Donostiako 73. Zinemaldia

'Belén', erresistentzia aldarrikatzen duen filma

Dolores Fonziren filmak berezko abortua izan eta espetxeratu egin zuten emakume baten kasua kontatzen du. Milagros Mumenthalerrek, berriz, 'Las corrientes' filma aurkeztu du, eta Yutaro Seki eta Kentaro Hirase zuzendariek, 'SAI: Disaster'.

Dolores Fonzi (bigarrena ezkerretik), 'Belén' filmeko aktoreekin, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Dolores Fonzi (bigarrena ezkerretik), 'Belén' filmeko aktoreekin, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Lizarralde - Itziar Ugarte Irizar - Ainhoa Sarasola
2025eko irailaren 23a
14:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

2014ko martxoan, 24 urteko emakume bat haurdun zegoela jakin gabe eta sabeleko min handia zuela iritsi zen Argentinako Tucuman estatuko erietxe batera. Han, sendagileen eta erizainen axolagabekeriak lagunduta, nahita abortatu izana leporatu zioten, eta poliziek ohera lotu zuten esku burdinekin. Segidan etorri zena amesgaiztoa izan zen harentzat: atxilotu egin zuten, babestu behar zuen abokatuak ez zuen bere lana behar bezala bete, handik bi urtera epaitu egin zuten, eta, azkenik, zortzi urteko zigorra ezarri zioten. Baina, horrekin batera, eta Soledad Deza abokatuaren borrokari esker, emakumeen elkartasun olde bat ere eragin zuen auziak, eta apurka-apurka zabalduz joan zen.

Auzi horrek Argentina astindu zuen, eta abortatzeko eskubidearen aldeko borrokaren ikur bilakatu zen; bada, hartan oinarrituta dago Belén, Dolores Fonzi aktore eta zinemagileak zuzendu eta gaur Sail Ofizialean aurkeztu duen filma. Fonzik, filma zuzentzeaz gain, Dezaren rola ere bete du filmean, eta gidoiaren idazketan ere parte hartu du.

Gaurko emanaldiaren osteko aurkezpenean, Fonzik azaldu du militantziak balio izan ziola abokatuaren lekuan jartzeko. «Abokatuak funtzionatzen ez duen sistema bat jasan behar du, baina, era berean, ezin da horren kontra amorruz borrokatu: ulertu behar du batasunak eragiten duela indarra». Hain zuzen ere, amorruak bultzatuta aritu izan balitz, Dezak ez zuen herrialdeko emakumeen eta mugimendu feministaren batasuna lortu izango ere. «Militante gisa, gu adierazkorrak gara, eta haserrea kudeatzeko beste modu bat dugu, baina Soledadek, eta halako lanak dituztenek, beste lasaitasun batekin begiratzen diote legeen munduari».

Filmak abortatzeko eskubidearen aldeko borrokaz hitz egiten badu ere, Fonzik uste du ez duela hori gai bakarra: «Uste dut justizia egiten ez duten eta justizia babesten ez duten erakunde instituzionalei buruz hitz egiten duela filmak. Zeinen esku dago justizia hori? Zein defenditzen du?». Zinemagilearen iritziz, ez dago zertan feminista izan filma ulertzeko. «Filma egin dugun gehienak emakumeak gara, eta drama emakume baten gorputzean jarrita dago, hau dena emakume bati gertatu zitzaiolako, baina, nire iritziz, hori gainditu ere gainditzen du, gaia unibertsala baita».

«Justizia egiten ez duten eta justizia babesten ez duten erakunde instituzionalei buruz hitz egiten du filmak»

DOLORES FONZI 'Belén' filmaren zuzendaria

Argentinan gaur egun zinema nola dagoen galdetuta, Fonzik esan du «ia ezinezkoa» dela herrialdean filmatzea. «Ez dago INCAAren [Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Argentinako Institutuaren] babesik, eta zinemarentzako eta kulturarentzako baliabiderik ere ez dago». Hala, Argentinan ikus-entzunezko plataformen ekarpenari esker lan egiten dutela gaineratu du. «Erresistentzian segitzen dugu, bidegurutze batean gaudelako». 

Horregatik, Fonzik balioa eman dio Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean Argentinako hiru ekoizpen egoteari. Izan ere, jaialdia Daniel Henlerren 27 noches filmarekin hasi zen, eta, gaur, Belén-ekin batera, beste film argentinar bat sartu da lehian, Milagros Mumenthalerren Las corrientes.

Ekintza erromantiko bat?

Bere ibilbideko une arrakastatsuenean dagoen estilista baten istorioa kontatu du Mumenthalerrek, hain justu, Las corrientes filmean. Linarena. 34 urte ditu, 5 urteko alaba bat, eta senar aberats bat. Suitzan sari bat jaso berritan, Buenos Airesera itzuli da, baina guztiz itzuli izan ez balitz bezala da. Zerbait aldatu da harengan; isilpeko urek eramanda, iragana bueltan ekarri dion zerbait.

Jatorriaren gaineko dolua da, hain zuzen, zuzendariak filmaren bitartez arakatu nahi izan dituen auzietako bat, baina ukitu ditu oso bestelako galderak ere. Zer den gaur egun «ekintza erromantiko bat», esaterako —eta arteari leku egin dio filmean horretarako—; edo zein diren gaurko jendearen desirak. «Bizi garen gizarte ultrakapitalista honetan desira asko zera ekonomikoak zeharkatzen ditu», adierazi du. «Irudiarekin eta itxurakeriekin lotutako desirak dira».

Pertsonaia batengan ardazten diren filmak idazteko «zailagoak» direla esan du zuzendariak, «bide ugari ireki daitezkeelako», baina denbora luzez hari lagun egitea «idazketaren alde eder bat» dela ere esan du. «Ahultasunak, alde ilun bat eta ausardia handia» ikusten dizkio aldi berean Linari, eta beste galdera hau ere egin nahi izan du haren bitartez: «Emakume izateko zer modu geratzen dira, behin exijitzen zaizkizun betebeharretako asko bete ondoren?».

(ID_15346470) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-09-23, Donostia. Zinemaldia
'Las Corrientes' filmeko lan taldea Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Isabel Aime Gonzalez Sola aktoreak jokatu du Linaren pertsonaia, eta «barruan isiltasunarentzako leku handia duen norbait» dela nabarmendu du hark. Senarraren rola, berriz, Esteban Bigliardik antzeztu du, eta azpimarratu du Linaren pertsonaia indartuko zuten interpretazioak lantzea izan dela gainontzeko antzezleen erronka filmean. «Entsegu ordu asko izan ziren, eta horrek ahalbidetzen dizu, filmaketara iristean, mahaiari heltzeko duen modu hutsagatik arrazoitzea pertsonaia».

Narrazio nagusia osatzen duten «ihesaldi txikiak» ere baditu filmak, eta beste bizitza posible batzuk behatzen ditu horietan Linak, zuzendariaren esanetan. Berea izan zitekeen iragan posible bat, esaterako, lankide gazteagoarengan; eta berea izan daitekeen etorkizun bat, amaginarrebarengan.

Beldur ikusezina

Arratsaldeko emanaldian SAI: Disaster hartu du Kursaaleko auditoriumak, Yutaro Seki eta Kentaro Hirase zinemagile japoniarrek zuzendutako filma. Bizimodu arrunta daramaten hainbat lagun bata bestearen ondotik aurkezten zaizio ikusleari; nor bere hirian, bere lanbidean, bere eguneroko soilean. Haien bideak ez dira inoiz gurutzatzen, baina gizon misteriotsu baten agerpenak lotuko ditu istorioak. Beste norbaiten itxurarekin eta nortasunarekin agertuko da aldiro gizona: akademia bateko irakasle, ile apaintzaile, kamioi gidari... Aldi berean, heriotza natural zein suizidio gisa sailkatutako hainbat kasu ikertuko ditu polizia batek, hilketak izan daitezkeelakoan.

Sekik eta Hirasek hainbat film labur zuzendu zituzten aurrena, Masahiko Satorekin batera, eta hirurek elkarlanean ondu zuten beren lehen film luzea ere, Miyamatsu to Yamashita / Roleless (2022), zeinak Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuen. Halaber, Hirasek Genki Kawamuraren Hyakka / A Hundred Flowers filmeko gidoia idatzi zuen —2022ko Zinemaldian Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen obrak—. SAI: disaster bi zinemagileen bigarren film luzea da.

«Beldurra modu berri batean» lantzeko gogoak eraman zituen filma sortzera, emanaldiaren osteko agerraldian bi zuzendariek azaldu dutenez. Sekiren hitzetan, pelikulan «beldurra ez da zuzenean islatzen, zeharka baizik; eguneroko bizitzan gertatzen diren eszenen bidez sortzen da beldurra». Halaber, Hirasek adierazi du filmean hondamendiaz hitz egin nahi zutela. «Japonian hondamendi naturalak gertatzen dira egunerokoan, lurrikarak, luiziak, gaixotasunak... Horregatik, aktore nagusiari eskatu genion ez jarduteko serieko hiltzaile gisa, baizik eta hondamendia islatzeko». Teruyuki Kagawa antzezleak jokatu du gizon misteriotsuaren rola, eta Anne Nakamurak ikertzailearena.

(ID_15346008) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-09-23, Donostia. Zinemaldia
Anne Nakamura aktorea (erdian), Yutaro Seki eta Kentaro Hirase zuzendariekin, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Filmaren ardatza definitzean, zuzendariekin bat etorri da Shigeto Kunii argazki zuzendaria ere: «Ikusezina den beldurra ikusarazi nahi genuen, eta berez konplikatua da hoi, baina, zuzendariekin elkarlanean, lortu genuela uste dut». Ikusten ez den beldur hori islatzeko ezohiko kamera hartzeak egin zituztela ere zehaztu du; esaterako, pertsonaien aurpegiak planoen erdigunean jarriz eta haien buruen gainean ohi baino tarte handiagoa utziz; eta Kagawaren pertsonaiari begiak zuzenean ez argiztatzearen alde ere egin zuten.

Filmak sei ataleko telesail bat du oinarrian, eta kapitulu bakoitzak istorio bat kontatzen duela azaldu dute bi zuzendariek. Hala, atal bakoitzeko txatalak hautatuz eta elkarrekin josiz sortu zuten filma, bestelako eszenarik grabatu gabe. Edonola ere, telesailaren gidoia idaztean dagoeneko film luze bihurtzeko proiektua buruan izan zutela adierazi du Sekik. Lehenik egitura erabaki eta ondoren istorioak haren gainean sortu zituztela ere esplikatu du: «Puzzle moduko bat da, sei atalak hor daudelako eta ez dugulako gidoia berriro idatzi. Baina erronka bat ere bazen, hasieratik izan baikenuen buruan filma egiteko asmoa». Hirasek gaineratu du ez diotela ordena konbentzional bati jarraitu istorioa kontatzeko, hori baita haien estiloa.

Halaber, aktoreen lana txalotu dute bi zuzendariek, eta Kagawarena nabarmendu. Hirase: «Haren lana konplikatua zen, hainbat pertsonaia antzeztu behar zituelako, eta proiektuak aurrera egingo ote zuen zalantzan ere izan ginen hasieran. Baina aurrez harekin lan egindakoak ginen, eta bagenekien zer indar eta gaitasun duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.