2007ko abuztuaren 18an iritsi zen Renora Atxaga, familia lagun hartuta hilabete batzuetako egonaldia egiteko prest. Orduan idatzi zuen Pamiela etxearekin argitaratu berri duen Nevadako egunak liburuko lehen pieza. "Eta duela hamabost egun idatzi nuen azkena", zehaztu du gaur goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean. Jende ugari bildu da aurkezpenera. Bazegoen ikusmina. Bazegoen jakin-mina. Besteak beste, zein liburu mota zen jakin nahi zuen jendeak. Atxagak azaldu du idazten hasterako ez zuela genero jakin bat buruan. Leku ezezagun batek pizten dituen estimulu eta jakin-minetatik abiatuta, eta haiek gogora dakartzaten bestelako oroitzapen eta sentimenduetara jauzi eginez osatu ditu liburuko pasarteak. "Aurrena, 250 pieza idatzi nituen, baina 150 geratu dira liburuan".
"Pieza heteroklitoak" dira, idazlearen hitzetan. Gai oso desberdinez idatzi du, eta oso modu desberdinean. Testuen batasuna bi ardatzen inguruan egituratu du. Testuek kronologia bat jarraitzen dute, hau da, pieza bakoitza Nevadan egindako egonaldiko egun jakin batera loturik dago. Eta, bestetik, motiboak edo "elementu errepikakorrak" daude: desertua, zaldi basatiak, edo hildako haurrak, esaterako. Gai horiek pieza bat baino gehiagotan errepikatzen dira eta ematen diote lanari koherentzia bat. Obabakoak-en "ugaritasuna" eta Soinujolearen semea-ren "trinkotasuna" biltzen ditu Nevadako egunak lanak, Atxagak berak adierazi duenez.