BERRIA Aretoak gaur amaituko du bere bidea, hiru saiorekin

Garazi Etxaburu eta Josu Eizagirreren dantza saioa, Ion Arruebarrena musikariarena eta Imanol Ituiño magoarena izango ditu azkenak

Garazi Etxaburu dantzaria gaur ariko da BERRIA Aretoan. JOSU EIZAGIRRE.
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, eta martxoaren 14an alarma egoera ezartzearekin batera, kultur ekitaldi guztiak bertan behera geratu ziren, eta Euskal Herriko kulturgileek emanaldiak antolatzeari utzi behar izan zioten. Ondorioz, sortzaileak plazarik gabe gelditu ziren. Egoera horretan, BERRIAk plaza bat zabaldu nahi izan zien: areto digital bat. Horrela, itxialdia hastearekin batera, dozenaka kulturgilek beren sorkuntza lanak zabaltzeko aukera izan zuten BERRIA Aretoan. Ordudanik 120tik gora saio eman dituzte aretoan, eta gaur izango dira azkenak: Garazi Etxaburu eta Josu Eizagirreren dantza saioa, eta Ion Arruebarrena saxo jotzailearena 10:00etan izango dira, eta Imanol Ituiño magoa eta Jon Etxabe Arzuaga kantaria, berriz, 18:00etan.

Sortzaile ezagunak eta ez hain ezagunak bildu ditu, hasieratik, BERRIA Aretoak, eta sormenaren alderdi ezberdinei ireki nahi izan die leihoa martxoaren 16 hartatik. Musika, antzerkia, dantza, zinema, bertsolaritza, magia, arte plastikoak, eskultura, literatura... kultur diziplina ugari egon dira ordezkatuak aretoan. Jon Basaguren (Izaki Gardenak) musikariak bere etxetik egindako emanaldia izan zen aurrenekoa, eta hurrengo egunean, 17an, Mikel Martinez aktoreak eta Anari kantariak parte hartu zuten BERRIA Aretoan.

[youtube]https://youtu.be/E9I1RnMuHIc[/youtube]

Orduz geroztik, musikariak (Mursego, Gorka Knorr, Eñaut Elorrieta, Eneritz Furyak, Kokein, Birkit, Maite Larburu, Rolan Garces, Morau, Gorka Hermosa, Amorante, Petti, Aguxtin Alkhat, Xabi Sansebastian, Thierry Biskari, Aitor Etxebarria, Mikel Inun, Joseba Irazoki, Estitxu Pinatxo...), bertsolariak (Jone Uria, Anjel M. Peñagarikano, Alaia Martin, Maddi Ane Txoperena, Manex Agirre...), ilustratzaileak (Eider Eibar, 4 (h)ero...), idazleak (Unai Elorriaga, Kirmen Uribe, Leire Ugadi, Patxi Iturregi, Castillo Suarez, Karlos Linazasoro, John Andueza...), aktoreak (ATX Teatroko kideak, Ramon Agirre, Olatz Beobide), dantzariak (Garazi Etxaburu, Aiert Beobide), ipuin kontalariak (Ixabel Agirresarobe), zinemagileak (Josu EIzagirre) eta kultur diziplinak uztartu dituzten beste hainbat sortzaile igaro dira BERRIA Aretoaren leihotik. Gainera, BERRIA Aretoan sortu dira beste egitasmo batzuk ere. Esaterako, Txakur Gorria taldeak egindako saioa Hizteria kolektiboa liburuaren hazi bilakatu zen. Lan hori PDF formatuan eskuragai jarri zuen gero BERRIAk.

Badira, gainera, egitasmoan behin baino gehiagotan parte hartu duten sortzaileak: Bihozkada, Eider Eibar, Mikel Martinez, Nork ostu dit apirila?, Rolan Garces, Gorka Hermosa, Keu Agirretxea...

Guztira, 127 emanaldi bildu ditu BERRIA Aretoak, eta bideo horiek 109.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.