Benito Lertxundi hizpide hartuta egingo dute Kanterri euskal kantugintzari buruzko ikastaroa, ostiralean eta larunbatean, Oiartzungo (Gipuzkoa) udaletxeko batzar areto nagusian. 2022an abiatu zuten kultura ekitaldi hori, euskal kantugintza aztertzeko asmotan, eta aurreko aldiak bezala, aurtengoa ere Ahotseneak, Bizardia kultur elkarteak, Soinueneak eta Oiartzungo Udalak antolatu dute.
Aurretik egindako hiru ikastaroek Euskaraz kantatzen duen herria leloa izan zuten; aurtengo, ordea, Kantari historikotzat naukate. Benito Lertxundiren kantagintzaz hautatu dute. 2022an, ikastaroa lehendabizikoz egin zenean, euskal kantugintza aztertu zuten, eta Anari izan zen parte hartzaileen artean. Besteak beste, zera adierazi zuen: «Euskal kulturaren indarrak inplosiboa izan behar du, ez esplosiboa; sakona eta ez zabala, ez dena neurtzen bakarrik zenbakitan». Hain zuzen ere, Lertxundi, aurtengo protagonista, gaur egunera arte iraun duen inplosio horren eragileetako bat izan zen, eta hori azaltzen saiatuko dira zenbait aditu eta adiskide.
Aurtengo ikastaroak hori du berezia: orain arte euskal kantugintza ikuspuntu orokorrago batetik aztertu dute, baina, oraingoan, kantari batean jarri dute arreta. Kanterriren komunikazio arduradun Gotzon Barandiaranek adierazi du euskal kantugintza ertz guztietatik aztertu nahi dutela, eta Lertxundik agur esan zuenean aurtengo Kanterri haren inguruan egitea pentsatu zutela, euskal kulturgintzari utzi dion ondarea aitortzeko helburuz. Beraz, bertaratuko direnek aukera izango dute kantariaren ibilbidea ikuspuntu estilistikotik ez ezik ikuspuntu soziolinguistikotik, historikotik, didaktikotik eta bestelakoetatik ere aztertzeko.
«Benitok agur esan zuenean, pentsatu genuen merezi zuela aurtengo Kanterri haren omenean egitea, aitortza hori merezi du eta»
GOTZON BARANDIARAN Kanterriren komunikazio arduraduna
Hitzaldiz hitzaldi
Biharko saioari Lertxundiren adiskide Ane Ablanedok emango dio hasiera. Ablanedok alderdi emozionaletik helduko dio kantariaren ibilbideari, Benito, gure emozioen alkimista hitzaldian. Bere esperientziatik abiatuz mintzatuko da, eta azalduko du entzuleek zer senti dezaketen Orioko artistaren kantuak aditzean.
Juantxo Zeberio musikariak hartuko dio lekukoa, eta Zerk bereizten ditu Benitoren kantuak? izendatutako mintzaldia emango du. Abeslariaren lanen lagin bat erabiliz, bi ildo jorratuko ditu, ikuspegi historiko-musikala aintzat hartuta. Batetik, Lertxundiren lanek zer bilakabide izan duten azalduko du, 1967an gitarra hutsarekin hasi zenetik 2023ko azaroan, harmailak lepo zirela, Gernikako pilotalekuan emandako azken kontzertura bitarte. Eta bestetik, hasierako lan horiek azken emanaldian izan zuten lorratza ere aipatuko du.
Eguna amaitzeko, Itziar Navarro musikari eta musikologoak Orioko bardoaren lorratzean. Benito Lertxundiren ibilbideari errepaso kantatu bat izeneko saio praktikoa egingo du, ahotsa eta soinu tresnak erabiliz.
Bigarren eta azken egunari Imanol Artolak ekingo dio. Soziopolitikan eta soziolinguistikan aditua da Artola, eta Benito Lertxundiren kantuak garai soziopolitikoen isla hitzaldia emango du. Hartan, hizpide izango du Lertxundiren ibilbideak zer-nolako lotura izan duen garaian garaiko testuinguru soziopolitikoarekin.
Iker Gurrutxaga Naiz irratiko musika arduradun eta MusikHaria saioaren gidariak emango dio amaiera ikastaroari, Benito Lertxundi, Talai-Menditik Mendibeltzera hitzaldia emanda. Artista oriotarrak herrikideengan izan duen inpaktuaz arituko da. Horrekin batera, Lertxundiren zenbait kontu intimoago tartekatuko ditu, oriotarrentzat ezagunak izan daitezkeenak baina euskal herritarrentzat berriak izango direnak, Gurrutxagaren hitzetan.
Barandiaranek adierazi duenez, euskal kantugintzari buruz mintzatzeko esparru bat sortzea da helburua aurten ere, eta, izen ematea itxita badago ere, gehitu du interesa duena ongi etorria izango dela.
EGITARAUA
- Uztailak 4, 9:30 - 11:30. Ane Ablanedo: Benito, gure emozioen alkimista.
- Uztailak 4, 12:00 - 14:00. Juantxo Zeberio: Zerk bereizten ditu Benitoren kantuak?
- Uztailak 4, 16:30 - 19:00. Itziar Navarro: Orioko bardoaren lorratzean. Benito Lertxundiren ibilbideari errepaso kantatu bat (saio praktikoa).
- Uztailak 5, 9:30 - 19:00. Imanol Artola: Benito Lertxundiren kantuak garai soziopolitikoen isla.
- Uztailak 5, 12:00 - 14:00. Iker Gurrutxaga: Benito Lertxundi Talai-Menditik Mendibeltzera.