DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. Fantasien gatibu
Belusak ezkutatzen duena
Julia Robertsek alde egin izanagatik ere Hollywoodeko izarrek Donostian jarraitzen dute oraindik. A History of Violence (2005) zoragarrian Tom Stall gizon misteriotsuaren emazte gisa aritu zen Maria Bello aktoreak emozioz beteriko filma eskaini digu Zinemaldia amaitzear den honetan. Cronenberg Zabaltegi-Bitxiak sailean proiektatu den Barney's Version komedia lotsagabean ikusi ahal izan dugu, bestalde, eta Giamattik haragitzen duen mozkortiaren kontura jendeak primeran pasatu duela ez dago zalantzarik. Hala ere, biharamunean ahazten den horietako produkzio baten aurrean gaude, eta nostalgikoek Chaplin, Keaton edo Marx anaiei buruz jarraituko dute hizketan. Orainaldi amaigabean ezerk ez du irauten, egungo produktuak zaborretara joaten dira euren funtzioa bete ostean. Shawn Ku estatubatuarrak Harvarden kimika ikasi ondoren Broadwayn antzezteari ekin zion, eta zineman ere aktore moduan lan egin du; Samsara (Pan Nalin, 2001) filmeko lanagatik saria jaso zuen AFI FEST jaialdian. Bere lehen lan luzerako aktore ezagunak eduki ditu bere zerbitzura, Michael Sheen (The Queen) eta Meat Loaf (Fight Club), besteak beste. Beautiful Boy opera prima-ren abiapuntua lazgarria da: gazte batek bere buruaz beste egin du hainbat ikaskide eta irakasle akabatu ostean. Bellok interpretatzen duen amak ezezagun batzuei atea ireki orduko badaki semea hildakoen artean dagoela. Baina ama batek ez luke inoiz imajinatuko hiltzailea bere seme kutuna denik. «It's a strange world», besterik ezin xuxurla diezaiokegu emakume gizajoari. Cronenbergen maisulanean senarra iraganean mafioso bat zela deskubritu zuen, eta kasu honetan semea benetan ezagutzen duen galdetu beharko dio bere buruari senarraren laguntzarekin. Inguruko pertsonak ezagutzeko gai ote gara? Munstro hitzak erakutsi esan nahi du. Egunerokotasunean arau eta konbentzioei esker barruan daukagun munstroa lokartuta egon ohi da, eta soilik une konkretuetan esnatzen da. The Woman in the Window (Fritz Lang, 1944) harribitxia oso ezkorra da alde horretatik. Emakume zitalaren erruz hiltzaile bilakatuko da Wanley irakaslea, baina amaieran dena amets bat izan dela iradokitzen digu egile austriarrak. Horrek lasaitu egin beharko gintuzke, baina irakurketa psikoanalitikoak dardarka jartzeko moduan utz gaitzake. Ametsetan benetako desioak azaleratzen dira, eta beraz, inkontzienteak norbanakoaren benetako aurpegia marrazten du. Gizarteak maskara jakin bat eramatera behartzen du gutako bakoitza, eta askok gidoia zaborretara botatzea erabakitzen dute. Beste batzuek, ordea, maskararen benetakotasunean sinetsi nahi dute; sakontasuna azalean dago, harago ez da ezer existitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu