Musika

Cate Le Bon, gorputza ibai

Katarsi baten izpiritua dario Cate Le Bon musikari eta ekoizlearen 'Michelangelo Dying' lan berriari. Zazpigarren diskoa du, hamar kantu berrirekin osatua.

Cate Le Bon musikari eta ekoizlea. H. HAWKLINE
Cate Le Bon musikari eta ekoizlea. H. HAWKLINE
itziar ugarte irizar
2025eko azaroaren 9a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cate Le Bonen lan berriko kantu baten izena da, izan, Gorputza ibai (Body As a River), baina berdin balio dezake diskoak osotasunean biltzen duen kadentzia ordezkatzeko. Maitasun haustura baten ostean ondutako kantuak dira —hamar denera— Le Bonek Michelangelo Dying (Mexican Summer-Popstock) diskoan bildu dituenak, eta, hori sormenerako motibo klasiko bat izan daitekeen arren, bestelako molde bat bilatzen saiatu da musikari eta ekoizlea, bai hitzak eta bai musika idazteko orduan. «Ez nuena nahi zen sendatzea, eta ondoren, badakizu, bizi izandako horren guztiaren gaineko kontakizun bat eraikitzea», azaldu du. «Ni disko bakoitzarekin bizipen bat izaten ahalegintzen naiz, eta hori musikara itzultzen. Eta beti daude bi fase hor: bata, esperientzia bizitzea eta denbora erreal horretan bertan idaztea; eta bigarrena, behin hortik aterata, saiatzea asmatzen kanpora begira nola adieraziko duzun idatzia izan zen hori».

Bi fase horien artekoa beti izan da «trantsizio beharrezko bat» musikariarentzat, eta «zintzotasunaren ideia» ere halaxe. 2019an, esaterako, Reward diskoa grabatu aurretik, urtebeteko atsedena hartu zuen arotz ikasketak egiteko eta bermatzeko ez zela musika «ohitura hutsez» egiten hasia. Lan haren ostean, Pompeii arrakastatsua eman zuen 2022an; Crab Day (2016) izan zen haren ibilbideari bultzada handia eman ziona; eta estudioko zazpigarren diskoa du oraingo hau, Michelangelo Dying. 

Diskoak Colette Lumiere artistaren instalazio bati zor dio iruditeria:  emakume bat ageri da, ispiluz eta oihalez betetako gela batean, eta hori izan da, Le Bonen arabera, disko berrian biltzen saiatu den sentsazioetako bat: «Mahukak jaso ditzakezu, eta zerbaiti aurre egin, eta gero atseden hartu, konpondu beharrekoa konpondu delako».

Diskoa aurten plazaratu badu ere, iaz grabatu zituen kantuak Le Bonek, lau lekutan: Los Angelesen (AEB); Hidra irlan (Grezia); Cardiffen, sorterrian  —hara bizitzera itzuli berria da—, eta azken urteetan bizileku izan duen lekuan, hau da, Kaliforniako desertuan (AEB). Inspirazio iturri nabarmentzat jo du azken hori, hain justu. «Han, sentitzen dut adin guztiak ditudala aldi berean. Berdin gertatzen zait itsasoan nagoenean, maiteminduta nagoenean edo inspiratzen nauen jendeak inguratzen nauenean».

Giro harkorrago bat

Disko berrian inguratu dutenak, hain zuzen, Euan Hinshelwood (saxofoia), Stephen Black (gitarra, perkusioa, sintetizadoreak), Dylan Hadley (bateria), Toko Yasuda (baxua) eta Paul Jones (teklatua, sintetizadoreak) izan dira; gainera, John Cale musikari mitikoak ere abestu du kantu batean (Ride).

Guztien artean, modu lurruntsu batean hasten den baina azkenerako entzulea guztiz blaitzen duen lan bat ondu dute; geruza ugariko kantuak dituena, eta, iluntasun printzak izan arren, azkenerako, nolabaiteko arintasun baten aldera erortzen dena. Pop esperimentalaren eta post-punk sotilaren artekotzat jo dute lana kritikariek, eta txalotu egin dute musika konposizioaren bide tradizionaletatik aldendu eta eremu ziurgabe batean aurrera egiteko bideak irekitzen jarraitu izana. Le Bon: «Ez dut inoiz jada egindakoan pentsatzen, ondoren egin dezakedan horretan baizik. Osasungarriagoa dela uste dut. Arintasun bat ekartzen du, harkorrago egiten zaituen askatasun bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.