Benito Lertxundik dituen milaka miresleen arteko bat da Juantxo Zeberio Etxetxipia (Tolosa, Gipuzkoa, 1968). Eta miretsi ez ezik, aztertu ere egin du kantaria, gogotik. Hasteko eta behin, praktikak emandako ikuspegitik egin du hori, besteak beste haren taldeko piano jotzailea izan baita mende laurdenez. Eta enkarguz ere egin du, Gotzon Barandiaranek espresuki eskatu baitzion Benito Lertxundiren 50 urteko ibilbidea sistematizatzea. Kanterri ikastaroan azaldu du Zeberiok bere azterketaren emaitza.
Lertxundik euskal kantagintzan egindako ibilbidea nekez osa liteke hitzaldi bakarrean, hain baita zabala haren ekarria. «Ertz askotatik begiratu diot, jakinda gauza asko kanpoan geldituko zirela ezinbestean», azaldu du Zeberiok ezer baino lehen. 1967an plazaratutako Zenbat gara? kantutik hasi, eta 2024an grabatutako Ez nabil ezeren bila azkenik grabatutako kantura bitartean «gertatu dena» azaltzeko asmoz, hainbat ataletan banatu du Lertxundiren ibilbidea, eta abesti zatiak entzuteko jarriz zein pianoa joz lagundu ditu bere gogoetak.
Besteak beste, Benito Lertxundiren diskografia, jasotako eraginak eta kantuen elementuak aletu ditu Zeberiok, bai eta haren soinuaren bilakaera azaldu ere, adibide zehatzen bidez. Haren kantutegia sailkatzeko metodo bat baino gehiago ere eman du, esate baterako, errepertorioko kantu bakoitza osatzen duten hitzen eta musikaren egiletzaren araberakoa. Herabe agertu da halere gai horri dagokionez: «Beste modu askotara ere sailka litezke, ziur bakoitzak bere modua duela».
Hitzen edota musikaren egiletza irizpidetzat hartzearen garrantzia adibide praktiko baten bidez ilustratu du. Zuberoako abesti herrikoietan oinarritutako kantei heldu die horretarako: «Maria Solt eta Kastero eta Txori Erresiñula herrikoitzat jotzen ditugu, eta, nola ez, Dolu gabe. Baina gutxik dakite, hemen eta Zuberoan, azken abesti horren doinua Lertxundirena dela».
«'Maria Solt eta Kastero' eta 'Txori Erresiñula' herrikoitzat jotzen ditugu, eta, nola ez, 'Dolu gabe'. Baina gutxik dakite, hemen eta Zuberoan, azken abesti horren doinua Lertxundirena dela»
JUANTXO ZEBERIOMusikaria
Sailkatzeko modua zeinahi izanik ere, garaian garaiko musika joeren testuinguruan eta Benito Lertxundik balioetsitako erreferentziekin harremanetan kokatu du Zeberiok etapa bakoitza. Konparaziora, Fernando Pessoa poeta eta Leonard Cohen musikaria aipatu ditu mugarri gisa: «Pentsamendu aldetik, barruranzko aldaketa markatzen dute Lertxundiren kantagintzan, eta aski nabarmena da hori Hitaz oroit diskotik aurrera».
Leonard Cohen musikari kanadarrarena bezain konstantea izan da beste hainbaten eragina ere, hala nola Bob Dylan kantariarena, zelta musikarena eta Zuberoako herri tradizioarena.
Taldearekin beti
Benito Lertxundik bere-berea lukeen soinua definitu nahian, hainbat gako eman ditu hizlariak. Ez Dok Amairuko lehen urteak alde batera utzi ditu lehena emateko: «Musikari profesionalok hainbat formatutan aritzen gara, kontratatzen gaituzten lekuetara egokitzeko. Benito Lertxundik ez du inoiz kontzerturik eman bere talderik gabe». Ahotsaz ere hitz egin du Zeberiok: «Geroz eta grabeagoa, sarkorragoa eta sakonagoa izan da denboran barrena». Tonuz ere gutxienez bi nota egin du behera Lertxundiren ahotsak, eta, adinak horretan ikustekorik ere baduen arren, beren-beregi bilatutako eboluzioa ere badela nabarmendu du. Tom Waits kantari estatubatuarra ere hartu du hizpide: «Askok diote gaizki kantatzen duela-edo, baina gezurra da. Waitsek kantatzen du hain justu berak kantatu nahi duen bezala, estetika hautsi horrekin jokatzen du. Lertxundik ahots zikinagoa erakutsi izan du batzuetan, hari egindako keinu moduan».
Produkzioari eta moldaketek soinuan izan lezaketen garrantziari heldu baino lehen, Lertxundiren lan egiteko modua azaldu du Zeberiok: «Hark doinua ekarri, eta taldeko musikari profesionalek abestia ondu, horixe izan da metodoa». Gaineratu du «modu koralean» egin izan dituztela moldaketak, Lertxundik «dezente zuzenduta» izanik ere. «Ez da inoiz partiturarik izan».
Lertxundi «oso leiala» dela ere nabarmendu du piano jotzaileak: «Angel Unzu, Olatz Zugasti, ni neu... Salbuespenak salbuespen, formazio bera izan du beti, eta hori ere antzeman egiten da soinuan».
Lertxundik bere kantu bakoitzari ematen dion garrantziaz mintzatu da azkenik, eta estatistika baliatu du horretarako, ahalik eta objektiboen egiteko ahaleginean: «Kantu batzuk behin baino gehiagotan grabatu ditu, eta bertsio bat baino gehiago izan dituzte, maiteagoak dituen seinale». Horren adibide dira Ekaitza, Baldorba, Gure bide galduak, Bizkaia maite eta Urrundik heldu naiz.