Oso gaztetatik galdera ugari izan zituen buruan etengabe bueltaka Eduardo Txillidak. Eskultoreak berak kontatu izan zuen hainbat aldiz egin izan zuela piper eskolan, gaur egun Haizearen orrazia dagoen lekura joan eta bere buruari olatuak nondik sortzen ziren galdetzeko. Urte askoren buruan Donostiako leku horretan ezarri zuen artistak bere lan esanguratsuena, «leku estrategiko batean jarritako hiru galdera ikur», Estela Solana museoko Obra eta Artista Saileko arduradunaren hitzetan. Txillidarengan galderak egiteak eta filosofiarako zaletasunak izan zuten eragina oinarri duen erakusketa bat jarri dute Hernaniko Txillida Leku museoan (Gipuzkoa): Txillida eta filosofiaren desafioak.
Bere burua galdekatzen «espezialista» izan zen artista; hain zuzen, etengabe galderak egite horiizan zen «haren obraren bitartekoa eta helburua», Luis Txillida museoko arduradunaren hitzetan. Hiru artista liburutan islatu zuen hori eskultoreak, eta hiru lan horiekin osatu dute erakusketa. «Liburuotan Txillida ez zen ilustratzaile aritu, pentsalari edo poeta baten laguntzaile gisa baizik», Solanaren esanetan.
Derrière le miroir. Le cosmos du fer da ikus daitezkeen liburuetako bat (Ispiluaren atzean. Burdinaren kosmosa). Zehazki, 1956an Txillidak Parisen eginiko lehen erakusketaren katalogoa da lana. Gaston Bachelard pentsalariak erakusketaren harira burdinaren inguruan idatzitako testu batek eta Txillidak eginiko estanpazioek osatzen dute katalogoa.
Martin Heidegger filosofoaren Die Kunst und der Raum da beste lana (Artea eta espazioa). Pentsalariak Txillidari deitu zion liburua osatzeko, eta eskultorearen aholkuz, formatu txikian, eskuz eta harri litografiko baten gainean idatzi zituen testuak. Haiek osatzeko, zazpi litocollage ondu zituen artistak. Heideggerrek artistarengan gerora izan zuen eraginaren lekuko, Txillidak hari eskainitako xilografia bat eta punta lehor bat jarri dituzte.
Otsailaren 21a arte zabalik
1999an New Yorkeko Art of this Centuryk argitaratutako Parmenidesen Le Poème lanaren ale batek osatzen du bilduma. Txillidak paper lodi eta zurian ondutako sei erlieberekin lagundu zuen poeta eta filosofo greko horren testua. Gai berari lotutako bestelako lan batzuk ere badira; filosofo presokratikoen omenez artistak eginiko hainbat grabitazio tartean.
Museoaren hamargarren urteurreneko ospakizunak amaitzeko eta egunotan museoak hartuko duen Ontologiaren Kongresuaren harira antolatu dute erakusketa, eta otsailaren 21a bitarte izango da zabalik.
Bere burua galdekatzen maisua zen eskultorea
Hiru artista liburuz osatutako 'Txillida eta filosofiaren desafioak' erakusketa jarri dute Txillida Lekun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu