Belarrien egiturak suntsituz

Ertz musika jaialdia hamahirugarrenez egingo da gaurtik hilaren 15era bitarte Beran, Donostian eta HazparnenEntzuleek kontzertuetako ohiko jarrerak zalantzan jartzea nahi dute antolatzaileek

Marc Behrens bihar ariko da Berako kultur etxean, Tomoko Sauvage eta Ken Jacobsekin batera. BERRIA.
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ezarritako legeak zalantzan jartzea, etiketetan kabitzen ez direnei toki bat ematea edota entzutearen garrantzia aldarrikatzea dira Ertz jaialdiaren asmoetako batzuk. Gaur hasi eta hilaren 15era bitarte, Beran, Donostian, eta Hazparnen, ohiko agertokietara igo ohi ez diren musikarien emanaldietan parte hartu ahalko da, ez entzule pasibo modura, ez gidoia buruz dakienaren gisara ere, noiz jo txalo, noiz abestu eta noiz egin oihu. Eskemek ez dute balio Ertzen, hain justu, horiek puskatzea baitu helburu. Eta kontzertuez gain, musikarekin lotutako askotariko ekitaldiak, direla zinema proiekzioak, direla eztabaida eta hitzaldiak. Hamahirugarrenez, eztabaida sortu nahi dute, esperimentazioaren aurrean entzuleek duten erreakzioari erreparatu, inolako formatutan erregistratu ezin diren aktuazio bakarren bidez.

«Kritikari bizirik eutsi nahi diogu», azaldu du Xabier Erkizia jaialdiko antolatzaileak. «Heldu gara puntu batera non ikuskizuna kasik aurreosatuta dagoen, eta entzuleak badaki haren aurrean zer jarrera eduki behar duen. Ertzeko emanaldietan, ordea, artistak behartzen ditu kontzertuen parte izatera edota egoera deseroso bati aurre egitera». Haren ustez, entzulearen irudia aldarrikatu behar da, entzulerik gabe ez dagoelako musikarik. «Ahozkotasunari buruzko kurtso pila egiten dira. Aldiz, entzunkortasuna definitzeko ez dago euskarazko hitzik, eta garrantzi historikoa izan duen zerbait da ahozko memoria biltzeko. Kontzertu hauetan entzulearen garrantzia ikaragarria da, guztiz daudelako uneko egoerarako pentsatuta, eta ez grabazioarako».

Bertze musiken jaialdia ipini dute karteleko goiburu, baina ez gainerakoetatik desberdindu nahi dutelako, jarrera baten aldarrikapen gisara baizik. Gainerako etiketetan kabitzen ez direnakgonbidatu dituzte, «esperimentalegiak direlako jazz izateko, edota ambient, edo normalegiak beste zerbaitetarako». Erkiziak uste du hor badagoela leku jakin bat ez duten abestien espazio bat, eta horiek biltzea bilatzen du bestetasun horrek, bere horretan beste etiketa bat sortu beharrean. «Jaialdi handietan artistak izaten dira protagonistak. Guk, aurten, ez dugu artisten izenik ere jarri kartelean, nahi dugulako jendeak ulertzea hemen entzungo dutena arraro egingo zaiela, ez dutela ezer ulertuko, baina garrantzitsuena dela beren burua egoera horretan aurkitzea, eta pentsatzea zergatik beste kontzertu batzuetan defektuzko jarrera konkretu bat hartzen duten».

Kultur batzordeen garrantzia

Txikitasunetik lan egiten dutenek «gu beti krisian egon gara» esatea topiko bihurtu da Erkiziaren irudiko, «baina egia da». Gauzak horrela, humanizazioa interesatzen zaio, batik bat. «Entzuten dugu jaialdi hitza, eta nahi gabe burura etortzen zaigu makrojaialdiaren irudia, jendetza, festa, eta abar. Guk programatu ditugun kontzertuak ez dira dantzarako preseski. Prekariotasun horri eusteko humanizatzea ezinbestekoa da, eta, horretarako, artistei esan behar diezu nora datozen, ez dela hiriburu handietako festibala, baina saiatzen garela mimatzen». Artistek «esfortzua» egiten dute, haren ustez, «inolako dirutzarik kobratu gabe» jotzen baitute. Dena dela, kanpotik etorritakoek jaialdian jotzea «luxua» dela esaten diete, publikoak era egokian parte hartzen duelako, eta emanaldien ostean eztabaida nabaritzen dutelako».

Jaialdiaren hastapenak oroitzean, kultur batzordeak izan zuen garrantzia nabarmendu du Erkiziak. «Zaila litzateke beste herri batean halako zerbait hamahiru urtean mantentzea, ez balitz irudi horregatik. Askatasun hori, halako zerbait zutik iraunarazteko inori azalpenik eman beharrik eza... bere garaian oso apustu garrantzitsua izan zen udalaren aldetik ardura hori kultur eragileei uztea». Era berean, nabarmendu du irekita daudela aipatu zalantza egoera horiek ahalik eta toki gehienetan sortzera, eta ez dutela beldurrik jaialdia mugitzeko, are, beren asmo nagusietako bat beti izan dela jaialdi mugikor bat egitea. «Agian autobus batean edo egingo dugu inoiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.