Josetxo Silguero saxofoi jotzailea (Irun, 1964) The DK Projection taldearekin batera ariko da gaur, 20:00etan, Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoan, musika garaikideari eskainitako zikloaren barruan. The DK Projection Hagako Sonologia Institutuarekin (Herbehereak) lotutako taldea da, bi kidek osatua: Angel Arranz musikagileak (Peñafiel, Espainia, 1976) eta Beatriz del Saz bideo artistak (Madril, 1983).
Nola sortu zen The DK Projectionekiko duzun harremana?
Internet bidez ezagutu genuen elkar, elkarrekin partekatutako lagunak tarteko zirela. Batak eta besteak egiten duenaz hizketan hasi, ikuspegi askotan bat gatozela ikusi, elektronika eta tresna akustikoaren arteko uztarketa lantzeko gogoa piztu... Haiek ere gogo handia zuten haizezko musika tresna batekin lan egiteko, kasu honetan saxofoiarekin. Lan saio batzuk egin genituen, eta taldea iaz aurkeztu lehen aldiz jendaurrean, Valentzian.
Zer irizpide nagusiri jarraitu diozue kontzertuan eskainiko duzuen programa osatzean?
Bi kontu hartu ditugu aintzat: batetik, saxofoi baxuaren presentzia; bestetik, aurtengo Hamabostaldiaren ardatza: Frantziako musika eta, bereziki, Claude Debussy.
Zer presentzia izango du saxofoi baxuak?
Emango ditugun sei obretatik lau saxofoi baxurako sortuak dira; eta horietako bi elektronikarekin ere uztartuta daude: Angel Arranzek saxofoi baxurako, elektronikarako eta bideorako sortutakoa; eta Alberto Posadasek saxofoi baxurako eta elektronikarako sortutakoa. Gainerako lau obrak akustikoak dira, eta haietako bi estreinaldiak izango dira: Felix Ibarrondo musikagile oñatiarraren Hangoak, saxo tenor bakarrerako sortutakoa; eta Javier Quislant musikagile bilbotarrarenErgosphere (sobre la expresión del movimiento IV).
Zertan nabariko da Frantziako musikarekiko eta Debussyrekiko lotura?
Gerard Griseyren obra bat emango dugu, adibidez. Grisey musika espektralaren sortzaileetako bat izan zen 70eko hamarkadan, Debussyk XX. mendearen hasieran zabaldutako bidean aurrera eginez, tinbrearen gustua eta tinbre berrien bilaketa aldarrikatuz.
Ez dira asko izaten saxofoi baxurako sortutako lanak.
Saxofoi baxua gutxietsia egon da luzaz, baina azken bost urteetan musikagile askoren artean lilura sortu du, daukan indarrarengatik eta eskain dezakeen kolore ugaritasunagatik. Tresna baten gailurra orkestra sinfonikoarekin egindako kontzertuetan bakarlariarentzako lanak izatea da, eta Espainian hori eskaintzen diten hiruzpalau obra sortu dira.
Leku egokia da Hamabostaldiak musika garaikideari eskainitako zikloa honelako lanetarako?
Bai. Zorionez, Hamabostaldiko ziklo txikiak eutsi egiten dio. Ondo dago Mozart, Beethoven eta horrelakoak gogoratzea, baina horiek jada sortuak eta aitortuak dauden musikak dira, mila aldiz interpretatuak. Benetako babesa behar duena egun egiten den obra da, egungo artistek sortutakoa.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Josetxo Silguero. Saxofoi jotzailea
«Benetako babesa behar duena egun egiten den obra da, egungo artistek sortua»
Egungo egileen lanekin, saxofoi baxuari protagonismoa eman eta XX. mendearen hasierako Frantziako musika omenduko dute gaur egingo duten emanaldian Josetxo Silguerok eta The DK Projection taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu