Literatura

Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruzaren 'Paradisua eta katuak' errezitaldiaren DVD-liburua kaleratu du Pamielak

Irailaren 3an Donostian egindako emanaldiaren grabazioa jasotzen du DVDak, eta liburuak, errezitaldiko testuak.

Juan Luis Zabala
2012ko abenduaren 3a
18:49
Entzun

Bernardo Atxaga idazleak eta Jabier Muguruza musikariak beren hitzekin eta doinuekin osatutako  Paradisua eta katuak errezitaldia jasotzen duen DVD-liburua kaleratu du Pamiela argitaletxeak, litera&musika sailean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Errezitaldiko testuak biltzen dituen liburuarekin batera kaleratu den DVDak iragan irailaren 3an Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan egindako emanaldiaren grabazioa jasotzen du, Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostiako Udalak antolatutako Poesia Orduak ekimenaren baitan egina.

“Kontaera bat” da Paradisua eta katuak, DVD-liburuaren kontrazalak dioenez, tonuari eta formari erreparatuz gero askotarikoak diren testuekin osatua: ipuinak, poemak, pasate komikoak eta gogoetak. “Kontaera ez da hitzez bakarrik osatzen. Musika ere tartean da. Jabier Muguruzaren kantek zabaldu egiten dute Bernardo Atxagaren testua”.

Paradisua da, funtsean, Paradisua eta katuak errezitaldiaren gai nagusia. Katua gai zabal horren barruan zehazki zeri erreparatu erabakitzeko darabil Atxagak.

Errezitaldian, txandakatu egiten dira hitza eta musika, “pastotalen tradizioan bezala", Atxagak azaldu duenez, eta hitz errezitatua biluzik aurkezten da, atzetik inongo musikarik izan gabe.

Atxagarekin batera Paradisua eta katuak zuzenean emanez izan duen esperientziarekin oso gustura dago Jabier Muguruza, emanaldi horietan «zerbait oso berezia» sortu dela iruditzen baitzaio. «Leku askotan aurkeztua dago dagoeneko, eta guztietan zerbait harrigarria gertatu da, sintonia berezi bat sumatu dugu gure artean». Atxagaren testuek «jendeari zerbait oso-oso barrukoa ukitzen diote», Muguruzaren iritziz, eta hori da sintonia horren jatorria.

Aurretik Atxagarekin eginak zituen errezitaldiek ere —Groenlandiako lezioa, Itzultzaile bat Parisen…— «oso ondo funtzionatu zuten», Muguruzak dioenez, baina Paradisua eta katuak-ekin «zerbait magikoa» gertatzen ari delakoan dago. «DVDak hori islatzen badu, uste dut mugituko dela, barrenak ere mugituko dituela, eta oihartzun inportante bat izango duela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.