Urrun geratu dira azokaren lehen egun lasai horiek. Ikasleek eta sektoreko profesionalek azokari hasiera ematen zioteneko egun motel horien antzik ez zuen izan atzokoak. Bizi hasi zen, goizean goizetik. Jende samaldak bete zuen Landako, 10:30ean Aiert Goenaga zuzendariak ateak ireki zituenetik. Umeentzako apailaturiko Saguganbara aretoa txiki geratu zen eguerdian; Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldiak haur andana bildu zuen. Baina arratsalde erdian jo zuen goia azokak. Mukuru bete ziren, Landakoko korridoreak ez ezik, Ahotseneko gune biak ere. Kirmen Uribe eta Toti Martinez de Lezearen mahaien bueltan irakurleak pilatu egin ziren. Eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren bisitak ere ikusmira sortu zuen bildutakoen artean.
Jende oldea ikustean, lasaitua hartu zuten salmahaien atzean beharrean zeudenek eta Gerediagako arduradunek. Krisia aipatu gabe solasaldi bat edukitzea ezinezko bihurtu duten honetan, beldurrez ziren batzuk Durangok ez ote zion krisiari gaina hartuko.
«Egoera zein den ikusita», are «esperantza eta gogo handiagoz» etorri da Anjel Valdes Elkar diskoetxeko editorea Durangora. «Sinesten dugulako egiten dugun honetan». Esan duenez, diskoak ez dira produktu hutsak, «musika garrantzitsua da pertsona gisa hazteko eta oreka emozionalerako. Horrek animatzen gaitu, krisia egon zein ez, urtero, Durangora etortzera». Salmahaien atzean nahiz aurrean daudenak, «guztiak egoera berberean» daudela uste du Valdesek. «Eta ulermen berbera daukagu; badakigu zeinen garrantzitsua den hemen egotea».
Katalogo zabala du Elkarrek. Gorka Knorren antologiak etaGozategiren azkenak mahaia partekatzen dute. Betagarriren berria eskatu diote Valdesi neska gazte bik, solasean zela.
Bidehuts zigiluaren mahaian, Anarirekin batera, Joseba Irazokik eman zuen goiza. Harena etaWillis Drummondena. Disko bi horiek izango dira gehien salduko direnak, Anarik uste duenez. Nolanahi ere, Bidehuts osatzen dutenek «beste abiadura bat» dutela pentsatzen du. «Gurea beste erritmo bat da; hona etortzea ez da dena. Honek lagundu egiten du, azkenean honako egiten duzu lana, baina kontzertuak egitekoak eta kontzertuetan saltzekoak gara gu gehiago».
Mursego, Xabier Montoia eta Anariren beraren aurreko urteetako lanak daude Bidehutsen postuan. Eta sortzaileek berek egingo dituzte txandak mahaian. Diskoetxe baten babesik gabe Durangon egotea «zaila, baina aldi berean, sinplea» dela dio. «Dena zuk egitea ederra da, baina gogorra ere bai. Dena da zuretzat, txarra eta ona».
Sortzaileak batzen ditu, halaber, Taupaka elkarteak. Aurrenekoz jarri du mahaia Durangon, elkarte berria baita. «Geure burua aurkezteko modu bat da», esan du Gorka Txamorro Sirokako musikariak eta Taupakako kideak. Elkartea osatzen duten taldeetako asko aurrez Musikherrian ibilitakoak dira; eta horrenbestez, badute eskarmentua azokan. Hala, Dzipo elkartearekin ari dira mahaia partekatzen, «osoa hartzea garestiegi ateratzen zitzaigulako».
Taupakaren helburua beste bat da, eta saltzera bainoago, elkartearen eta taldeen lanen berri ematera etorri dira Durangora. «Diskoak hemen dauzkagu norbaitek erosi nahi baditu, baina sarean ere badaude, edozeinek eskuratzeko moduan». Azokaren kontzeptuarekin kritiko samar agertu da Txamorro: «Diskoen salmenta izugarri jaitsi da, gure kasuan behintzat. Egoera horretan, beste gauza batzuek hartzen dute garrantzia: gure musika zabaltzeak, kontzertuak lotzeak... Gure leloa beste bat da, argi dugulako: sormena ez dago krisian».
«Jendeak erantzungo du»
Dioenez, inoiz baino musika eta literatur lan gehiago sortzen dira, etakrisiak salmentetan hainbesteko eragina izango baldin badu, bestelako bide batzuk pentsatu beharko dira lan horiek guztiak zabaltzeko. Hutsa, Solte eta Josu Bergararen diskoak dauzkate, besteak beste, Taupakaren erakusmahaian.
Susa argitaletxea «espektatiba onekin» etorri da azokara, Mikel Elortzak adierazi duenez. «Liburu onekin etorri gara, iaz bezala, eta pentsatzen dugu saldu egingo direla». Elortzak onartu du «salmentak oro har» jaitsi egin direla, «baina gu preseski ezin gaitezke kexatu. Azkenaldian saldu egin ditugu liburuak, eta azokan berdintsu ibiliko garela uste dut». Zortzi nobedade ekarri ditu azokara Susak. Baina, oroz gain, Mikel Antzaren Atzerri eta Kirmen Uriberen Mussche salduko dituztela pentsatzekoa da, argitaletxearen erakusmahai zabalean toki edota garrantzia berezirik hartzen duen liburu jakinik egon ez arren. «Berdin tratatu ditugu liburu guztiak, kariño handiz denak ere», nabarmendu du Elortzak.
Ordea, Txalaparta argitaletxearen salmahaian dagoeneko ohikoak diren liburuen dorre horietako bat osatu du Mikel Soto editoreak, Jon Alonsoren Zintzoen saldoan nobelarekin. Inprentatik azokara ekarri ditu aleak, tartean aurkezpen ekitaldirik egiteko astirik gabe. Sotok aitortu du «beldur pixka batekin» iritsi dela Durangora, «krisiaren mamua hainbeste aipatzen dute... Jendetsu hasi da azoka, eta saltzen ari gara, baina egun bat gutxiago ere badu, eta auskalo nondik nora joango diren gauzak». Haatik, krisian dena sorkuntza ez dela egiaztatuz, mahai luzea jarri du Txalapartak, aurreko urteetan bezala. «Konfiantza dugu; jendeak erantzun egingo duela uste dugu».
Fernando Morillorentzat, «azokara etortzea bera ikaragarrizko arrakasta da». Duela urtebete sortu zuen Gaumin argitaletxearen bidez plazaratutako lanak ekarri ditu Durangora. «Gauza politak prestatu ditugu, goxoki ederrak. Funtzionatu badezake, funtzionatuko du. Gustura egoteko moduan gaude, eta gero ondo joaten bada azoka, primeran», adierazi du idazleak.
Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Beldurrak uxatzeko moduan
Bizi hasi da Durangoko Azoka; jende saldoa izan da egun osoan, eta lasaitua hartu dute argitaletxe eta diskoetxeetako arduradunekAzokara lehendabizikoz etorritakoak ere badira: sortzaileen Taupaka elkartea, kasurako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu