Benito Lertxundi eta etorkinak dituzte gai Tene Mujika beka jaso duten lanek

Mikel Markezek eta Pako Aristik aurkeztu dute lehen proiektua, eta Ainara Gorostitzuk bigarrena

Mikel Markez, Ainara Gorostitzu eta Pako Aristi, 2010eko Tene Mujika bekaren saridunak. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Azken sei urteetan hileroko ohitura bihurtua dute. Txandaka-txandaka, bakoitzaren bizitokian elkartu izan dira bazkariak egiteko. Urrestillan batean, Aian bestean eta Orion hurrengoan. Makina bat bazkari egin eta partekatutakoak dira Pako Aristi eta Mikel Markez, Benito Lertxundirekin. Enkontru horietako bakoitza modu bertsuan amaitu izan da. Elkarri eskua eman, eta «plazer bat izan duk, Benito» esan izan diote lehen biek hirugarrenari. Enkontru horietan eta esaldi horretan du abiaburua Aristik eta Markezek Tene Mujika sarirako aurkezturiko lanak. Epaimahaiak lan horri beka ematea erabaki du, eta, harekin batera, Ainara Gorostitzu kazetariak etorkinei buruz aurkezturiko egitasmoa ere saritu du.

Lagunartea du testuinguru Aristi eta Markezen lanak. Bazkari eta bazkaloste luzatuak. Solasaldiak. Honetaz eta hartaz. Konfiantza. Adiskidetasuna. Eta beste honako hau, mamia: euskal kantagintzaren pertsonaia enblematikoa. Haren pentsamendu, gogoeta eta kezka iturriak. Eta hori guztia paperera eramateko borondatea. Benito Lertxundiren testigantza eta gogoetak modu literario bateanjasotzea. «Azken urteetako enkontruen kronika aukeratua» egingo dute, Markezek zehaztu duenez.

Euskal Herriko historia hurbilaz biografiak, kronikak, errepotajeak, saiakerak, elkarrizketak... bultzatzeko sortu zuten Tene Mujika saria Debako Udalak eta elkar argitaletxeak.

Lertxundiren hizketarako «abilezia»izan dute bidelagun egitasmoa hezurmamitu ahal izateko: «Ni beti harritu izan nau zenbateta zein ondo hitz egiten duen. Oso hiztun ona da.Eta beti nuen sentsazio bera. Zein gauza interesgarriak esaten dituen eta zenbat ote dauzka oraindik esateko. Mikelek ere sentsazio bera zuen, eta behin proposatu egin genion bazkal edo afalosteko tertulia horiek grabatzeko. Gure harridurarako berak onartu egin zuen», dio Aristik Lertxundiri buruz.

Hiru sortzaileen arteko enkontru horiek askorako eman dute. 50 ordutik gora dituzte grabaturik eta paperera transkribaturik 400 orri inguru dira. Ez da izango elkarrizketa liburu klasikoa; ez dio galdera erantzunen patroiari jarraituko, eta ez da egingo gaika sailkaturik, Aristik azaldu duenez: «Gure asmoa da gure baitatik hasita, zubiak eskaintzea irakurleari, Benitorengana iristeko. Gai zenbait aterako dira, eta, akaso, hainbat kapitulu geroago berriro gai hori bera agertuko da beste ikuspuntu batetik». Hizketaldi horietan guztietan astrologiaz, erlijioaz, politikaz, sexuaz, izpiritualtasunaz eta bestez hitz egin izan dute.

«Kantarien belaunaldi zoragarri bateko ia-ia azken bozeramailea» da Lertxundi, Aristiren hitzetan. Baina ez hori bakarrik: «Beti erne egon den pertsona bat da. Beti saiatu da garaian garaian gertatzen ari ziren gauzak ulertzen eta zetozen pentsamendu berriak bereganatzen.Eskola handirik ez zuen ikasi. Autodidakta da eta horrek eman dio hizketan eta pentsatzen daukan grazi guztia.Ez dauka pentsamendu sistema itxi bat: pentsamenduak eboluzionatu egin du eta ez da zaharkitu».

6.000 euro lan bakoitzari

Ez da ohikoa izaten, baina aurten, 2010eko deialdian aurkezturiko lanen kalitatea aintzat hartuta, Tene Mujika saria bitan banatzea erabaki du Lorea Agirrek, Alberto Barandiaranek eta Elixabete Garmendiak osaturiko epaimahaiak; Debako Udalak, berriz, proiektuen interesa ikusi eta epaimahaiaren eskaria aintzat hartuz, bikoiztu egin du sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat.

Aristiren eta Markezen egitasmoaren oso bestelakoa da aurtengo bigarren Tene Mujika saria, Ainara Gorostitzu kazetariak eskuraturikoa. Autobus bidaia batean du abiapuntua etorkinei buruzko liburu egitasmo horrek. Autobus horretan bildutako etorkin jendeak, hain zuzen ere: «Urteak ziren autobus bidaia hori egiten ez nuela. Besteren etxeko lanak egitetik zetozen bi andre, obraren batetik bueltan zetozela ziruditen gizonak, CDz beteriko lantegia gainean zeraman mutil gaztea, andre gizon ekuadortar indigenak... horrela bete zen autobusa», azaldu du Gorostitzuk. Eta burua galderaz betetzen hasi zitzaion. «Zerk bultzatu ote du andre hori Nikaragua utzi eta hona etortzera? Herrimina sentitzen ote du mutil gazte honek? Nola egokitu ote dira indigena horiek hemengo martxara?». Galdera horiei erantzuteko premiak bultzatu zuten etorkinen «atzean dagoen historia» ezagutzeko irrika izatera: «Lehenengo neuk ezagutzeko, eta ondoren ezagutarazteko. Euren ametsak eta egiak, ilusioak eta ezinak, malkoak eta barreak; jatorrizko herria eta Euskal Herria; bidaia eta etorkizuna; han utzitako sustraiak eta hemen ereindako haziak...».

«Datuak aparte utzita», etorkinaren ahotik jaso nahi du Gorostitzuk bakoitzaren bizi esperientziaren testigantza bizia. Horretarako, profil askotariko hamar etorkinekin bilduko da; elkarrizketak egin, eta haien istorioa kontatzeko. «Jatorri askotariko etorkinak dira liburuko protagonistak. Arrazoi ekonomiko, politiko eta militarrengatik edo auskalo zergatik emigratu dutenak, sexu, adin, lanbide eta gaur egun beste bizileku bat duten etorkinak».

ETORKIzuNAK izenburua jarri dio proiektuari kazetariak. Etorkizun hitzak berekin daramatza etorkin eta zu hitzak ere. «Edozein izan daiteke etorkin. Horregatik, Euskal Herria utzi eta Amerikara emigratu zuenik ere egongo da hamarreko sorta horretan».

Etorkinen egunerokotasuna ikusiko du Gorostitzuk, eta, besteak beste, Euskal Herriarekin eta euskararekin izan duten harremanean jarriko du arreta. Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIA-n aritu izan da lanean urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.