Belodromoko kontzertu-proiekzioa berreskuratuko du 70. Zinemaldiak

Zazpi filmen eszenak proiektatu ahala, horien soinu bandak zuzenean joko dituzte Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak. Doan da saioa, baina gonbidapena eskuratu behar da

Jose Luis Rebordinos, Joseba Palacios, Aitor Amezaga eta Juan Jose Ocon, atzo, Donostian, emanaldiaren aurkezpenenean. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean, bueltan da Donostiako Zinemaldian jada klasiko bilakatu diren saioetako bat: Belodromoan egin ohi den kontzertu-proiekzioa. Ikus-entzuleen saiorik kutunenetako bat izaten dela, eta etenaldian zehar askok galdetzen zietela noiz berreskuratuko ote zuten, horixenabarmendu du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak. Bada, ohi bezala, jaialdiaren lehen larunbatean (hilak 17), eguerdian puntuan hasiko da Belodromoan zazpi soinu bandaren emanaldi sinfonikoa eta film horien eszenen muntaketa uztartuko dituen ikuskizuna. Saioa ordu eta laurdenekoa izango da, eta sarrera doakoa, baina aurrez gonbidapena eskuratu beharra dago.

Zinemaldiak, Euskadiko Orkestrak (EO) eta SGAE fundazioak elkarrekin antolatu dute emanaldia, eta, urtero bezala, aurten ere EOk interpretatuko ditu pieza aukeratu batzuk, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean. «Urteotan guztietan, 58 filmen soinu bandak jo ditu Euskadiko Orkestrak», zehaztu du Rebordinosek. Larunbateko kontzerturako, gainera, EOk Andra Mari abesbatza gonbidatu du bi filmetako musika kantatzera: Arturo Cardelusek Buñuel en el laberinto de las tortugas (Salvador Simo) filmerako ondutakoa; eta Aitor Amezagak La sombra de nadie (Pablo Malo) lanerako konposatutakoa. Oconek azaldu duenez, ez da erronka erraza musikarien, kantarien eta proiekzioen arteko sinkronizazioa lortzea, eta horretan ari dira lanean saioaren aurreko egunetan.

Beste soinu banda batek ere aurtengo egitarauarekin lotura berezia duela adierazi du Rebordinosek: Basilio Martin Patinoren Nueve cartas a Berta filmerako Carmelo Bernaolak ondutakoak. Izan ere, film horren kopia zaharberritu bat erakutsiko du jaialdiak, Klasikoak sailean. Horiez gainera, beste lau filmetako musika interpretatuko dute orkestrako nahiz abesbatzako kideek: Alejandro Amenabarrek berak bere Mientras dure la guerra filmerako sortu zuena; Eva Gancedok Ricardo Francoren La buena estrella lanerako ondu zuena; El portero (Gonzalo Suarez) filmerako Carles Casesek konposatu zuena; eta Manel Gil-Ingladaren Cher ami (Miquel Pujol) lanerako prestatu zuena.

Morgancrearen muntaketa

Aurreko urteetan bezala, musika filmetako eszena muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da. Morgancrea etxeko Carlos Rodriguezek ondu du aurtengoa, eta 400 metro koadroko pantailan ikusi ahal izango da. Musikagileetako batzuk oholtzan beren obrak aurkezten izango direla ere jakinarazi dute antolatzaileek.

Gonbidapenak hilaren 16ra bitarte lortu ahalko dira, eta Belodromoan ere izango dira zenbait,kontzertuaren egunean bertan. 3.000 lagunentzako lekua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.