak ere txertatu dituzte horregatik abestien artean. Musikalki aurreko beste bi lanetan landutako ildo bera hartu dute. Hamalau kanta biltzen ditu, guztira, Render me numb, Trivial Violence diskoak, eta, aurreko lanetan bezala, euskarazko abesti bat ere bada tartean.

Taldeak berak argitaratu du diskoa, eta El Segell del Primavera eta PIAS internacional zigiluekin elkarlanean zabalduko dute. Gaur heldu da diskoa merkatura, eta bihar hasiko dute kontzertu bira Bilbon. Tantaka bertako hainbat kanta aurkeztu dituzte hilabeteotan sarean.

[youtube]https://youtu.be/JD-IK47W3ok[/youtube]

“Presio gutxigaz aritu gara”. Taldekideek azaldu dutenez, lagungarri suertatu zaizkie horretarako orain arte nazioartean egin dituzten kontzertuak. Izan ere, lehen diskoarekin oihartzun handia lortu zuten, eta arreta piztu zuen horrek bigarren lana kaleratzerakoan. Oraintxe bertan ere milioi bat entzunaldiren bueltan dabiltza beren abesti batzuk musika entzuteko sareko plataformetan. Eta ezagun egin da haien izena jaialdietan ere. Eta, hain zuzen ere, arrakasta hori erlatibizatzeko eta abestietan zentratzeko egin zaizkie lagungarri kanpoan emandako emanaldiak. “Leku askotan gure hirugarren disko hau izango da entzungo duten lehenengoa”, zehaztu dute.

Gustuko dutena egin dutela adierazi dute, eta bereziki harro daudela lortutako emaitzarekin.

Analogikora moldatzen

Azken lau urteetan beren zuzeneko teknikaria izan den Iñigo Irazoki teknikariarekin grabatu dute diskoa Berako Atala estudioan. Analogikoan egiten du lan Irazokik, eta horretara moldatu behar izan dute musikariek. Haiek hala nahita. Estudio aurretik bilatu behar izan dute nahi zuten soinua, eta 24 pistara errenditu behar izan dute beren soinua. Organikoagoa da diskoa horren ondorioz. Eta horixe nahi zuten taldekoek. Halere, beren etxean grabatu dituzte diskoko bi kanta elektronikoenak, eta soinuarekin esperimentu batzuk ere egin dituzte.

Bihar hasiko dute diskoaren aurkezpen bira, Bilboko Euskalduna jauregian. “Kontzertu berezia izango da”, zehaztu dute. Kanta berriekin batera abesti zaharrak ere jo nahi dituzte, eta luze arituko direla aurreratu dute. Bideoak ere proiektatuko dituzte, eta sorpresak izango direla esan dute. Lehen emanaldi horren ondoren 30 kontzertu inguru dauzkate itxita, eta, tartean, Espainian, Ingalaterran, Portugalen, Mexikon eta AEBetan arituko dira.

Urduri daudela ere esan dute. “Urtebete baino gehiago daramagu Euskal Herrian jo gabe”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.