Javi P3Z. Musikaria

«Benetako gauzak bilatzeko fasean nago; digitalarekin nekatu naiz»

Ezkutuan igaro ditu azken urteak, zinemarako musika egiten, baina soul espiritu eta soinuz gainezka egiten duen proiektu batekin itzuli da. Tric3ps hirukotearen lehen diskoa atera du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Javier Vicente Calderon (Donostia, 1967) jarri zioten izena, baina Javi Pez ezizenak egin du ezagun. Azkenaldian Javi P3Z gisa sinatzen ditu bere lanak, eta Tric3ps taldea sortu du, Alberto Boschekin (baxua) eta Oriol Floresekin (bateria) osatutako hirukotea. Tric3ps lehenengo diskoan, (No-CD Records), musika beltzarekiko zaletasuna aireratu du.

Javi Pez Orquestaren diskoa grabatu zenuenetik zazpi urte pasatu dira. Ez al dira asko argitalpen erritmo bizira ohitua dagoen batentzat?

Pixka bat ezkutatua egon naiz. Ibon Errazkinekin Instrumental-en lantxo bat egin nuen 2005ean, eta gehiago egon naiz zinemarako musika egiteari emanda. Arlo pertsonalean ere garai zaila izan da, eta horrek ere eragina izan du arlo profesionalean ere. Orkestraren ondoren hasi nintzen zerbaitetan, eta grabatu ere grabatu nituen kantu pare bat. Asmoa zen zooaren inguruko disko bat egitea, baina gero dena zaildu zen, eta ez zen aurrera atera.

Zer-nolako esperientzia izan zen orkestrarena?

Polita,baina une batetik aurrera energia asko kentzen zidan, bederatzi lagunekin mugitzea ez baita erraza. Zaila zen talde osoa koordinatzea, eta nekagarria egin zitzaidan.Baina kantu berriak nituenez, Alberto Boschekin jarri nintzen harremanetan 2007 edo 2008an, proiektu berri bat abian jartzeko asmoarekin. Gerora Oriol [Flores] gehitu zitzaigun, eta ordutik hau prestatzen egon gara. Denbora behar izan du, baina prozesu logikoa ere bada; azken batean, aurrera begirako proiektu bat ere bada.

Zure izena alboan utzi duzu, taldeari emateko garrantzia.

Ez neukan gogorik Javi Pez izenarekin aritzeko. Gainera, taldeak aukera handiak ematen ditu, hainbat formazio eredurekin lan egitea ahalbidetzen duelako. Alberto aspaldi ezagutzen dut [Parafunk-en elkarrekin aritu ziren 90eko hamarkadan], eta oso harreman ona daukagu. Eta Oriol, berriz, orain gutxi ezagutu dut, baina primeran egokitu da.

Triz3psen diskoa entzuten hasi, eta atentzioa ematen duen lehenengo gauza elementu elektronikoen falta erabatekoa da.

Elektronikaldia antolatzen aritu nintzenez, horrekin lotzen naute. Baina elektronika tresna bat izan da beti, niretzat, musika egiteko tresna bat. Orain, artifizioa ikusten dut elektronikan, eta ez nau gogobetetzen. Benetako gauzak bilatzeko fasean nago. Digitalarekin nekatu egin naiz. Informazio asko daukazunean ez diozu arretarik jartzen ezeri.

Dena dela, musikalki ez zara beste eremu batera joan. Tric3ps erabat lotzen da aurretik egin duzunarekin.

Nik uste dut baietz. Lan honetan sanplerra ez dut erabiltzen, baina egia da lehen ere oso modu organikoan erabiltzen nuela, jazz edota soul diskoetatik hartzeko. Dantzarako musika da azken batean. Soula, popa... 70eko hamarkadako soulerako joera dute kantuek. Nik esaten dut soul zuria dela.

Aspaldi ez zenuen hainbeste abesten disko batean, eta sumatzen da esfortzu berezi bat egin duzula.

Parafunken garaitik ez nuen abesten. Camping Gaz, Instrumental eta halakoetan zerbait abestu dut, baina modu esperimentalagoan. Eta orain itzuli naiz hurbilagoko musika egitera. Sentimenduetatik hurbil dago disko hau, eta kantatzea erronka bat ere izan da. Izan ere, gitarra akustiko baten laguntza hutsarekin kantatu daitezke abesti hauek. Hurrengo diskoa, adibidez, hau baino akustikoagoa izan liteke.

Izan duzu eredurik abesteko orduan?

Gustatu, soul kantariak gustatzen zaizkit: Sam Cooke, Curtis Mayfield, Al Green, Marvin Gaye... Baina absurdoa da pentsatzea haien mailara irits naitekeenik.

Lehen soul zuria aipatu duzu. Zer da zuretzat?

Beltzen musika imitatzen saiatzerakoan zuriek egiten dutena da soul zuria. Beltzei modu naturalean ateratzen zaie, eta guri, berriz, imitazioz. Niretzat, soul zuria Orange Juice da, The Style Council, Dexys's Midnight Runners, Talking Heads... 80ko hamarkadan talde asko sortu ziren. Elvis Costello bera, Aztec Camera.... Atzera begiratu, eta ohartzen naiz hori egin nahi dudala. Soul zuria.

Nostalgia dago horren atzean?

Ez zait nostalgia interesatzen, baina modernoaz nekatu egin naiz. Ez diet bizkarra ematen makinei, baina une honetan artifizioarekin lotzen ditut. Eta une honetan akustikoari aberastasun handia sumatzen diot.

Utzi egin diozu DJ lanetan aritzeri. Zergatik?

Diskoak jartzeak asko nekatzen du, batik bat gauez ibili behar horrek. Diskoak jartzea izugarri gustatzen zait, baina Etxekalterena ere bukatu egin da, eta orain garai berri batean nago.

Zure lanetan umoreak beti izan du espazio handia, baina lan berrian ezkutuago dago.

Bai, Novophonic oso zigilu komikizalea izan zen, baina orain elementu emozionalei ematen diet garrantzia. Ni oso umorezalea naiz, eta iritsiko da umoreari leku handiagoa emateko ordua ere.

Beti oso musikazalea izan zara. Segitzen duzu musika entzuten?

Badira zigilu batzuk ari direnak izugarrizko lana egiten. Panamako musika ezagutarazten, Etiopiakoa, Marokokoa... Herrialde bakoitzeko musika gustatzen zait. Adibidez, beste proiektu bat daukat Carles Belda eta Jon Lonberarekin, Herrikojak, Euskal Herriko musikan sakontzen duena modu pertsonalean.

CDarekin batera, gailu bitxi bat atera duzu, playbuttom-a, zure diskoa entzuteko. Bide berriak bilatu behar dira musika zabaltzen segitzeko?

Ez daukat garbi nora goazen.Niri pena emango lidake albuma galtzea. 70eko hamarkadan lortu genuen formatu hori, eta absurdoa litzateke orain galtzea. Niretzat, albuma liburu baten modukoa da, objektuak berak balio bat dauka. Uki edo zapal daitezkeen gauzek balio bat daukate, lurrak berak bezala. Eta mundu digitalarekin gertatzen dena da ez duzula ezer ez. Bakarrik oroitzeko gaitasuna. Eta hori ere galdu egiten da. Ezagutza pilatuz doan zerbaiten gisa ulertzen dut, eta, dena makina baten esku egon daitekeela pentsatzen badugu, ba, agian, ezagutzeko gaitasuna ere galdu egingo dugu. Nahasmendu garai bat ari gara bizitzen, zapping garaia...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.